Aterpe bila udarako

Aterpe bila udarako

Kattalin Barber

Nafarroan igaroko dute uda 98 haur sahararrek, Oporrak Bakean izeneko programari esker. Horietatik 18k, ordea, oraindik ez dute harrera familiarik, eta ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak dei berezia egin du familiak bilatzeko, Saharako ume errefuxiatuak etxeetan har ditzaten. Honela mintzatu da Maria Perez de Larraia, elkarte horretako kidea: “Larrialdi dei bat egin beharrean gaude. 18 familia behar ditugu aurtengo udan bi hilabetez Saharako mutiko edo neskatxa bat hartzeko”.

Haren hitzetan, oso garrantzitsua da Nafarroan egiten duten egonaldia, elikadura egokia hartu, mediku azterketak egin eta tratamendua jasotzen dutelako, besteak beste. Haurrek bestelako bizi ereduak ikusteko aukera dute proiektuari esker: “Medikuarenera eramaten ditugu, eta elikadura osasuntsua eta orekatua izaten dute. Azken finean, urteko gainontzeko hilabeteetan ez dute horrelako aukerarik, eta bi hilabete hauetan indar handia hartzen dute”.

Proiektua duela hogei urte baino gehiago jarri zen martxan , 1996an, hain zuzen ere, eta geroztik harrera familien kopuruari eutsi diote Nafarroan. “Denbora eta uda ezberdin bat igarotzeko gogoa behar dute harrera familiek”, azaldu du Perez de Larraiak. Urtez urte, ehun haur inguru etorri dira Nafarroara: “Beste leku batzuetan gogor jo du krisiak, eta nabaria izan da; Nafarroan, zorionez, elkartasun handia dago Sahararekin”.

Aurten, ordea, inoiz gertatu ez zaiena gertatu zaie. Martxoaren 31rako itxia behar zuten programa, baina, harrera familiak faltan, luzatu egin dute epea, “halabeharrez”. Horregatik, dei berezia egin du, eta familiak animatu ditu etxean haurrak hartzera: “Ez baditugu familiak lortzen, ez dira udan Nafarroara etorriko”.

Hainbat faktore aipatu ditu ANAS elkarteko kideak aurtengo harrera familien falta azaltzeko. Aurreko urteetan ez bezala, harrera familia berri gehiago behar dituzte. “Familia askok ez dute errepikatu, eta aurten atsedena hartuko dute”. Arrazoia programaren baldintzak aldatu direla izan daiteke. Orain arte, haurrak bi aldiz jarraian egoten ahal ziren harrera familiarekin, baina beste uda bat ere posible zen, familia biologikoak eta harrera familiak hala hitzartzen bazuten. “Horren ondorioz, ume askok errepikatzen zuten, eta, hortaz, haur txikienak, 10 urtekoak, ez ziren kanpalekuetatik ateratzen”. Horri irtenbidea emateko aldatu dituzte baldintzak, baina, modu berean, harrera familiak jaitsi egin dira. 10 eta 12 urte bitarteko haurrak kanpalekuetatik ateratzea da programaren helburua.

Errealitatearen lekuko

Gainera, Perez de Larraiak esan du aurten beste zailtasun bat dutela. Berriozarko Udalak utzitako pisu bat erabili izan dute udaro, begiraleentzako eta harrera familiekin egokitu ez diren haurrentzako, besteak beste. Uda honetan ezinen dute pisua erabili, eta beste bat bilatzen ari dira. “Nafarroako udalei, familiei, norbanakoei eta kolektiboei dei egin nahi diegu, erabiltzen ez duten etxe edo pisua utz diezaguten”.

Urtero joan ohi da Perez de Larraia Afrikara, bi arrazoirengatik: haien errealitatea bertatik bertara ezagutzeko, eta laguntza zuzenean emateko. Jakinarazi du sahararrak oso pozik daudela programarekin, eta haurrek asko gozatzen dutela. “Nafarroara edo beste edozein tokira etortzeko desiatzen daude familia guztiak, baita haurrak ere”, dio. Hango bizi baldintzak ez dira egokienak, haren ustez. Desertuan bizi dira, eta ume sahararrek desertuko udako tenperatura altuak (50 gradutik gora) ere saihestu ahal izanen dituzte Oporrak Bakean programari esker.

Perez de Larraiak ongi ezagutzen du hango egoera. Ez bakarrik bertara urtero joaten delako, baizik eta bere gurasoek ere Saharako haurrak hartu dituztelako etxean, txikia zenetik. 1998. urtean hasi ziren, eta bost urtez jarraian izan dituzte haur sahararrak Zangozan. Orain, Larraiak berak hartu du bere gurasoen lekukoa, eta joan den urtetik haurrak hartzen ditu etxean. Hain zuzen ere, bere gurasoek hartu zuten lehen haur sahararraren alaba izan zuen etxean iaz, eta baita aurten ere. “Berezia izan da, baina azken urtea du hau, 12 urte baititu”.

Haren hitzetan, Oporrak Bakean programa herrien arteko elkartasun eta senidetasun zubi bat da. Ekainaren amaieran iritsiko dira haurrak, eta abuztuaren amaieran itzuliko dira. Bi hilabete horietako esperientzia oso aberasgarria dela nabarmendu dute elkarteko kideek. Parte hartu nahi dutenentzat, prest dituzte asociacionanasnavarra@gmail.com helbidea eta 680 26 80 21 telefonoa, argibideak emateko.