Artea eta euskara, oinez

Artea eta euskara, oinez

Kattalin Barber

Hilabeteak falta dira Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez festa ospatzeko. Bidea hasi du Sakanako ikastolak, halere, eta dagoeneko ireki dute Nafarroa Oinez festaren barruan urtero antolatzen den Artea Oinez erakusketa. Heldu den maiatzaren 5era arte egonen da ikusgai. 74 artistak euskararen alde jarri dituzte beren lanak Iruñeko Kondestablearen jauregian; Nafarroa Oinez ez baita egun bakarreko besta. Aurten, Altsasuko Dora Salazar artista omendu nahi izan dute erakusketaren bidez.

Artea Oinez erakusketan askotariko artista, belaunaldi eta estiloak daudela nabarmendu du Ione Areta Nafarroa Oinez festako koordinatzaileak: “Ibilbide luzeko artisten artelanak bildu ditugu, bai eta hasiberrienak ere”. Diziplina ugaritako lanak bildu dituzte, eta, aurten, gainera, Sakanako artisten eta emakumezkoen lanek garrantzia hartu dute erakusketa ibiltarian. Hain zuzen ere, hamasei artista eskualdekoak dira, eta horietatik hamabi, berriz, emakumeak. Horien artean daude, besteak beste, Itxaso Altzelai, Jose Ramon Anda, Koldo Arnanz, Garbiñe Berastegi, Ana Goikoetxea, Asun Goikoetxea, Itziar Nazabal, Mikel Okiñena, Maider Perkal eta Bidatz Razkin artistak.

Hainbat hizkuntza eta teknika biltzen ditu erakusketak, Euskal Herriko artearen ispilu. Arteak ere, gero eta gehiago, euskaraz mintzatu nahi duelako, eta horren adierazle dira Iruñeko Kondestablearen jauregian paratu dituzten artelan guztiak. “Batzuek urtero bat egiten dute Artea Oinez ekinaldiarekin, eta haien obrak ematen dizkigute; urtero berriak ere gehitzen dira”, azaldu du Aretak. Horregatik, esan daiteke euskal arte garaikidearen argazki orokor bat dela erakusketa. Bizi da aurtengo Nafarroa Oinez jaiaren leloa, eta erakusketa “are biziagoa” da, Aretaren hitzetan. “Oso ikusgarria da, erakargarria eta askotarikoa”. Erakusketa ondoko artelanek osatzen dute, hain zuzen: hemeretzi eskulturak, sei argazkik, 27 pinturak, hainbat teknikaren bidez egindako hamalau grabatuk, eta teknika mistoetan egindako bederatzi lanek.

Urtero, Euskal Herriko artista bat omentzen du erakusketak, eta aurten Dora Salazarri eskaini nahi izan diote beren aitortza ikastolek. Bilbon bizi den arren, altsasuarra da Salazar, eta herrian dauka, oraindik ere, lantegia. Ibilbide luzeko artista da, eta erakusketa ugaritan parte hartu izan du; halaber, sari asko jaso ditu.

“Salazarren eskultura lanek nahiago dituzte espazio publikoak, nahiz eta haren ekoizpenaren puska handi bat askoz ere delikatuagoa eta intimistagoa den, barruko espazio baten babesa eskatzen duten materialez egina”, idatzi du Josu Reparaz erakusketaren komisarioak katalogoan. “Haren sorkuntzetan bestelako izaki etereoak, lurtarrak, aireko zein itsasoko izakiak agertzen dira, baita giza gorputzaren interpretazio klasikoagoak ere, mugimenduarekin, dantzarekin, hiriekin eta hiritarra den horrekin lotuta”, gaineratu du. Erakusketaren sarreran jarri dituzte haren bi obra: “Artistaren garapena irudikatzen dute”. Bere ibilbidean, gai askoren artean, pisu berezia dute emakumearen inguruko gaiek.

Omenaldiaren nondik norakoak argitu ditu Aretak, eta nabarmendu nahi izan du artistak “betidanik” ikastolekin eta Nafarroa Oinez-ekin izan duen “konpromisoa”. Horrez gain, bere lan artistikoaren maila goraipatu du. Hark ez ezik, emakume ugarik parte hartu dute erakusketa kolektiboan.

Arte plastikoen bidez Nafarroako euskarazko hezkuntza laguntzea da Artea Oinez egitasmoaren helburua: “Euskal artearen erakusleihoa izan nahi du. Euskal Herrian sortzen den artea aldarrikatu nahi dugu, eta, artistei erakusleiho bat eskaintzen diegun bitartean, euskara eta ikastolak bultzatzen ditugu”, esan du Aretak. Azken finean, artea eta euskara bultzatzea da xedea.

Erakusketa ere, oinez

Oinez ibiliko da erakusketa bera ere. Maiatzaren 5era arte egonen da erakusketa Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta hortik Altsasura eginen du bidea, gero: herriko Iortia kultur etxean egonen da maiatzaren 11tik ekainaren 1era. Erakusketan ikusgai dauden artelanak erosteko aukera dago. “Artelan batzuk saltzen dira, eta bigarren erakusketara lan gutxiago iristen ohi dira”, azaldu du Aretak.

Koordinatzailearen hitzetan, Artea Oinez erakusketa “arrakastatsua” izan ohi da. Bigarren urtea izango du Kondestablearen jauregian: “Aurretik Iruñeko Ziudadelan egin da, eta bisita gehien jasotzen zuen erakusketa zen. Kondestablean ezin dugu zenbatu, baina argi dugu artisten artean eta euskal komunitatean errotutako proiektua dela”.

Urteak dira erakusketa antolatzen dutela; 1990eko hamarkadan egin zuten lehendabiziko aldiz, hain zuzen ere. 2000. urtetik, berriz, egungo formatua hartu zuen.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku