Herri boterearen eraikitzaileak

Edurne Elizondo

Lurra defendatzeagatik hil zuten Berta Caceres, Hondurasen, 2016ko martxoan. Aurtengo martxoan hil dute Marielle Franco LGTBI kolektiboaren aldeko ekintzaile feminista, Brasilen. Ez dira kasu bakanak. Herrialdeotako giza eskubideen defendatzaileak zalantzan jartzen duten boterearen jomugan dira. Nikaraguan, azken egunotan, 25 pertsona hil dira gizarte segurantzaren erreformaren aurkako protestetan. “Lotsagarria da bakeaz eta batasunaz hitz egiten duen gobernu batek erraten duenaren aurkakoa egitea, hain justu. Sandinismoa ez da jada 1980ko hamarkadan izan zena. Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren ingurukoak dira gure herriko oraingo aberatsak”.

Evelyn Floresenak dira hitzak. Nikaraguako giza eskubideen defendatzailea da, Giza Eskubideen Defendatzaileen Erdialdeko Amerikako Ekinbideko kidea. Zehazki, emakumeen giza eskubideen alde egiten du lan sorterrian. Iruñean izan da, Mexikoko Sandra Lorea eta Kolonbiako Alexandra Bermudez ekintzaileekin, herrion errealitatearen berri zabaltzen. Chiapasen aritzen da Lorea, indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin; Bermudezek, berriz, lurraren eta ingurumenaren aldeko lana egin du Kolonbian. Sorterritik kanpora eraman du konpromiso horrek, hain zuzen ere. “Etxean sartzen hasi ziren; gu jarraitzen, alabaren haur eskolako argazkiak egiten, mehatxatzen. Nik ez nuen alde egin nahi, argi nuelako egiten nuena bidezkoa zela, baina inguruko guztiek eskatu zidaten herritik ateratzeko, geldituz gero hilko nindutelako. Gogorra izan zen. Nik ez nuen joan nahi. Estatua nuen atzetik, ordea”.

Kosta egiten zaio egoerak eragin dion amorrua eta tristura bazter uztea Bermudezi. Errioxara (Espainia) joan zen Kolonbiatik lehendabizikoz atera zenean. Herrira itzuli zen 2016ko urrian, urtebete kanpoan egon eta gero. “Egoerak hobera eginen zuela uste nuen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Gure kontrako jazarpena ez zen eten”. Berriz alde egin behar izan zuten, eta Nafarroan bizi da orain familia.

Hemendik lanean jarraitzeko gogoz da Bermudez, halere. Floresekin eta Lorearekin egindako mahai ingurua baliatu du horretarako. Batetik, hemen bizi direnei argi erran die hegoaldeko herrietan gertatzen denaren ardura zati bat dutela. “Ezin dugu ahaztu iparraldeko herrien bizitzeko moduari eusteko hegoaldeko herriak suntsitzen dituztela, beren baliabideak ateratzeko. Baliabide horiek iparraldeko herrientzako salgai bilakatzen dira, eta miseria, pobrezia eta indarkeria baino ez dute uzten hegoaldean”. Bertzetik, hemen bizi direnei eskatu die sala dezatela Kolonbian, Mexikon, Nikaraguan eta bertze hainbat herritan gertatzen dena; sufritzen duten zigorgabetasuna eta egiturazko indarkeria.

Hainbat datu jarri nahi izan ditu Bermudezek mahai gainean bere herriaren egunerokoa azaltzeko: 7,3 milioi pertsona mugitu direla herriko toki batetik bertzera, adibidez, gatazka armatuak iraun duen 50 urteetan. 2016ko azaroan, bake akordioa sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARCek. Erreferenduma egin zuten, herritarrek hitzartutakoa berresteko, baina ezezkoa nagusitu zen. “Geroztik, Habanako akordioan jasotako neurri anitz bazter gelditu dira, bertzeak bertze, nekazariek lurrak berreskuratzeko bidea zabaltzen zutenak”.

Akordioa sinatu zenetik, giza eskubideen defentsan ari ziren 317 pertsona hil dituzte Kolonbian. “Nire kideak ziren”, erran du Bermudezek, saminez. “Giza eskubideen defendatzaileentzat Honduras da herririk arriskutsuena, eta Kolonbia bigarrena; munduko hilketen %30 nire herrian gertatzen dira”. Une honetan 15.000 preso politiko badirela erantsi du giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Lurraren eta ingurumenaren defentsarekin lotutako borrokak daude boterearen jomugan, Bermudezek salatu duenez. Kanpotik baliabideak eramatera ailegatzen diren enpresen jarduera ongi ezagutzen dute Nikaraguan ere. “2014an herriko konstituzioa aldatu zuten, legez ahalbidetzeko Txinako enpresa batek ozeano arteko kanal bat eraikitzea”, erran du Evelyn Floresek. “Legez onartu da enpresa horrek zerga bakar bat ere ez ordaintzea ehun urtez”, salatu du. Kanalak zeharkatuko lituzkeen lurrak suntsituko lituzkeela nabarmendu du.

Sandinistek 1990ean galdu zuten boterea, Nikaraguan, baina 2007tik gobernuan dira berriz. “2011ko eta 2016ko hauteskundeetan iruzur egin zuten”, salatu du Floresek. “Gora egin dute, nabarmen, desoreka ekonomiko eta sozialek, bai eta generoarekin lotutakoek ere. Herritar anitzek ez dute bizitza duin bat izateko baliabide nahikorik”.

Baztertuen aldeko jarrera hartu du Floresek, argi eta garbi. Bereziki, emakumeen alde. Herritarrak deitu ditu giza eskubideen defendatzaile bilakatzera. “Nire nortasunaren parte da defendatzailea izatea”, azaldu du. Erantsi du ez dela gauza bera giza eskubideen gizon edo emakume defendatzaile bat izatea: “Gizonek sufritzen ez dituzten indarkeria mota batzuk sufritzen ditugu emakumeok”.

Marichuy fenomenoa

Zigorgabetasunaren eta egiturazko indarkeriaren aurrean, herri boterea jo dute helburutzat Floresek eta Bermudezek. Mexikoko ekintzaile Sandra Loreak ere argi du bidea hori dela. “Hauteskundeak izanen ditugu uztailean; ez dio axola nork irabaziko duen, ordea. Hauteskundeek ez dute deus aldatuko; guk aldatu behar dugu gure errealitatea”.

Loreak nabarmendu du mezu hori zabaldu duela Marichuy Patriciok. Mexikoko presidentetzarako hauteskundeetan hautagai independentea izaten saiatu da, baina ez du lortu behar zuen gutxieneko sinadura kopurua. “Gobernurako Indigenen Kongresuko hautagaia zen. Ez du aurkeztea lortu, baina herriz herri zabaldu du bere mezua, eta lortu du herritarren artean herri botere hori aktibatzeko mugimendu bat sortzea”, nabarmendu du Loreak.

Mexikoko giza eskubideen defendatzaileak erantsi du herriz herri sortu direla, adibidez, udaletako hauteskundeetarako hautagaitza independenteak aurkezteko ekinaldiak. Bi atentaturen biktima izan da Marichuy Patricio, eta hainbat istripu izan ditu, gainera, herriz herri egin duen biran. “Marichuy fenomenoa piztu du emakume horren lanak, eta ekarri digu aldaketarako itxaropena”, erran du Loreak, harro.

Aldaketaren beharra nabarmendu du giza eskubideen defendatzaileak, hain zuzen ere. Mexikoko herritarren egunerokoa ez delako batere erraza. “Herri osoko natur baliabideak erdiaren esku daude, eta, aldi berean, Mexikon ditugu pobrezia tasarik handienetakoak. Indarkeria eguneroko kontua da, eta egunero urratzen dira giza eskubiderik oinarrizkoenak”.

Kolonbian edo Nikaraguan bezala, enpresa transnazionalen hamaika proiektuk mehatxatzen dute Mexikoko ingurumena ere. “Gure lurra suntsitzea ekarriko lukete proiektu horiek, eta orain pobre direnak are pobreago bilakatzea”.

Errealitate horrek bertze hainbat subjekturen agertzea ekarri duela erantsi du Loreak: gobernuaren eta enpresen botereari aurre egin nahi dioten aktoreak, alegia. “Aktore sozialak martxan jarri dira auzo eta herrietan, indigenen komunitateetan. Toki horietan dago, finean, giza eskubideen aldeko borroka”.

“Guk aldatu behar dugu gure errealitatea, behetik hasita; bertzela jai dugu. Bertze inork ez du eginen”, berretsi du Loreak. Bereziki egin die so Mexikoko emakumeei, eta betetzeko duten rola nabarmendu du. Emakume zapatistek berriki egindako topaketa batean zabaldutako mezua ekarri du gogora Loreak: “Emakume zapatistek ozen erran dute nahi dutela beren alabek, emakume gazteek borrokan jarraitzea; borrokan eta bizirik”.

Emakumeen ondoan lanean eman ditu Loreak azken 23 urteak. “Askatasuna eta berdintasuna lortzeko bidean lagundu nahi ditut”, erran du. Giza eskubideen defendatzailetzat jo du bere burua. Giza eskubideen defendatzaile dira Evelyn Flores eta Alexandra Bermudez ere. Beren herriak esplotatzen dituzten enpresen eta gobernu ustelen aurka. Herri boterearen alde.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku