Errege izan nahi, baina ezin

Errege izan nahi, baina ezin

Kattalin Barber

Ez da Vianako printzearen «ohiko» biografia bat. Hori nabarmendu du Mikel Zuza idazle, historialari eta liburuzainak, Pamiela argitaletxearekin plazaratu berri duen Principe de Viana: el hombre que pudo reinar liburuari buruz. Azaldu du Karlos IV.a Vianako printzearen (1421-1461) hamaika biografia daudela, baina bereak «ikuspegi berri bat» eskaintzen diola irakurleari

Paueko Artxibategian (Okzitania) aurkitutako hainbat dokumentu hartu ditu oinarri, hain zuzen ere, eta agiri horiek bilakatzen dute berezi Zuzaren lana. “Mikel Ramosek eman zidan dokumentuen berri, eta orduan argi izan nuen ez zela ohiko biografia bat izanen”, onartu du Zuzak. Pauen, zehazki, Vianako printzearen aurkako 87 salaketa aurkitu ditu.

Historia ikerketetan garaiko fakturak eta liburu-kontuak izaten ohi dira informazio iturri nagusi, eta “zaila” da bestelako informazioa aurkitzea: “Baina fakturetan ez dago ez sentimendurik ezta emoziorik ere”, esan du Mikel Zuzak. Aurkitu dituen agiriak, halere, beste mota batekoak dira: salaketak, beaumondarren aurkako agramondarren 87 salaketa, hain zuzen ere. “Printzearen aurkako 87 kexa dira, bere aita Joan II.aren jarraitzaileek egindakoak”, zehaztu du. Nafarroako Erresumako ondorengotza auzian zegoela, agramondarrek Joan II.a Trastamarakoaren alde egin zuten eta beaumondarrek, berriz, Karlos IV.a Vianako printzearen alde.

Salaketa horiekin guztiekin osatu du Vianako printzearen biografia Zuzak, eta haren bizitzako “pasarte garrantzitsuenak” kontatu ditu: bere ama Nafarroako Blanka I.a 1441. urtean hil zenekoa, bere aita Joan II.ak koroa ukatu zionekoa, eta 1456. urtean erbesteratu zen artekoa. “Nafarroan egon zen guda zibila baino lehen hasten da liburua, eta Vianako printzeak Nafarroarekin zuen lotura islatzen da”. Izan ere, ia bizitza osoa eman zuen printzeak Nafarroan: 40 urte bizi izan zen, eta, horietatik 34, hain justu, Nafarroako Erresuman eman zituen.

Hain zuzen ere, Nafarroako erregea izan behar zuen printzeak, baina aitarekin izan zituen liskarren ondorioz, ez zuen inoiz lortu errege koroa. Aita-semearen arteko harremanak erabat gaizkitu ziren. “Bere aitak inoiz ez zuen koroa askatu, eta horren eraginez amaitu zen Nafarroako Erresuma”.

Joan II.a oso gogorra eta autoritarioa izan zela esan du historialariak: “82 urte bizi izan zen, orain norbaitek 210 urte izatearen parekoa da adin hori”. Printzea Nafarroako erregea izateko hezi zuten, baina ez zuen inoiz koroa jasotzeko aukera izan. “Aitak ez zion inoiz utzi; amak, berriz beti semearen alde egin zuen”, erantsi du idazleak.

Haatik, Nafarroako Blanka I.a hil zenean, Joan II.a Juana Enrikezekin ezkondu zen, eta haien arteko seme Fernando Katolikoak jantzi zuen aginte koroa. “Argi dago beste familiari eman nahi ziola koroa. Finean, Nafarroa ez zitzaion batere inporta erregeari”.

Hala ere, Zuzak nabarmendu nahi izan du Vianako printzeak “azken momenturaino” egin zuela borroka “bere eskubideen alde”. “Esan ohi dute Vianako printzeak inoiz ez ziola bere aitari aurre egin, baina liburuan ikus dezakegu bide guztiak erabili zituela Nafarroako tronua defendatzeko”, gaineratu du.

Txikitatik maite izan du Zuzak Vianako printzea pertsonaia gisa. “Ez dakit zergatik, baina beti izan da niretzat kutunena”, esan du. Nafarroako historiako “sinboloa” izan da printzea: “Galdu besterik ez zuen egin, aberastasunik ere ez zuen izan, eta, hala eta guztiz ere, jarraitzaileek zintzo segitu zuten beti haren ondoan, pertsona ona izan zen seinale”.

Aitari buruzko antzezlana

Aita-semeen arteko harreman txarra islatzen da dokumentuetan, eta horien artean Vianako printzeak bere aitari buruz egin zuen antzezlana gogoan du Zuzak: “Bere aita iraintzeko antzez lana izan zen”. Jakina denez, kultura maite zuen; literatura gustukoa zuen, eta irakurri ez ezik, printzeak poesiak idatzi ere egin zituen. Haren lan aipagarriena Crónica de los reyes de Navarra historia-liburua izan zen. 1843. urtean argitaratu zuten, Yanguas y Miranda historialariak zuzenduta eta osatuta, hain zuzen ere. Aristotelesen Etika ere gaztelaniaz eman zuen. “1449. urtekoa da antzezlana, eta Tafallan egin zuten emanaldia; estatuko lehen antzezlana izan daiteke, ez direlako aurrekaririk ezagutzen”, azaldu du.

Beste ondorio batera iritsi da Zuza, liburua osatzeko egin duen ikerketaren bidez: Nafarroako gortea ez zela batere “aspergarria” izan, alegia. “Esan ohi dute Nafarroako gortean ez zela ezer gertatzen, baina liburuan guztiz kontrakoa islatzen da: hamaika abentura zeuden gortean garai hartan”.

Horrez gain, uste du liburua garrantzitsua dela Vianako printzearen “beste ikuspuntu bat” agertzen delako: “Nafarroaren alde egin zuen beti printzeak, historia ofiziala baztertuz”. Ustez, tuberkulosiak jota hil zen Vianako printzea, 1461. urtean, baina pozoitu zutela ere esan izan da. “Ez pentsatu horren ideia zentzugabea denik; Joan II.aren aurka egin zuten guztiak hil ziren”. Vianako printzea berriro ezagutzeko aukera gordetzen du Zuzaren liburuak. Errege izan nahi eta ezin izan zuenari buruz.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku