Historiak bazter utzitako kontakizuna

Historiak bazter utzitako kontakizuna

Kattalin Barber

Hatshepsut, Enheduanna, Makeda, Iliria Teutakoa, Teano Krotonakoa, Carmenta eta Aspasia Miletokoa. Antzinateko eta historiaurreko emakumeak dira: irakasleak, piratak, matematikariak, emaginak, filosofoak eta erreginak, besteak beste. Haiei buruz, ordea, gutxi dakigu Monica Revenga diseinatzaile grafikoaren ustez. Egoera irauli nahi du: Siempre estuvimos aquí, siempre fuimos guerreras liburua prestatzen ari da, emakume horien bizitzak “ahanzturatik memoriara” pasa daitezen.

Historiaurrean eta antzinaroan zein izan zen emakumeen zeregina? Zergatik izan dira ezagunak orduko gizonak bakarrik? Galdera horiek izan ditu abiapuntu Revengak, historiako emakume gerlariak ezagutzera emateko.

Ez dago bakarrik, proiektu kolektiboa baita liburua. 26 pertsona aritu dira historiaurreko emakume horien bizitzak idazten eta ilustrazioak egiten. “Mimoz eta eskuz egindako lana da”, azaldu du Revengak. Garai bakoitzean jazotako gertaerak abiapuntu hartuta, egile bakoitzak bere “ikuspuntua” eman du. “Hainbat historialarik eta arkeologok ere lagundu digute narrazioetan”. 120 orri inguru izanen ditu liburuak. Finantzaketa kolektiboaren alde egin du Revengak. Bihar arte bada laguntzeko aukera.

Aspaldikoa da liburua egiteko ideia. Institutuan zegoenean konturatu zen Revenga emakumeak eskola liburuetan ez zirela agertzen, eta hausnarketa horren fruitua izan da antzinako emakume gerlarien bizitzak biltzea: “Nork idazten ditu liburuak? Nor dago edukien atzean? Beharrezkoa da historia berrikustea eta falta zaigun informazioa berreskuratzea”.

Historiaurrea eta antzinatea genero ikuspuntutik “iraultzeko” asmoa izan du Revengak, eta 26 pertsona izan ditu ondoan Siempre estuvimos aquí, siempre fuimos guerreras liburuko istorioak harilkatzeko. “Harremanetan jarri nintzen interesa izan zezaketen pertsonekin, eta ahoz aho osatu dut sarea”, azaldu du diseinatzaileak.

Historiaurreko eta antzinateko dokumentazioa eskasa da, eta ikerketa lan handia egin dute idazleek. Carmen Lopezek, esaterako, Carmenta emakumeari buruzko istorioa idatzi du. Irakasle erretiratua da iruindarra, eta bat egin zuen proiektuarekin ezagutu zuen une berean. “Beharrezkoa iruditzen zait, alde batetik, elkarlanean egindako liburua delako, eta, bestetik, oso beharrezkoa delako emakumeen memoria berreskuratzea, gure memoria berreskuratzea”.

Kristo aurreko VII. mendekoa da Carmenta. Grezian sortu zen, eta emagina zelako da ezaguna. “Ikertzen hasi nintzenean, konturatu nintzen greziar mitologiako pertsonaia zela, baina balio digu arketipo bat delako: sinbolikoki emakume askoren bizitza irudikatzen du”. Lopez gustura aritu da historian arakatzen: “Emakumeok indarra dugu, eta gurea erresistentziaren historia da, bai eta erresilientziaren historia ere. Gerlariak gara”.

Aspasia Miletokoa

Mari Jose Perezek Aspasia Miletokoaren bizitza idatzi eta ilustratu du. Lopezi bezala, zaila egin zaio informazioa aurkitzea, eta hari askotatik tira egin behar izan du, emakumeak historiaren sustraietan kateatuta ez dauden seinale. “Liburutegietan zerbait aurkitu dut, baina dena dago gordetegian, ezer ez ikusgai”. Gutxika-gutxika osatu du emakumearen historia: Atenasen jaio zen, Kristo aurreko 470. urtean, eta Perikles politikaria izan zuen senar Aspasia Miletokoak. Besteak beste, filosofoa eta ginekologoa izan zen. “Periklesen diskurtsoak idazten zituen, demokraziaren defendatzaile sutsua izan zen, eta Sokratesen irakaslea, besteak beste. Emakume jakintsua, polifazetikoa eta gerlaria izan zen”, azaldu du Perezek.

Argia ikusi nahi dute Aspasia Miletokoaren eta Carmentaren istorioek, bai eta historiaurreko eta antzinateko beste bost emakumeren bizitzek ere. Horretan ari dira Monica Revenga eta beste kideak lanean.

Irudia: Monica Revenga