Memoriarekin hegan egiteko

Edurne Elizondo

Agapito Galindok hegan egiteko gai zela amets egin zuen, Ezkabako gotorlekuan preso izan zutenean. “Ametsen bidez, ihes egiten zuen, hegan, gotorlekuko harresien gainetik”. Galindoren omenezko poema irakurri du Txinparta elkarteko Koldo Plak, Nafarroako Parlamentuan. Ezkabako gotorlekuari buruzko Lur azpitik, lur-azaleratuz izenburuko erakusketa inauguratu dute erakunde horretan. Txinpartak eta Aranzadik antolatu dute, elkarlanean, eta hilaren 31ra arte egonen da ikusgai.

Ez da bakarra. Nafarroako Gobernuak ere Ezkabako gotorlekuko memoria berreskuratu nahi izan du, egunotan, Ezkabako ihesaldiaren 80. urteurrena beteko denean. 1938. urteko maiatzaren 22an, 795 presok ihes egin zuten espetxe frankista bilakatutako gotorlekutik. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea, ordea. 206 preso tiroz hil zituzten harrapatu zituzten toki berean. Bertze hamalau, berriz, 1938ko abuztuaren 8an fusilatu zituzten. Ezkaban egondako guztiak omendu nahi dituzte bi erakusketek. Eta ez ziren gutxi izan. “Denera, 7.000 inguru”, erran du Plak.

1934. urtean ailegatu ziren lehendabiziko presoak Ezkabako gotorlekura. 1936ko otsailera arte, 800 hartu zituen espetxeak. Hilabete horretan, gotorlekuko bizi baldintza gogorrek eragindako eztabaidaren ondorioz, denak atera ziren, amnistia baten bidez. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, frankistek erabili zuten eraikina espetxe gisa.

Baldintzek ez zuten hobera egin. Ezkaban egondako presoek paretetan idatzitako mezuen bidez eman zuten beren aldarrien berri. “Hotza, gosea eta zikinkeria. Horiek ziren nagusi. Botikarik ez zen, gainera, eta preso anitz gaixotzen ziren”, gogoratu du Plak.

Gotorlekuaren ondoko hilerrian lurperatu zituzten hildako preso anitz. Botilen hilerria erraten diote, presoen hilotzekin batera, hildakoen informazioa biltzen zuten botilak ere sartu zituztelako frankistek hobietan.

Ezkaba Proiektua

Botilak hartu ditu parlamentuan zabaldutako erakusketak Ezkabako memoriaren ikur; Nafarroako Gobernuak Iruñeko Planetarioan zabaldu duenak ere iragana, oraina eta etorkizuna lotzeko tresna bilakatu ditu ontziok. Gobernuak Ezkaba Proiektua izenburuko ekinaldiaren barruan antolatu du planetarioko erakusketa. Gazteenen artean eman nahi du Ezkaban gertatutakoaren berri, bereziki. Gobernuak, hain zuzen ere, Memoria duten eskolak ekinaldia jarri du abian, memoria ikastetxeetan lantzeko. Lan horren berri jaso du planetarioko erakusketak ere.

Protagonista nagusiak Ezkaban preso izan zituzten guztiak dira, halere, Iruñean gotorlekuari buruz egunotan bisitatzen ahal diren bi erakusketetan. Presoak, bai eta haien inguruan sortutako elkartasun sareetan aritu ziren guztiak ere. Sare horietan emakumeak izan ziren nagusi, hain zuzen ere. Espetxe barruko eta kanpoko errealitateen arteko zubi lana egin zuten emakumeok, eta haiek ere sufritu zuten, anitzetan, frankisten errepresioa.

Ezkaban preso egondakoen senideen esku dago orain gotorlekuan hildakoen memoria. Azken urteotan, Nafarroako Gobernuaren bultzadarekin, Ezkabatik ihes egindako hainbaten gorpuak atera dituzte lur azpitik. Bertze familia anitzek bila jarraitzen dute. Txinparta elkarteko buru Victor Orozek erakundeen eta memoriaren esparruan lanean ari diren elkarteen arteko elkarlana jo du jarraitu beharreko bide gisa. “Gu lanean jarraitzeko prest gara, baina gobernuari dagokio legez jasotakoa betearaztea”.

Bat egin du Nafarroako Parlamentuko buru Ainhoa Aznarezek ere. Memoria lantzeko eta biktimen ondoan egoteko beharra nabarmendu du. Frankismoaren errepresioa zuzenean sufritu du Josefina Lambertok. Larragan hil zizkioten aita eta 14 urteko ahizpa. Parlamentuan egon nahi izan du, erakusketaren inaugurazioan. Memoria bizia da Lamberto. 89 urte ditu, eta Vicente Lamberto aitaren bila jarraitzen du.

Hilaren 22an, Ezkabako gotorlekuan du memoriak hurrengo ekitaldia. Urtero bezala, omenaldia eginen die Txinparta elkarteak han preso izan ziren guztiei, eta, bereziki, 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zutenei. 12:00etan eginen dute, gotorlekuko atearen aurrean. Hilaren amaierara arte, parlamentuan jaso dezakete herritarrek han gertatu zenaren berri. Planetarioan, berriz, ekainaren 15era arte egonen da gobernuak antolatutako erakusketa. Memoria zabaltzen. Egiten.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku