“Komunitatea batzea da Sortzen jaiaren helburua”

“Komunitatea batzea da Sortzen jaiaren helburua”

Edurne Elizondo

“Ez da erraza”, aitortu du Sortzen elkarteko arduradun Sergio Iribarrenek (Iruñea, 1978), Sortzen jaia prestatzeko lanari buruz. Halere, 22. aldiz ospatuko dute igandean, 10:00etan hasita, Iruñeko Antoniutti parkean. “Auzolan erraldoi bat da”, erran du Iribarrenek. Bestaz eta esku artean dituzten erronkez mintzatu da. Kezka agertu du euskararen aurkako erasoengatik.

Zein da igandeko bestaren helburua?

Gure komunitatea batzea. Sortzen elkartean bat egiten dugu, batez ere, D ereduko guraso elkarteek, eta, hainbat herritan, eskola osoek. Gure helburua beti izan da hezkuntza komunitate osoa elkarlanean aritzea. Jaiaren 22. aldia ospatuko dugu aurten, eta elkartzeko beharrak sortu zuen, hain zuzen.

22 urteotan izan da aldaketarik?

Uharten eta Sarrigurenen jai oso handiak antolatu genituen, eta iaz oinarrietara itzultzeko beharra ikusi genuen. Jai handiak izan ziren bi horiek, baina pixka bat desitxuratu zirela ere uste dugu. Hasierakora itzuli nahi genuen; guk egindako jai bat izatea, eta guretzat. Ateak zabalik izanen dira, noski, baina koherente izan nahi dugu helburuekin eta gure filosofiarekin. Jai giro batean irudikatu nahi dugu amesten dugun eskola.

Lehen, urtero eskola batek antolatzen zuen besta; iaz eta aurten, denon artean ari zarete. Komunitatea batzeko?

Bai. Eta onartu behar dugu zaila dela. Iruñerriko eskolak ari gara, batez ere. Denen arteko gauza bat dela barneratzea zailagoa da, ahalegin bat eskatzen du. Baina erronka polita ere bada: egun osoko auzolan erraldoi bat da, finean.

EgunOn leloa hautatu duzue. Hezkuntzaz haragoko mezua zabaldu nahi duzue?

Bai. Mezu zabalago bat da. Eskolak auzoetan eta herrietan daude, eta tokian tokiko egoerak eragiten die. Kanpoan gertatzen denak badu eragina eskoletan. Ikasturte hasieratik argi genuen euskararen erabileraren alde egin nahi genuela. Gure eskoletan gero eta familia euskaldun gehiago dago, baina badira euskaldunak ez direnak ere. Egun on esatea, ordea, oso erraza da. Lehen hitza euskaraz esatea bultzatu nahi dugu. Hitz horiekin, gainera, gogoratu ahal izan dugu Martzillako alkate Mario Faboren jokabidea, ikasturte hasierako ekitaldian nahiago izan baitzuen ingelesez hitz egin, egun on esan baino.

Euskararen aurkako mezuak ohiko bilakatu dira oposizioko taldeen artean.

Ez da bakarrik Iruñean eginen duten manifestazioa. Hori anekdota hutsa izan daiteke. Baina gogoratu behar dugu Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren garaiak ere nolakoak izan ziren. Argi izaten genuen ikasturtea hasi bezain pronto D ereduaren aurkako kanpaina bat etorriko zela. Beti egon behar genuen erantzuteko prest. Orain, gobernuaren aldaketarekin, aldatu egin da hori. Erantzuten baino gehiago, eraikitzen ari gara. Halere, Euskararen Legearen aldaketaren ondorioz D eredua sare publikoan lortu duten herrietan bada kezka.

Euskaraz ikasteko aukera galtzeko kezka?

Bai. UPN itzultzen bada D eredua galduko ote duten beldur dira. Egunero ari dira UPNtik eta PSNtik esaten itzultzen badira euskararen alde hartzen ari diren neurri guztiak zaborrontzira botako dituztela. Hori da larriena. Ez dakit gorroto delitu deitzen ahal zaion, baina, azken hiru urteotan, euskararen aurkako mezu oso gogorrak zabaltzen aritu dira. Nafarroako jendarte osoaren aurka ari dira, eskubideez ari baikara. Familia guztiek dute eskubidea seme-alabak D ereduan matrikulatzeko. Zaborrontzira botako dute eskubide hori?

Gobernuak egin dituen urratsei buruz, motz gelditu dela uste duzu?

Ausardiarik eza aipatu dute hainbat eragilek; guk ere bai. Guk argi dugu Euskal Herriak elkarbizitzarako behar duela euskal ikasle eleaniztunak sortuko dituen hezkuntza eredu bat. Nafarroan, hizki zopa bat dugu. Gurasoek A, G eta D ereduen artean hautatu behar dute. D eredua elkarbizitzaren eredua da, euskara, gaztelania eta ingelesa ikasten dutelako haurrek, eta, ondorioz, badute aukera beste ereduetako ikasleekin komunikatzeko. A eta G eredukoek, ordea, ez. Horregatik egin dugu auzo bizi onaren eskolaren eta hezkuntza burujabetzaren alde.

Hori da amesten duzuen eskola?

Badakigu ez dugula orain behar dugun eskumena. Ez zaigu ahazten, halaber, 30 urteotan Euskararen Legeak izan duen eragina. Egoera soziolinguistikoa oso ezberdina da Elizondon, Iruñerrian eta Caparroson. D ereduak, akaso, tokian tokiko egoerara egokitu beharko luke. Egun ez dugu gaitasuna hori guztia egiteko, Hezkuntza Departamentuak esateko ikasleek zer-nolako hizkuntza gaitasunak izan behar dituzten eta horretarako eredua garatzeko. Badakigu hori ez dugula lortuko egun batetik bestera. Baina aurrera egin behar dugu. Helburua da eredu bakar bat, berdintasunean hezteko.

Eremu ez-euskaldunean gurasoak egiten ari diren lana funtsezkoa da bide horretan?

Lan handia egiten ari dira. Baina gutxiengoa dira herri askotan, eta kezka badute.

Zuek ere kezkatuta zaudete?

Bai, gu ere bai. Gobernua aldatu zenean, arnasa hartu ahal izan genuen, eta, erasoei aurre egin beharrean, gure lanetan murgildu ginen. Lehengo dinamiketara itzultzeko aukerak kezkatzen gaitu.