Burujabetza, lehenengo aukera

Burujabetza, lehenengo aukera

Kattalin Barber

Energiaren giltza berreskuratu nahi du Garesek. Hori lortzeko, lanean hasi da udala, abandonatuta zegoen Electra Regadio zentral hidroelektrikoa lehengoratzeko, eta herria burujabe bihurtzeko; hau da, kontsumitzen duen energia sortzea da asmoa.

Ideia ez da berria, zentral hidroelektrikoa herritarren ekimenez sortu baitzuten, 1918. urtean: “Lurrak ureztatzeko eta herriko argiak hornitzeko erabili zuten, 1983. urtera arte; urte horretan energia pribatizazioak iritsi ziren”. Oihan Mendo Garesko alkatearen hitzak dira. Hasieratik egon da zentral hidroelektrikoa berriz ere martxan jartzeko proiektua sustatzen.

Berrogei urtez egon da erabilerarik gabe Electra Regadio zentrala, baina itxi zenetik “gutxienez hiru saiakera” egon dira berriro martxan jartzeko, Mendoren hitzetan. Guztiek porrot egin zuten: “Ikuspegi berdina erabili zuten, energia ekoiztea eta saltzea zen helburua”. Orain, berriz, saldu beharrean, autokontsumorako erabiliko dute Ermineta zentralak sortuko duen energia. Hain zuzen ere, herriko argiak eta herriko eraikin publikoak %50ean hornitzeko balioko du. “50.000 euroko faktura aurreztuko genuke, urtean”.

2014. urtean hasi ziren Mendo eta beste kide batzuk energia burujabetzaren ideiari forma ematen, herriko garapen talde baten bidez. Ikerketa sozioekonomikoa egin zuten, eta zentralak “aukera handiak” zituela ondorioztatu zuten. Udalera jauzia egin zuen proiektuak, Mendo 2015ean Garesko alkate izendatu zutenean. “Orduan hasi ginen proiektua serioago hartzen, eta eman beharreko pauso guztiak ematen”. Nafarroako Energia Gara elkartearekin, Cener Espainiako Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin aritu dira lanean, besteak beste.

Ermineta proiektuaren bidez, zentral hidroelektrikoa egokitzeaz eta martxan jartzeaz gain, herriko frontoiko teilatuan plaka fotovoltaikoak paratzeko asmoa dute. “Zentralak erabiliko duen ura ureztatzaileekin partekatuko genuke, eta uda garaian ez diegu urik kenduko; eguzki plaken bidez zentralak ezin duena ekoitziko dugu, eta sistema sendoagoa lortuko dugu”, argitu du Mendok.

Finantzaketa bila

Aurten amaitu nahi dute proiektu teknikoa, eta finantzaketa bilatzen ari dira. Garesko Udalak ezinen luke inbertsio guztia bere gain hartu, eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak zein Europakoak ez dituzte baztertzen. Ia milioi bat euroko aurrekontua du proiektuak: “Uste dugu Nafarroan interesgarria dela, eta aurrerago beste herri batzuek erabiltzeko eredua sortu nahi dugu; horregatik behar dugu erakundeen finantzaketa”. Joan den asteazkenean, Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordean agerraldia egin zuen Mendok, Garesko autokontsumo elektrikoa berreskuratzeko proiektua azaltzeko.

“Energia burujabetzak eraldaketa soziala bultzatzeko balio du”. Herritik ari dira, herriarentzat, eta proiektuaren helburua ez da energia burujabetzara mugatzen. Herritarrek energiarekin duten harremana “estutu” nahi dute. “Askotan botoi bat sakatu eta faktura ordaintzera mugatzen da harremana; erakutsi nahi dugu energia lehen mailako beharra dela”.

Herritarrekin abiatutako proiektua da Ermineta, eta auzolanean ari dira lan txikiak egiten. Horrez gain, behin proiektua onartuta, bertako langabeen bidez eraikitzea proposatu dute. “Nolabait, gure eskuetara itzuli behar da berriro energia, berriro lortu behar dugu izan genuen burujabetza”.

Helburua erroetara itzultzea delako, energia berriztagarria ekoizteko, hurbil sortu eta kontsumitzeko, energia publiko egiteko eta baliabideen gaineko subiranotasuna berreskuratzeko. “Garesen energia burujabetza lortzea oso gauza ona litzateke, baina benetako aldaketa etorriko da hainbat herrik bide bera jarraitzen dutenean”.

Energia eraldaketaren alde egin du Mendok, horrek ekarriko baitu eraldaketa soziala eta gizartearen ahalduntzea. “Udalak erantzukizuna du, eta autokontsumoaren alde egiten badugu eta eraginkorragoak baldin bagara, eredu izan gaitezke herritarrentzat eta enpresentzat”.

Bidea hasi besterik ez du egin Erminetak, baina herritarren babes osoa du aurrera jarraitzeko, eta pausoz pauso ari dira helburura gerturatzen, Garesko herria gero eta burujabeago egiten. Alternatibak egon badaudelako. “Burujabe izatea ez da kapritxo bat, gure energia sisteman erabakitzeko ahalmena izatea baizik, guk gure energia ekoiztu eta kudeatu nahi dugulako. Eta hori altxor bat da”.