Iritzia: Eskubide osoz

Lur Albizu Etxetxipia

Hilabete askotako prestaketa izan da. Eragile, kolektibo eta espazio ugari zipriztindu ditu burujabetzaz, ekonomia alternatiboaz, herriz, euskaraz, auzoz, kolektibotasunez. Elkarlanean aritu dira hilabetez hilabete inurri asko, grisa berde bilakatzeko ahaleginetan. Heldu den astean iritsiko da eguna. Bizitza burujabeak eskubide osoz marraztuko ditugun eguna, hain zuzen ere.

Alternatiben Herria prest dago Iruñera etortzeko. Ongietorria emanen dio Iruñeak heldu den larunbatean. Aspaldi marraztu genuen gorriz egutegian ekainaren 2a. Hiria okupatuko dute alternatibek. Iruñea kolorez beteko dute, batez ere, ezinezkoak errealitate bihur daitezkeela erakutsiko duten hamarnaka ekimenek.

Ez da erraza sistemak eskaintzen digun panorama. Totalitarismoa, autoritarismoa eta zentralismoa. Austeritatea, murrizketak eta mugak. Erregimena, kapitalismoa. Hemen erabaki eta onartutako dozenaka lege atzera botatzea. Inposizioak eta erabakitzeko ahalmenik eza.

Baina guk argi dugu. Ehunka alternatiba ari dira eraikitzen Nafarroan eta Euskal Herri osoan hainbat eremutan. Eremu askotan ari dira horiek garatzen; hamarnaka ezagutu ahalko ditugu datorren larunbatean: telekomunikazio zerbitzuak, garraioa, energia horniketa, kooperatibismoa, ekonomia sozial eraldatzailea, hezkuntza alternatibak, elikadura burujabetza, saretzerako espazioak, gaztetxeak, etxebizitza komunitarioak, kontsumo-taldeak…

Burujabetzaz arituko gara. Geure buruaren jabe izateaz, erabakitzeko gaitasuna izateaz. Baina Nafarroak, Euskal Herriak ba al du bere buruaren jabe izateko ahalmena? Hitz eginen dugu botere(tze)az, demokraziaz, parte-hartzeaz. Hitz eginen dugu herri biziaz; hitz eginen dugu geure bizitza eta gorputzen gain erabakitzeko gai izateaz. Dagoeneko martxan dauden ahalduntze eta burujabetze prozesuez hitz eginen dugu. Dena aldatzeko, dena erabaki nahi dugulako.

Bizitzaren aldeko apustua delako Alternatiben Herria. Bizitza burujabearen aldeko apustua. Bizitza burujabeen aldekoa. Alor guztiak aintzat hartu eta beste zerbait posible dela erakusten diguna. Posible delako. Hemen bai, posible delako. Ezin dela, ezinen dugula diotenen aurrean, posible dela eta hemen posible izanen dela erakutsiko dugulako. Eta bizitza burujabe horiek eraikitzeko, ezinbestekoa izanen da kapitalismotik gorputz eta buruak deskonektatzea.

Izan dadila urteak iraungo duen eguna, aurrera jarraitzeko eta bideak marrazten segitzeko indarra emanen diguna. Landa daitezela uholde berri honen haziak.

Kolektibotik eta herrigintzatik herri hau eraikitzen jarraituko dugu; alternatiben herriak sortzen, bizitza burujabeak egunero birpentsatzen.

[Bitartean, Pamplonan euskararen aurkako martxa bat eginen dute iaz haien bandera ez-nazionalistak atera zituzten berberek. Alternatiben Herrian argi daukagu: txistorrak jateko dira!

Nafarroa berria eraikitzen jarraituko dugu].