“78an gertatu zena ezagutzen ez duenak fikziotzat hartuko du”

“78an gertatu zena ezagutzen ez duenak fikziotzat hartuko du”

Kattalin Barber

Aurtengo uztailaren 8an 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuela, Iruñeko sanferminetan; data hori gogoratu nahi du 78ko Sanferminak Gogoan plataformak, eta hainbat ekinaldi prestatu ditu orduko gertaeren memoria jorratzeko, hain zuzen ere. Ekinaldi horien barruan, 1978ko sanferminen inguruko eleberria eman du argitara Juan Retana idazleak (Lizarra, 1961), Pamiela argitaletxearekin: 22 de septiembre, San Fermín (Irailak 22, San Fermin) izena du lanak.

German Rodriguezen heriotzaren 40. urteurrena beteko da aurten. Data hori gogoan izan duzu eleberria argitaratzeko unea aukeratu duzunean?

Orain dela zazpi urte hasi nintzen eleberria idazten, eta, hainbat kontu direla medio, uste baino gehiago luzatu naiz prozesuan. Orain dela bi urte ia amaitua nuen, eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideekin batera erabaki genuen urteurrenaren harira argitaratzea. Liburu hau ez da jasotako enkargu bat, nire proiektu pertsonala baizik, baina hasieratik bat egin dut herri ekimenarekin, eta hasieratik izan dute liburuaren berri. Haiek eman dizkidate kontaktuak ikertzeko, adibidez. 1978ko sanferminak intentsitate handiz bizi izan nituen, eta horregatik eskaini nahi izan diet nire eleberria; era berean, izugarri pozik nago 78ko sanferminen inguruko ekinaldiak ni babestu nauelako.

Zer dela-eta erabaki zenuen 78ko sanferminei buruzko eleberri bat egitea?

Bitxia izan da. Ni 1979an hasi nintzen idazten, eta urtebete geroago Bilbon argitaratu nuen liburu bat. Oihartzun handia izan zuen, beste liburu batzuekin batera Bilboko alkateak su ematea agindu zuelako. Sanferminetako gertaerak eta urtebete geroago hasi nintzen idazten, baina asko kostatu zait konturatzea egun horietako lehen eskuko kalitatezko material narratibo handia nuela. Orain dela zazpi urte, trantsizioaren garaiari buruzko eleberri bat egin nahi nuen. Interes handiko etapa izan zela uste dut, Nafarroa oso leiala izan zelako 1936ko gerran frankismoarekin, eta, gero, berriz, probintzia gorri bat bihurtu zelako. Eskuin muturrarentzat oso deserosoa zen, eta egoera erabat konplexua zen. Hasieran, Montejurrak izan behar zuen abiapuntua, baina lagun batek sanferminei buruz egitea gomendatu zidan, eta orduan konturatu nintzen zer-nolako materiala nuen.

Fikzioa eta fikzioa ez dena bildu dituzu eleberrian. Zer da gehiago, sormena edo errealitatea idatzitakoa?

Fikziozko eleberria da, eta pertsonaia gehienak nik sortuak dira, baina gertatu zena kontatzen du liburuak, aldi berean. Ni fidela izaten saiatu naiz, eta ezin izan dut suspensea erabili. Haatik, jazotakoa ezagutzen ez duenak nobela suspensearekin irakurriko du, eta dena fikzioa dela uste izanen du. Sabadellen bizi naiz, eta hori gertatu da nire hango lagunekin, adibidez. Liburuko fikzioaren eta errealitatearen arteko harreman horri ohaidetza deitu diot nik, hain zuzen ere. Dakidan guztia kontatu dut, zehaztasunarekin, baina ez nekienean, asmatu egin dut.

Modu paraleloan garatzen diren bi istorio kontatzen dituzu: 1978ko istiluak eta jaiak.

Sanferminak bere horretan zer diren kontatu nahi nuen. Ernest Hemingwayk jaietako ikuspegi bat eman zuen, baina ni ez naiz ikuspegi horrekin identifikatzen, ezta gaur egun hedabideek sanferminei buruz ematen duten irudiarekin ere. Nire ikuspegitik sanferminak zer diren azaldu nahi izan dut; azken 40 urteotan aldaketarik gabe jarraitzen duen festaren esentziari buruz hitz egin nahi izan dut, hain zuzen ere. Kasu horretan, fikzioa da nagusi.

Horretarako, pertsonaiak erabili dituzu. Oso obra korala da?

Bai, ia 50 pertsonaia daude. Badaude benetakoak, German Rodriguez eta Avila komandantea, adibidez, baina pertsonaia gehienak nik asmatutakoak dira. Zailena Germanen pertsonaian sartzea izan da niretzat, baina uste dut lortu dudala tonu egokia. Baldintzazko perpausak erabili ditut horretarako, adibidez. Horrez gain, bere ezizena Garin erabili dut, pertsonaiaz aldentzeko. Horren bidez lortu dut kapitulu gogorrenak kontatzea.

Mario Gaviria berriki zendu den soziologoa ere agertzen da eleberrian. Zertarako erabili duzu pertsonaia?

Bere abizena ez da agertzen, baina argi dago bera dela. Mario Henri Lefebvre Frantziako soziologo ospetsuarekin dator sanferminetara. Jaien inguruko ikerketa soziologikoa egin nahi du, baina konturatzen da jaiak bizitzea eta jaiak ikertzea aldi berean oso zaila dela. Marioren bidez, soziologoa denez, orduko egoeraren berri ematen dut, eta sanferminetako kontu zehatzak azaltzen ditut. Testuingurua ematen laguntzen du Mariok.

Nola bizi izan zenituen zuk 1978ko sanferminak?

Liburuan agertzen naiz, eta nik bizitakoa kontatzen dut. Garai horretan Paulino Caballero kalean zegoen Roma kafetegian lanean ari nintzen, gobernu zibiletik 100 metro eskasera. 1978ko uztailaren 8an, gurea zero eremu bihurtu zen. Bataila bertan izan zen, eta manifestariak zein poliziak ingurutik zeuden. Ospitale moduko bat prestatu genuen ahal izan genuen bezala, eta jende asko etorri zen guregana. Ezki-lore infusiorik gabe gelditu ginen, eta momentu oso larriak bizi izan genituen. Zerbitzari batek une horiek guztiak nola bizi izan zituen kontatu dut liburuaren bidez.

Izenburuak, ordea, irailaren 22ari egiten dio erreferentzia. Zergatik?

Deigarria iruditu zitzaidan. 1978. urtean, jaiak eten ziren uztailaren 8an German Rodriguez hil zutelako. Sanfermin txikietan, berriz, benetako sanferminak izan genituen hiru egunez. Jendeak gogoa zuen, eta, horregatik, festari keinua egin nahi izan diot izenburuan.

Sabadellen bizi zara, Bartzelonako probintzian. Nafarroatik kanpo ezagutzen dira 1978ko gertaerak?

Ez, jendeak ez daki zer gertatu zen, are gutxiago ni baino gazteagoak direnek. Lagunei eman diet liburua irakur dezaten, eta erabat harrituta gelditu dira. Egia eta fikzioa ez dituzte bereizi, eta dena asmatutakoa zela uste zuten.

Balio dezake zure eleberriak ere memoria berreskuratzeko?

Bai. Gainera, nik dakidanez, ez dago gaiari buruzko eleberririk. Hutsunea betetzera dator, neurri batean, eta Euskal Herritik kanpo ere horretarako balio dezake, memoria lantzeko. Belaunaldi berrien artean ere 1978ko sanferminak ezagutzera emateko balio duela uste dut. Pozik nago izan duen harrerarekin, eta 78ko sanferminei buruzko herri ekinaldiko kideei esan nahi diet nahi duten moduan erabil dezaketela lana.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku