Bat-batekoari aitortza

Bat-batekoari aitortza

Kattalin Barber

Bertsolaritza da Nafarroan ongien gorde den eta azpimarragarriena den errepentismoa”. Horrela aitortu du berriki Nafarroako Gobernuak, eta bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu du, ondare inmaterialaren kategorian. Albiste pozgarritzat hartu du izendapena Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta bertsolaritzarentzat ez ezik, euskal kulturarentzat ere “aitortza garrantzitsua” dela jakinarazi du. Hilaren 20an izendapena aurkezteko ekitaldi bat antolatu du gobernuak, 18:00etan, Nafarroako Museoan. Ekitaldiaren buruan, bertso saioa eginen da kanpoan, bertsoak kantatu ohi diren lekuan: plazan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak abiatu zuen izendapen prozesua, 2011n. Urte horretan, Nafarroako Parlamentuak, aho batez, gobernuari bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko prozesua has zezala eskatu zion, ondare inmaterial gisa. Orduz geroztik, “luze” jo du bertsolaritza Nafarroako kultur intereseko ondasun izendatzeko prozesuak, Gontzal Agote bertsozale elkarteko kidearen iritziz.

Hainbat arrazoi direla medio, gaia hainbat urtez “ukitu gabe” egon ondoren, 2016an berriro heltzea erabaki zuen elkarteak. Nafarroako Gobernuko Kultura departamentuarekin harremanetan jarri eta bi aldeek izendapen prozesua berraktibatzeko aukera ikusi zuten. “Administratiboki ez da batere erraza izan, baina hainbat urtetako lanak amaiera pozgarria izan du”.

2017ko hasieran egin zuen izendapenerako eskaera ofiziala elkarteak, eta orain iritsi da onarpena. Agotek adierazi duenez, izendapena, finean, aitortza da: “Errekonozimendua bertsolaritzaren mugimendu osoari, eta ez bakarrik oraingoari, baizik eta hainbat mendez Nafarroan egin den lanari eta izan duen eraginari”.

Agotek aitortu du izendapenak ez duela, oraingoz, “ondorio praktikorik”, baina Nafarroako gizartean izan dezakeen eraginari erreparatu dio. Besteak beste, bertsolaritzari prestigioa ematea da izendapenak dakarrena. “Aitortza honen bidez, bertsolaritzari prestigioa ematen zaio gizarte osoaren aurrean, ez bakarrik euskaldunon artean; gizarte erdaldunean ere prestigiatzeko eta ikusarazteko aukera bat da”. Izendapenak dioen moduan, bertsolaritza Nafarroako ondarea delako, ez soilik euskaldunen ondarea. “Hortaz, guztion ondarea da eta babestu eta zaindu beharra dugu”.

Hein batean, bertsoa ezezagutzatik ezagutzara pasatzeko balio dezake izendapenak, batez ere, gizarte erdaldunean. Bi urtetik behin Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzen du elkarteak, Bardoak taldekako txapelketaz gain, eta jarduera eta ekitaldi desberdinak ere bai. “Oihartzun mediatikoa jasotzen dute gehienbat txapelketek, eta horien bidez jende gehiagorengana iristen gara, baina oraindik ezezagutza da nagusi”.

Bide horretan, Nafarroako Gobernuak esan du bertsolaritza babesteko neurriek helburu dutela saihestea jarduera horren “fosilizazioa”, eta ekarri beharko luketela, aldi berean, haren bereizgarritasunari eta autonomiari eustea. Kultur intereseko ondasuntzat jotzeak bertsolaritzari eusten lagundu nahi du, “kontrolatutako eraldaketa ahalbidetuz”.

Bertsolaritza transmititzea, bertso-saioak antolatzea eta sustatzea, ikertzea, eta egindakoa hedatzea eta jasotzea dira Bertsozale Elkartearen xedeetako batzuk. Indarra eman die izendapenak, eta lanean jarraituko dute, bertsoen etorkizuna bermatzeko. “Egoera kaxkarragoak izan ditugu, eta osasuntsu dago bertsoa Nafarroan; lanean jarraitu behar dugu, halere, hemendik ehun urtera bertsozaleak, bertsolariak eta bestelako eragileak egoteko”, esan du Agotek.

Gorantz doa bertsoa

Bertso eskolak dira belaunaldi berrietara bertsolaritzaren transmisioa ziurtatzeko erremintetako bat. Nafarroan, “inoizko talde kopururik handiena” osatzen dute egun, bai gazteen zein helduen artean. Bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritzea da helburua, bertsoaren sarea trinkotuz. “Azken hogei urteotan, bertsolaritzaren mapa aldatu da Nafarroan, eta aldaketa esanguratsuak egon dira”, nabarmendu du Gontzal Agotoek. Gero eta gehiago dira bertsozaleak, gero eta gehiago bertso eskolak, eta gero eta gehiago bertsolariak ere. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira, eta hedapen lan horrekin jarraitu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.