Iritzia: Batera

Lur Albizu Etxetxipia

Goizeko zazpi eta erdiak, 2018ko ekainaren 16a. Bi gauren ondoren, elkartasun gune bateko zoru asfaltatutik jaiki eta denda desmuntatzen hasi, Altsasukoez gogoratu. Ezin asmatuta atzera eta aurrera ibili (Quechuari propaganda egiteak ere badu bere prezioa). Trasteak jaso, lekuz mugitu, toki batean gorde eta bestetik atera, eguzkia atera dela konturatu. Egitekoen errepasoa egin, etxean motxila utzi, autoan denda. Zigarro bat, autobusean sartu: Arbizurantz atera gara.

Arbizura goaz Iruñetik neska* gazte batzuk. Eguraldia aspaldiko partez gure alde daukagu. Iritsi gara, tailerretan apuntatzen hasi. Euskal Herriko toki askotatik etorri gara: Altsasutik, Gasteiztik, Bakaikutik, Iruñetik, Lekeitiotik, Tuteratik, Barañaindik, Donostiatik, Bilbotik, Durangotik, Zuiatik, Lizarratik, Markina-Xemeindik, Lesakatik… lelo baten bueltan pasako dugu eguna: Batera ekingo diogu!.

Berandu hasi da, baina ezin hasiera hoberik egon. Txantreako artistek guztiz esnarazi eta gogo handiz etorri ez direnak ere dantzan jarri dituzte. Barre egin dugu, harritu gara, ulertu dugu, dibertitu gara, altxatu gara, dantza egin dugu, aldarrikatu dugu, oihukatu dugu, lehertu gara.

Tailer desberdinetan hartu dugu parte. Iruditegiaz hausnartu dugu, praktikara eraman dugu gure sormena; talde-osasunaz aritu gara, Aingurak izan ditugu hizpide; neska* gazteon beharrizanez aritu gara, hitzak nabarmendu ditugu, kuleroak buruan mundura salto egitea posible dela sinetsi dugu.

Erriberatik Bilbora ulertu dugu elkar, konpartitu ditugu esatekoak, eskatu dugu laguntza eta ahaldundu gara. Zeharkatzen gaituzten zapalkuntzez aritu gara. Kezkaz, konpromisoz, ilusioz, baikor. Aurrera begirako lema eraman dugu etxera, borrokatzeko eta eztabaidatzeko tresna.

Azkar batean bazkaldu behar izan dugu, denbora askorik ez zitzaigun geratzen. Fin ibili zaizkigu sukaldariak, langile, dena ongi atera zedin (eskerrik asko!). Eta fin ibili dira Arbizun hasieratik honetan sinetsi zutenak, ilusioz lan egin dutenak, dena lotzen ibili direnak, prestutasun osoz ibili direnak eta arazo guztiak konpondu dituztenak, auzolana aurreratu dutenak… Mila milioi esker!

Azkar atera gara bertatik, goiz atera behar izateagatik penaz. Kantari irten gara bueltako autobusean, lagun gehiagorekin, urduritasunez, gogoz. Badakigu minutu gutxian uholdea izanen garela, duintasun uholdea.

Heldu gara Sadarrera, inoiz jokatu dugun partida garrantzitsuenetakoa gaur dugula jakitun. Eta hala izan da: oihu, txalo, haserre, emozioek ez dute parekorik izan ibilbide osoan zehar. Garrasi mingarri eta itxaropentsua hartu dute kaleek. Altsasukoak askatu. Utzi bakean Altsasu. Eutsi gogor, Altsasu. Barrenak hustu ditugu, minez lehertu ditugu eztarriak. Maitasunak zeharkatu digu gorputza. Eta badakigu honi ere nola ekingo diogun, eta nola ekiten ari garen: batera.

(Hilabete hauetan guztietan irribarrea galdu ez duzuen pertsona berezi horiei: maite eta miresten zaituztet).