Julia Alvarez Resano gogoratu du Nafarroako Parlamentuak

Julia Alvarez Resano gogoratu du Nafarroako Parlamentuak

E. Elizondo

“Zor genion omenaldia egin diogu, azkenean”. Horixe erran zuen Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek, joan den astean, Julia Alvarez Resano gogoratzeko erakunde horren egoitzan egindako ekinaldian. Haren izena jarri diote parlamentuko aretoetako bati, erregimen frankistaren aurka egindako lana eskertzeko, eta, batez ere, haren memoriaren berri zabaltzeko.

Maistra izan zen Alesbes sorterrian; irakasletza eta zuzenbidea ikasi zituen; diputatua izan zen, eta Gobernu Zibileko buru Ciudad Realen (Espainia), 1937ko uztailetik 1938ko otsailera. Kargu hori bete zuen lehendabiziko emakumea izan zen. Alesbesen, halere, herriko haur guztien alde egindako lanaren berri jaso dute hango biztanleek, belaunaldiz belaunaldi. “Hezkuntza publikoaren defendatzaile sutsua izan zen, eta helburu hartu zuen herriko haur bakar bat ere ez gelditzea eskolatik kanpo”, nabarmendu du Delia Lizoain alkateak. Mexikon hil zen Alvarez Resano, 1948ko maiatzean.

Parlamentuko omenaldia egiteko ideia 2016ko urriaren 1ean hasi zen mamitzen. Egun hartan, sorterrian gogoratu zuten Alvarez Resano. Herriko kultur etxeari maistraren izena jarri diote, oraingo udalaren ekimenez, hain zuzen ere. “Aurreko legegintzaldian, memoria historikoa lantzen duen elkarteak proposatu zuen herrian egindako plaza berri bati haren izena jartzeko; ia 600 sinadura aurkeztu zituzten eskaera horren alde, baina udalak ez zuen aintzat hartu”, azaldu du Lizoainek.

42 fusilatu herrian

Kultur etxean egindako omenaldiarekin, herria “zorrak kitatzen” hasi zela sentitzen du alkateak. Parlamentuak ere Alesbesko maistra izandakoa omendu izana “zoragarritzat” jo du Lizoainek. “Alvarez Resano emakume nabarmena izan zen, eta merezi zuen azkenean jaso duen aitortza. Omenaldi xumea eta hunkigarria izan zen”.

Alkateak erantsi du Alesbesko udaletxeko atarian ere jarri dutela 1936ko gerran fusilatutako herritarren omenezko plaka bat. 42 pertsona hil zituzten herrian, urte hartan. “Urtero antolatzen du omenaldia memoria historikoaren aldeko elkarteak”, gogoratu du alkateak. Alvarez Resanori egindako omenaldiak “bereziak” izan direla aitortu du Lizoainek: “Aspaldi zor geniolako aitortza hori”.

Irudia: Nafarroako Parlamentua