“Moldatu behar da bizilekuen egokitasunaren dekretua”

“Moldatu behar da bizilekuen egokitasunaren dekretua”

Edurne Elizondo

Iruñe osoa ikus daiteke Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak Nafarroan duen egoitzatik. Bere bulegoan eta Ziudadelari so, hiriko arkitektura garaikidea nabarmendu du elkarteko Nafarroako presidente Patxi Txokarrok (Iruñea, 1954). Malgutasuna eskatu dio gobernuari etxeak berritzeko.

Zer helbururekin hartu duzu kargua?

Gure elkargoko zuzendaritza ez dugu aldi berean aldatzen osorik, pixkanaka egiten dugu zuzendaritza berritzeko prozesua, eta horrek nolabaiteko jarraitutasuna ematen dio lanari. Gure oraingo asmoa da, beraz, jada hasitako hainbat bidetan urrats sendoak egitea. Batetik, formakuntzari eman nahi diogu lehentasuna. Arkitektook, finean, egungo gizartera egokitu behar dugu. Bertzetik, nabarmendu nahi dugu arkitektoaren figurak duen garrantzia, kulturaren eta gizartearen ikuspuntutik. Balioa eman nahi diogu gure lanari.

Formakuntza aipatu duzu, eta gizartera egokitzeko beharra; klimaren aldaketaren egungo garaira egokitzekoa ere bai?

Adibidez. Anitz dugu errateko arlo horretan. Eraikin zaharrak berritzeko beharra dugu, bertzeak bertze. Jada eginda dauden etxebizitzen eraginkortasuna hobetu behar dugu, ahal den neurrian, energiaren kontsumoaren ikuspuntutik. Etxe berriek ere errealitate horretara egokitu behar dute.

Etxebizitzek izan behar dute eraginkor, baina baita hirigintzak ere, ezta?

Bai. Hirigintzak ere izan behar du eraginkorra. Herri aberats askotako plangintzak ekarri du hirigintza espantsiboa izatea. Hemen ez gara hain aberats izan, baina, halere, egin ditugu hagitz egokiak ez diren urbanizazioak ere, hirigunetik urrun. Ez dira egokiak, bertzeak bertze, toki horietara ailegatzeko behar diren azpiegiturengatik eta garraioengatik.

Gero eta gehiago hitz egiten da hirigintzari generoaren ikuspuntua txertatzeko beharraz. Egin dira urratsak arlo horretan?

Argi dago generoaren ikuspuntua hagitz garrantzitsua dela, batetik, hiriaren plangintzan, eta, bertzetik, urbanizazio lanetan. Espazio seguruak eraiki behar ditugu, ez bakarrik emakumeentzat, bai eta haurrentzat eta zaharrentzat ere, adibidez. Sortu behar ditugu espazio biziak. Etxebizitza hutsez osatutako espazioak hutsik egonen dira; dendak ere badaude, lortuko dugu jendea mugitzea, jendea karrikan egotea. Nik uste dut hori funtsezkoa dela. Sortu behar ditugu jendez beteko diren espazioak.

Zaharrentzako hirien inguruan, Nafarroako Gerontologia Elkarteko kideekin aritu zarete, bertzeak bertze. Populazioa zahartzen ari denez, zaharrentzat atseginak diren hiriak sortzea ere lehentasun bilakatuko da?

Nik uste dut arkitektook jabetu behar dugula behar zehatzak dituzten sektoreen errealitateaz; zaharrak izan daitezke, edo ezintasunen bat dutenak, adibidez. Errealitate horretaz jabetu, eta gure lanetan islatu behar dugu. Hiriko seinaleen tamaina, argiak eta gisakoak zaindu behar direla gero eta argiago dut, eta arlo horretan arkitektoek zer erran handia badute. Ari gara auzi horri buruzko gogoeta egiten jada.

Hirigintzaren esparruan administrazioarekin egin behar duzue lan. Nolakoa da zuen arteko harremana?

Plangintza administrazioak egiten du; gu gara, finean, administrazioak plangintza hori gauzatzeko duen tresna. Udal handietan zailtasun gehiago ditu arkitektoak, botere anitz daudelako hiriaren inguruan; herri txikietan lana errazagoa da, eta erabakietan eragiteko gaitasun handiagoa izaten du arkitektoak. Maria Urmeneta emaztea eta biok elkarrekin aritzen gara lanean, eta udal txiki anitz ditugu bezeroen artean. Lan atsegina da. Administrazioarekin, halere, baditugu gorabeherak arkitektook.

Zer arazo duzue?

Etxebizitza zerbitzuko arduradunekin badugu, bizilekuen egokitasunari buruzko dekretuarengatik. Baldintza zorrotz eta zurrunak ezartzen dituzte etxebizitzak berritzeko, adibidez. Horrek ekartzen du etxe horiek ezin konpontzea, eta, ondorioz, gure herrietako ondare arkitektonikoa galtzea, kasu anitzetan. Malgutasun handiagoarekin jokatu beharko lukete, halako egoerak gerta ez daitezen. Iruñeko Alde Zaharrean ere arazo bera dugu. Dekretua moldatu beharko lukete, etxeak berritzeko lanak errazteko.

Nasuvinsa elkarte publikoarekin ere eztabaida izan duzue berriki; arkitektoei buruz “irudi txarra” eman duela salatu duzue. Zer gertatu da?

Deialdi bati buruzko oharra plazaratu dute, erranez arkitekto gehienek ez zutela bete bizilekuen egokitasunari buruzko dekretuak erraten duena. Informazio okerra da, eta min egin digu. Nafarroan, gainera, nabarmena da arkitektoen maila. Anitz gara, eta hemengo eskola erabat errotua eta sendotua dago. Sumatzen da.

Hirian ere badu isla kalitate horrek?

Bai, eta gure lana da hirian eta Iruñerrian dugunaz ohartaraztea herritarrak. Lortu behar dugu jendeak bertze modu batera egitea so hiriari. Iruñea nekazaritza hiri bat izan da duela ez anitzera arte. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako arkitektura burges gutxi dugu, baina arkitektura garaikide hagitz garrantzitsua badugu, balio handikoa. Iruñetik gertu, adibidez, zoragarria da Oteiza museoaren eraikina. Eraikinak eta hartzen duen obrak bat egiten dute, erabat.