Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Amonak neba bat izan zuenik ere ez zekien Maru Mangadok, baina haren gorpuzkiekin egin du topo. Iruindarra da Mangado, eta Gernikara bidaia egin du asteon. Bitxia da bisitaren zioa: Gernikako hilerrian 1936ko gerran hilak “omentzeko” frankistek eraikitako kripta zabaldu eta haren osaba handiaren arrastoak jasotzea. Valentin Romeo Segues zuen izena, eta Mendabian (Nafarroa) jaio zen, 1916an. 20 urte zituen 1936ko uztailean armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zenean. Preso hartu, eta faxistekin borrokatzera behartu zuten Romeo. Desagertuta egon da ordutik.

Dokumentu, izen zerrenda eta aztarna ororen atzetik ibili ondoren, Gernikako kripta izan du azken geltokia Mangadok. Asteazkenean joan zen osaba zaharraren gorpuzkinak handik ateratzera, baina, azken ezustekoarekin egin du topo: hobia irekitzean bi pertsonaren gorpuzkinak azaldu dira zulo berean. DNA probak egiteko laginak hartu, eta emaitzak esku artean izan bezain pronto itzuliko da Mangado Gernikara berriz, Romeoren gorpuzkinak sorterrira eramatera.

1936ko gatazkak eta ondorengo diktadurak ezarritako isiltasun kate luzearen beste begi bat da Romeorena. Milaka kasuren arteko beste bat. 1936ko gatazkaren ondorioz, lurrak irentsi zituen 250 biztanletik bat, eta desagertutako ala hildako sendiaren mina irentsita igaro dute belaunaldi ugarik bizitza, harik eta hirugarren belaunaldia isiltasuna hautsi eta iraganarekiko hariak josten hasi den arte.

Isiltasunean arakatzen

Espero gabe, kasualitatez aurkitu zuen Mangadok amonaren neba, 1936ko gatazkarekin zerikusia zuen ikerketa bat egiten ari zela. “Nafarroako Lerin herriko errepresaliatuei buruzko informazioa biltzen ari nintzen, bertakoa baitut familia, eta herriko hainbati buruzko informazioa jaso nahi nuen. Bada, Juanjo Casanovak Iruñeko presondegian preso egon zirenekin osatutako zerrenda aurkitu nuen blog batean, eta aitaren aldeko amonaren abizenak ikusi nituen presoen izen-abizenen zerrendan: Romeo Segues”.

Harriduraz begiratu zion izenari, ez baitzuen sekula Valentin izeneko senitartekorik ezagutu. “Oso arraroa egin zitzaidan, eta aitarengana jo nuen berehala. Esan zidan ezagun egiten zitzaiola gerran gazte hil zen osaba bati buruz zerbait entzun izana etxean”. Besterik ez zion argitu aitak.

Angelita Mangado Romeorengana jo zuen ondoren, Valentin zenaren ilobarengana. “Nire izebarengana jo nuen. Oso nagusia da, baina izena aipatu nionean berehala hasi zen hizketan. Esan zidan baietz, bazekiela nor zen Valentin Romeo Segues. Gogoan duela bera txikia zela amak eta amonak janari poltsa prestatu eta Iruñeko espetxera eramaten ziotela, harik eta bidaietako batean Romeo bertatik atera zutela azaldu zuten arte”. Hunkituta aritu zitzaion izeba. “Nagusia da, eta buruz ez dabil oso fin. Istorio honekin joan nintzaionean, negar besterik ez zuen egiten”.

Bizkaiko frontera eraman zutela esan zioten sendiari. “Besterik ez zuten jakin”. Azaldu duenez, bere aitonak ere egin zuen Romeo bilatzeko saiakera. “Aitonak kamioi bat zuen, eta, gatazka hasi zenean, konfiskatu eta faxistak laguntzera behartu zuten, gidari lanetan. Aukera izan zuenean, Bilbora joan zen, koinatuaren bila, baina esan zioten gerra frontean hil zela”.

Sendiko kideek emandako informaziotik abiatuta hasi zen Romeoren aztarnen atzetik. “Artxibategietara jo nuen, ahalik eta datu gehien biltzeko asmoz”. Horrela jakin zuen 1936ko altxamendu militarra gertatu eta egun gutxira atxilotu zutela amonaren neba, eta 1936ko uztailaren 22an Iruñeko presoen zerrendan ere azaltzen dela 1937ko urtarrilaren 27ra bitarte.

Bizkaiko frontera eraman zuten handik, Amerika 23 Erregimentuarekin borrokatzera. “1937ko maiatzaren 10ekoa da berari buruz dudan azken aztarna. Egun horretan, Bizkargiko borroketako batean hil zela jakin dut, 21 urte betetzear zituela. Romeoren aitari ordaintzen zioten pentsioagatik jakin dut noiz hil zen: Espainiako Estatuko 1940ko Aldizkari Ofizialeko argitalpenen bidez jaso dut informazioa”.

Bizkargin hildakoak non hobiratu zituzten ikertzea izan zen hurrengo urratsa, eta Gernikako hilerrian aurkitu zuen osaba handiaren izena, kostata. “Gernikan, Valentin Romeo izenez agertu beharrean, Valentin Romero gisa azaltzen da, eta bilaketa lanak zaildu ditu horrek”.

Ez den lekuan

Gernikako Erorien Monumentuan hilobiratuta dauden dozenaka herritarren artean dago Romeo duela 80 urtetik, “Espainiako aberriaren alde” eroritakoen artean. Areago, Iruñeko Erorien Monumentuko “erorien” izen-abizenen zerrendan ere aurkitu du Mangadok osaba zaharra. Ez zegokion toki batean egon da galduta, 1936ko gatazka piztu, faxistek atxilotu, preso hartu eta behartuta eraman baitzuten frontera ondoren, beren bandoaren alde borrokatzera. Preso hartu zuten berberek egin zuten beren martiri.

Ezagutzen ez zuen senide baten aztarnak berreskuratuko ditu Mangadok DNA frogen emaitzak jaso eta berehala, eta esaten du antzeko beste horrenbeste kasu egon daitezkeela Euskal Herrian. Osaba zaharraren hilobian aurkitu duten beste gorpuzkinaren kasua izan liteke.

Esku hutsik egin du asteon Bizkaitik Nafarroara bidaia. Datozen hilabeteetan itzuliko da, osaba zaharra jaso eta, behingoagatik, Mendabian lur emateko.

Irudia: Hedy Herrero