Iritzia: Zupatu eta ixo

Saioa Alkaiza

Zupatu eta ixo. Tonta izateko ez zara horren polita. Zure ipurdia nirea izanen da. Zupa Zupa (Chupchups enpresaren logoa imitatzen duen letra tipoarekin). Ekar ezazu zerbeza; berriz ere itsusi jartzen ari zara. Denok larrua joko dugu edo puta ibaira joanen da. Birjina izateak ez zaitu santu bihurtzen. Hanka politak dira, zein ordutan irekiko dute?

Sanferminetako bestetan, iaz salgai ipini zituzten hainbat txapatan eta elastikotan irakur daitezkeen esaldiak dira, denak, indarkeria sexistaren apologia, batzuek bortxaketa eta erailketa justifikatzeraino. Lilith Feministak salatu zuen bere Twitter kontuaren bitartez; Takonerako postutxoen azokan zeuden salgai.

Saltzaileari ohartarazpena eginda, “umorea” zela erantzun zion, eta gaizki hartzea “exajerazioa” zela: “Ea orain ez dugun askatasunik izan behar adierazteko umore pixka batekin”, adierazi zuen, hedabide zenbaitek jaso zutenez.

Saltzailearen erantzuna kasu bakandu bat dela pentsa dezake baten batek (saltzailea gizona da, bai), baina txioaren erantzunetara jotzea besterik ez da egin behar, egoeraren gordina ulertzeko: “WTF, nora heldu behar dugu indarrean dagoen zuzentasun politikoarekin?”, dio batek; “Txapak zakurraren putza izanen dira, baina esaldi horiek gazte guztiek esaten dituzte festan irteterakoan”, beste batek; “Beno, badakizue esaten dela umorea pribilegioen antzekoa dela: batzuek badute eta feministek, ez”, azkenak.

Umorea. Askatasuna. Exajerazioa. Politikoki zuzena denaren tirania… Postzentsuran gaudela dioten mantrak errepikatzen dituzte zisheteropatriarkatuaren zimenduak ezartzen jarraitu nahi dutenek, indarkeria sexista eta LGTBIQ+foboa baimentzen, are, biolentziari txantxa berniz geruza bat ematen.

Iruñeko kaleetako salmenta gune batean baino gehiagotan omen zeuden gisako salgai sexistak. Ez ziren salbuespena, erregela baizik. Eta Iruñeko Udaltzaingoak konfiskatu zituen horietako batzuk (gutxi batzuk baino ez, noski); Fiskaltzak, baina, artxibatu egin zuen Emakumeen Tratu Txarren Kontrako Batzordeak gertatutakoagatik jarritako salaketa.

Aurten, ordea, berrikuntza ezarri du Iruñeko Udalak, mugimendu feministaren salaketaren ondorio baino ez dena, hain zuzen: irudi eta lelo sexistak dituen materiala debekatuko dute. “Bandoan dio, inor halakoak saltzen atzematen badute, kentzeko eskubidea dutela, eta baita behin kendutakoa gehiago ez itzultzekoa ere”, BERRIAk argitaratu duenez.

Aurrerapausoak aurrerapauso, auzia ez da soilik intentsitate handiko erasoak elkarretaratze zinez jendetsuen bitartez salatzea (mugimendu feministaren lan eskergaren ondorioz, argi gera bedi; eta oso beharrezkoa dena), baizik eta kultura zisheteropatriarkala sortzen, birproduzitzen eta eusten duten adierazpen guztien inguruan eztabaida abiatzea. Haiekin amaitu arte.

Kontua ez baita txapa eta elastiko sexistak salgai dauzkatenik (bakarrik), erosi egiten dituztela baizik.