‘Teresa’-k ere aske bizi nahi duelako

Edurne Elizondo

Teresa da Oscar Hortak Plaza y Valdes etxearekin idatzitako Un paso adelante en defensa de los animales (Aurrerapauso bat animalien defentsan) liburuaren azaleko protagonista. Hiltegira kondenatu zuten behia, 2011n, Sizilian, baina ezarritako patu horri ihes egitea lortu zuen. Haztegitik alde egin zuen, lehendabizi; gero, handik 25 kilometrora, itsasora ailegatu zen. Hiru orduz egin zuen igeri, ontzi batean harrapatu zuten arte. Berriz ere ihes egiten saiatu zen lurra ukitu bezain pronto. Lotua zuten animalia, ordea. Eta ezin izan zuen deus egin.

Bizitzeko erakutsi zuen grinak, halere, jaso zuen saria, azkenean. Siziliako herritarrak hunkitu ziren behiak aske izateko egin zituen ahaleginekin, eta egindako presioari esker, salbatzea lortu zuten. Teresa-k, azkenean, helburua bete zuen.

Teresa-ren istorioa hartu du Hortak ardatz bere liburuan, galdera nagusi bat egiteko irakurleei: “Zergatik kezkatu behar dugu gizakiok bertze animaliekin, zergatik egin behar dugu haien alde, edo haien kontra egiteari utzi? Buelta ematen ahal zaio galdera horri: zergatik ez genuke bertze espezietako animaliez arduratu behar?”. Gogoeta hori bera egin du idazleak Iruñeko Katakraken eskainitako hitzaldian.

Filosofian doktore da Horta, Galiziako Santiago de Compostelako Unibertsitatean irakasle. Etika Animala taldeko kidea ere bada. Hortak argi utzi du bertze animalien alde egin behar dutela gizakiek. Horrek ekarri beharko luke, batetik, animaliok esplotatzeari eta erabiltzeari uztea; eta, bertzetik, beharra dutenean haiek laguntzea, bai eta naturan bizi direnean ere.

Gizakien eta bertze animalien arteko egungo harremana iraultzeko gakoa sentitzeko gaitasuna da. “Hori da garrantzitsuena: gozatzeko eta sufritzeko gai izatea”. Gaitasun horren ondorio izan beharko luke, Hortaren hitzetan, bertze gizakienganako, bai eta bertze animalienganako errespetuak. Adibide bat aipatu du: “Imajinatu gureaz gain bertze mundu bat badela; baina bigarren horretan espezismorik ez dagoela; hau da, ez dago espeziearen araberako bazterketarik. Gizaki, oilo, txerri edo behi jaio behar ote duzun ez badakizu, bi mundu horietako zeinetan bizi nahiko zenuke?”.

Hortak argi du gehiengoak espeziearen araberako bazterketarik gabeko mundua aukeratuko lukeela, norbanakoek zein taldetan egon behar duten jakinen ez balute. “Modu inpartzial batean egindako hautua izanen litzateke, eta halakoak izaten dira bidezkoenak”.

Nerbio sistema zentrala

Zientziaren munduak onartu du, jada, animalia espezie kopuru handi batek baduela sentitzeko gaitasuna. “Zalantzak eta eztabaidak daude animalia batzuen eta bertzeen esperientziak nolakoak diren azaltzeko orduan, eta zalantzan jarri da hainbat espeziek benetan sentitzeko gaitasuna ote duten; halere, adostasuna bada animalia kopuru handi bat sentitzeko gai dela nabarmentzen duen ideiaren inguruan”.

Sentitzeko gaitasuna nerbio-sistema zentralarekin dago lotuta. Hau da, sentitzeko gai diren animaliek badituzte informazioa jaso, igorri eta prozesatzeko egitura fisikoak edo nerbio sistemak, eta horrek ekartzen du animaliok esperientzia positibo eta negatiboak izatea. “Egitura horiek ez ditugu gizakiok edo gizakion antza gehien duten animaliok bakarrik; bertze anitzek ere badituzte, bai eta zenbait ornogabek ere”.

Hortak onartu du zalantza dagoela hainbat espeziek izan dezaketen sentitzeko gaitasunari buruz. “Kontua da hainbat animaliak ez dutela informazioa prozesatzeko burmuinik, baina badituzte, ordea gongoil zerebroideak, eta horiek ere, neurri batean, informazioa prozesatzeko gai dira”. Halako kasuak dira molusku kuskubikoena eta gastropodoena, adibidez.

Sentitzeko gaitasuna gakoa dela berretsi du Hortak, eta salatu du, bertze animaliei gaitasun hori aitortu arren, ez dutela izan beharko luketen errespetua. Alderantziz. Hainbat datu jarri ditu mahai gainean bertze animalien errealitatea zein den azaltzeko: 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte, urtean, hiltegietan. “Kasu gehienetan, gainera, sufrimenduz betetako bizitzak izan eta gero hiltzen dituzte”. Kopuruari erreparatuz gero, arrainak dira esplotaziorik latzena sufritzen dutenak: “Urtean bi bilioi inguru hiltzen dituzte”. Eta kopuru horri erantsi behar zaio arrain haztegietan hildakoena. “100.000 milioi inguru izan daitezke”.

“Animaliok jaten ditugunean, ezin dugu ahaztu benetako prezioa zein den: guk ordaintzen dugun diruaz gain, animaliak pagatzen duen prezioa hor dago, sufrimenduz betetako bizitza eta heriotza, alegia”.

Bertze animaliak esplotatzea eta zapaltzea ez da espezismoak duen ondorio bakarra, Hortak nabarmendu duenez. Naturari ere egin dio so, bertze ondorio nagusi bat mahai gainean jartzeko: “Natura idealizatzen dugu; baina naturan bizi diren animalien bizitza gogorra da, kasu gehienetan”. Gizakiak laguntzen ditugun kasuetan bertze animaliei laguntza hori ukatzea espezistatzat jo du, eta nabarmendu du laguntza hori emateko beharra. “Ongi aztertu behar dira egoerak, eta argi izan ez dugula eraginen saihestu nahi duguna baino kalte handiagoa”. Aipatu du, adibidez, Jane Goodallek polio eritasunaren kontrako botika eman ziela txinpantzeei, eta Europako iparraldeko hainbat herritan amorruaren aurkako botikak banatu dituztela, airez botatako gaileten bidez.