Magia, egonaldia arintzeko

Magia, egonaldia arintzeko

Edurne Elizondo

Izan dadila espazio atsegin bat, tratamenduak eta gaixotasunak tarte batez ahazteko aukera emanen duena”. Horixe hartu du helburu Nafarroako Ospitale Guneko Humanizazio Batzordeak, Bideko Ama Ospitaleko laugarren solairuan atondu duen gelaren bidez. Abracadabra Fundazioko kideekin batera, magia ezagutzeko aukera eskaini nahi die espazio horrek ospitalean diren haurrei. Marcos magoak eskainitako emanaldiarekin inauguratu dute. Magia saioak eskaintzeaz gain, tailerrak egitea ere bada asmoa.

“Umeei helburu bat ematen diegu; hori lagungarria da ospitalean diren bitartean, eta ateratzen direnean ere jorratzen segitzeko aukera badute”, azaldu du Abracadabra Fundazioko Almudena Fernandez Cantok. Hamabost ospitaletan jarri dituzte gisako espazioak martxan, eta guztietan boluntario gisa aritzen diren magoak dituzte ospitalean diren haurren laguntzaile. “Ohartu gara esperientziak umeei egiten diela mesede, baina ez bakarrik haiei; gurasoentzat eta profesionalentzat ere bada ekinaldi aberasgarria eta lagungarria”, erantsi du Fernandez Cantok.

Iritzi berekoa da Cristina Jaurrieta ere. Nafarroako Ospitale Guneko Humanizazio Batzordeko kide da. 2017. urteko maiatzean jarri zuten batzorde hori martxan. “Nafarroako ospitale guztietan daude gisako batzordeak; xede nagusia da gaixoei hitza ematea”. Eta gaixoek azaldu dute toki atsegin bilakatu nahi dituztela ospitaleetako gelak eta gainerako espazio guztiak. “Ahal den neurrian, behintzat”, azaldu du Jaurrietak. “Kontua da bertzeak tratatzea gu tratatzea nahi dugun moduan. Lelo horrek balio du ospitaletik kanpo, bai eta barruan ere”.

Adibide baten bidez azaldu du lelo horrek duen garrantzia: “Dekalogo bat prestatu dugu, ospitaleak humanizatzeko; proposamenetako bat da berri txarrak eman behar direnean ez egitea ospitaleko korridore batean, baizik eta espazio itxi eta intimo batean. Halako keinuek laguntzen dute egoera txar bati modu positiboago batean aurre egiten”.

Haurren kasuan, espazio ahalik eta atseginenak eta beroenak sortzea are garrantzitsuagoa dela argi du Jaurrietak. Umeentzat, kasu anitzetan, zaila da ulertzea zergatik dauden ospitale bateko gela batean, edo zergatik hartu behar duten tratamendu bat osatu ahal izateko. “Finean, jolasean edo magia ikasten ematen duten tarte horretan aukera dute ospitaleko errutina bazter uzteko; irri egiten dute, eta gozatzen dute. Hori da inportanteena”.

Jarrera positiboa

Horixe nabarmendu du Fernandez Cantok ere, eta erantsi du anitz laguntzen duela haurrek jarrera positibo bat izateak. “Tratamenduaren parte ere bilakatzen da. Haurrek behar dute tarte batez botiken eta medikuek egindako proben egunerokotik urrun egon”.

Nafarroako Ospitale Guneko magia saioak ez dira oraingo kontu. “Hilean behin egin izan ditugu”, azaldu du Abracadabra Fundazioko kideak. Saio horiek ekinaldi finko bilakatu nahi izan dituzte orain egindako urratsaren bidez, haurrentzat espazio bat zabalduz magia jorra dezaten.

Ospitaleetako profesionalek ontzat eman dute ekinaldia, Jaurrietak nabarmendu duenez. Gurasoek ere bai. “Gurasoentzat biziki garrantzitsua da atseden hartzeko aukera izatea”. Humanizazio Batzordeak egin nahi ditu urratsak ere gurasoen eta gainerako gaixoak laguntzen egoten diren pertsonen alde, hain zuzen ere. “Haien zama arintzea da xedea”. Asmo hartu dute, halaber, inor ez dadila bakarrik egon ospitaleetan. Gaixoenganako arretan ere bada zer hobetu, Jaurrietak agerian utzi duenez. “Lo egiteko denborak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu, adibidez. Neurri errazak har daitezke gauez geletan bakarrik beharrezkoa denean sartzeko, edo profesionalak sartzen direnean ahalik eta eragozpen gutxiena eragin dezaten. Argia piztu beharrean, adibidez, erabil ditzatela esku argiak. Ospitalean direnek ohi baino denbora gutxiago egiten dute lo; atseden hartzea, ordea, inportantea da”.

Humanizazio Batzordean profesionalek, gaixoek eta boluntarioek bat egiten dute. Urratsak egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du Jaurrietak, ospitaleak ahalik eta atseginenak izan daitezen. Haurrek badute beren espazioaz gozatzeko aukera. Gisako ekinaldiak jorratzen jarraituko dute batzordeko kideek.