“Helburua ez da kontsumoa, elkartasuna ez baita salgaia”

“Helburua ez da kontsumoa, elkartasuna ez baita salgaia”

Kattalin Barber

Javier Errok (Iruñea, 1957) 18 urte zituenetik du lotura garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE). Ikertzailea da, eta NUPeko irakaslea. Bere tesian eredu berri bat proposatu du, egungo molde mediatiko eta merkantilistak bazter uzteko.

Tesian diozu gobernuz kanpoko erakundeek komunikazio arazoa dutela, eta, hori gainditzeko, eredu berri baten diseinua proposatu duzu. Zein da komunikazio arazo hori?

Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak sortu zirenean, eredu mediatikoa hartu zuten beren gain. Hau da, haien komunikazio ereduak, oinarri sozialarekin baino, iritzi publikoarekin du lotura handiagoa. Baliabide ekonomiko asko mobiliza dezakete, baina ezegonkortasuna da nagusi haien artean, eta oinarri soziala falta zaie. Eredu horretatik ateratzeko proposamena da nirea, komunikabideen logikatik at. Eredu hori komunikazioa eta garapenerako heziketa oinarritzat hartuta eraikiko da; gizarte erakundeak estrategikoki eta osoki diseinatuta egonen dira elkartasunean hezteko.

Adierazi duzu pertsuasioa ezin daitekeela izan baliabideak lortzeko bide bakarra. Zeintzuk dira beste bideak?

Kultura eraginkortasunaren kontzeptuari buruz hitz egiten dut. GGKE batek baliabideak eskatzeko mezu bat zabaltzen duenean, lehendabizi pentsatu behar du ea eskatzeko modu horrek elkartasunaren ideia zuzen bat zabaltzen duen. Kultura eraginkortasunaren ikusmoldetik, helburua da elkartasunaren kultura zuzen batean heztea, eta, aldi berean, beharrezko baliabideak lortzea. Helburua ez da elkartasunaren kontsumoa, elkartasuna ez delako salgai bat, batzuetan horrela saldu arren. GGKEen ikuspegi merkantilista bazter uztea da xedea. Askotan, erakunde horiek nahi dute dirua lortu, nola edo hala, eta hori ez da elkartasuna, hori beste gauza bat da. Gainera, argi ikusi behar dugu pobrezia desagerrarazteko ez direla aski lankidetza proiektuak, eta ezinbestekoa da arazo politiko baten aurrean gaudela erakustea, hots, pobrezia desagerrarazteko borondate politikoko arazo baten aurrean gaudela erakustea.

Zein da zure proposamena?

Komunikazioa eta elkartasunerako heziketa izan behar dituzte oinarri gobernuz kanpoko erakundeek. Horretarako, eredu merkantilista utzi behar dugu; hori lortzen dugunean, GGKEak lagungarriak izan daitezke elkartasunaren kontrakultura bat eraikitzeko, eta horren bidez aurre eginen genieke Espainiako agertokian nagusi diren eredu hegemonikoei; alegia, oinarrian hedabideak eta merkataritza dituzten elkartasuneko eta filantropiako eredu hegemonikoei. Erabaki behar dugu elkartasunaren balioak nolakoa izan behar duen: eraldaketa sozialaren ardatz, edo merkantzia huts.

Zer iritzi daukazu hirietako kaleetan egon ohi diren GGKEetako bazkideak lortzeko langileek erabiltzen dituzten komunikazio estrategien inguruan?

Errespetua diet langileei, baina uste dut lan egiteko modua ez dela egokiena. Intimitatearen inbasio bat izateaz gain, uste dut ez dela bazkideak lortzeko ekintza errentagarria. Alde batetik, jendea ez da kontzientziatzen, eta, bestetik, kalean egiten diren bazkideek denboraldi bat pasa ondoren dirua emateari utzi ohi diote. Iruzur modukoa da egiten dutena. Gainera, kide ereduaren inguruan arazoa dute GGKEek. Kideak ez dira kideak: kideek diru kopuru bat ematen dute, baina ez dute inolako erabakirik hartzen erakundean. Gehienez, diruarekin zer egiten duten azaltzen zaie. Minik gabeko elkartasuna lortzen da horrela. Erakunde bateko kide izan zaitezke, eta elkartasuna sustatu, baina, aldi berean, ez duzu inolako elkartasunik agertzen zure bikotekidearekin, lankidearekin edo auzokidearekin. Elkartasuna kontsumo gisa ulertzen delako.

Zein izan behar du komunikazioaren tokiak GGKEetan?

Komunikazioa izan behar da GGKEen ardatz estrategikoa; hori oso garrantzitsua da. Ulertu behar ditugu erakunde hauek harremanen eta elkartasun eta lankidetza moduen inguruko laborategi bat balira bezala. Krisi garaian, GGKE askok enplegua erregulatzeko espedienteak egin zituzten. Enpresa gisa jardun zuten jendea kaleratzen. Elkartasuna egin daiteke horrelako egitura merkantilistetan? Elkartasun kulturak sortu behar ditugu, eta horretarako bidea barnetik hasten da, bertatik hasita eraldatuz.

Aylan Kurdi haurraren gorpuaren argazkiak gizartea hunkitu zuen. Nola komunikatu behar da errefuxiatuen krisian?

Batzuetan, elkartasun konpultsiboa sustatzen ari gara. Hondamendi edo arazo larri bat dagoenean, horrelako mezuak eta irudiak zabaltzen dira. Errealitatearen irudi tragiko bat ematen da, eta gizartea hunkitzen da. Modu horretan, laguntzen duena umeen salbatzaile bihurtzen da, bai, garagardo batek eta pintxo batek balio dutenaren truke. Horrelako kasuetan, elkartasunak gutxi iraun ohi du, eta ez da sortzen elkartasun egiturarik. Aurrera egin nahi badugu, beste eredu bat hartu, eta eredu mediatikoa atzean utzi behar dugu. Beharrezkoa da hedabideekin harremana izatea, baina bestelakoa behar du izan.

Era berean, uste dut immigrazioaren arazoak asko aldatuko duela elkartasunaren mundua. Mugarri bat da, eta erronka handi bat, praktikaren eta teoriaren esparruetan, elkartasunaren alorra lantzeko.