“Mugak sortzen duen tentsio horrek guztiak erakartzen nau”

“Mugak sortzen duen tentsio horrek guztiak erakartzen nau”

Edurne Elizondo

Mugakoa, mugan, eta mugari buruz. Asier Gogortzak (Bera, 1976) ezin izan dio ihes egin mugaren eraginari. Ez dio kontra egin nahi izan, gainera, eta muga bilakatu du artistak bere lanen oinarri; modu nabarmen batean, kasu anitzetan; eta egilea bera ohartu gabe, bertze zenbaitetan.

Muga serieko lanak mugan izanen dira uda osoan. Tokiak ematen die zerbait berezia?

Bai, nik uste dut baietz. Toki hagitz aproposa da. Ireki berria dute Kabia, gainera, eta nirea da lehen erakusketa. Kultur espazioko arduradunek ezagutzen zuten nire lana, eta nahi zuten mugari buruzko zerbait. Dani Irazoki da Larhungo Kaiola ostatuko nagusia, eta laguna dut. Aspaldi hasi ginen aukera honi buruz hitz egiten, eta, azkenean, gauzatu da.

Aurretik bitan erakutsi dituzu lanok.

Bai. Lehendabizikoz, Erroman. Proiektua bukatu gabe zegoen, oraindik ere. Gero, inaugurazio ofiziala, nolabait erranda, Azkainen eta Beran egin nuen; erakusketaren erdia herri batean, eta bertze erdia bertzean jarri nuen. Erakusketa osoa ikusi nahi zuenak, beraz, muga zeharkatu behar zuen.

Argazkiak egiteko, hain zuzen, mugan jarri zinen zu zeu, mugaren erdi-erdian.

Mugari buruz egin nahi nuen lana; niretzat da esplorazio geografiko bat, argazkien bidez egina. Proiektua osatzeko prozesuak hiru urte iraun du, eta denbora horretan baldintza bat ezarri nion neure buruari, argazkiak egin behar nituela den-denak mugaren marraren gain-gainean. Edozein teknika baliatuz, baina kamerak beti egon behar zuen mugaren marraren gainean. Eta halaxe egin nituen.

Kameraren atzeko begirada ere mugakoa da; zurea, alegia. Mugan jaiotzeak zer eman dizu?

Badu eragina. Bertze proiektu anitzetan ere, batzuetan konturatu gabe, gaitzat hartu dut muga. Mugan jaio eta hazi garelako, beharbada, badugu mugari buruzko bertze begirada bat; interesa ere bai.

Lurraldea, arkitektura… jorratu dituzu. Gizakiaren arrastoa ikusten da zure argazkiek erakusten dituzten paisaietan, gizakia bera atera gabe.

Gizakiak lurraren gainean egindako esku hartze oro interesatzen zait. Gizakia bera agertu gabe, gizakiaren presentzia hor dago. Ez ditut pertsonak ateratzen, baina pertsonez ari naiz argazkietan. Finean, inguratzen gaituen guztiaren atzean dago pertsonen eskua. Uste duguna baino gehiago. Gu bizi garen eremuan ere, uste dugu naturak inguratzen gaituela, natura basa dela, baina ez da. Eta ez dut erraten zentzu txarrean. Gizakien lana eta beharrak daude atzean. Paisaia landu dugu, eta lantzen dugu, egun ere. Beharbada, modu bortitzagoan; egiten ditugu etxeak nonahi, eta aldatzen ari gara paisaia, etengabe.

Lurraldea eta paisaia aipatu dituzu, bien artean sortzen diren tentsioak. Paisaiak ez du muga ezagutzen, baina lurraldeari gizakiak jartzen dizkio, ezta?

Hala da. Pertsonek erabakitzen dituzte. Animaliek ez dute mugarik onartzen. Alde batetik bertzera ibiltzen dira. Lurra markatzen dute pixa eginez. Gizakiok asmatu dugu lurra zatitzeko mugen sistema hori.

Hiru urtez aritu zara mugari buruzko proiektuarekin. Egon da garapen bat?

Hiru urte horietan astean behin, gutxienez, joan naiz mugara. Beti kamerarekin; gehienetan, halere, argazkiak egin gabe. Egon da prozesu bat, eta erakusketan ere ikusten da. Argazkiak ordena kronologikoan jarri ditut, eta uste dut erakusten dutela nire barne prozesua. Hasierakoak dira argazki agerikoagoak, nolabait erranda; mugarriak agertzen dira horietan, adibidez. Gero, bukaeran, lana subjektiboago bilakatzen da, eta mugaren inguruko nire irakurketa subjektiboagoa agertzen dute argazkiek.

Aldatu da mugari buruzko zure ideia?

Aldatu ez dakit, baina landu dut, eta galderak egin dizkiot neure buruari. Galderak inoiz ez dira soberan. Erranen nuke lan honekin deskubritu dudala mugak erakarri egiten nauela, nolabait. Bertze behin erran nuen mugak iman baten gisa erakartzen nauela. Eta hala dela uste dut. Akaso mugakoak garelako, baina mugak sortzen duen tentsio horrek guztiak erakartzen nau. Batzuek mugara ailegatu nahi dute, bertze batzuek zeharkatu, baina beti bada mugen gaineko interes hori.

Muga ez baita gauza bera denentzat, ezta?

Ez. Nik argazkiak egin ditut nire mugan, eta nire ikuspuntutik. Batzuk barneratuago dugu zer den, edo bertze modu batera erreakzionatzen dugu mugaren aurrean. Euskal Herrian ere erraz ikus daiteke hori, eta batzuek eta bertzeek modu ezberdin batean ulertzen dugu muga zer den. Batzuentzat izan daiteke Frantziaren eta Espainiaren arteko muga; bertze batzuentzat, Frantziak eta Espainiak Euskal Herriko lurretan egindako inposizioa; bertze batzuek ez diote auzi politikoari hainbertzeko garrantzia emanen, akaso, eta ikuspuntu ekonomiko batetik begiratuko dute auzia, etekina ateratzeko mugari. Nork bere ikuspegia du mugari buruz.

Beratar anitzentzat izan da lan egiteko toki bat muga.

Hori da. Zenbat diru sartu den herrian muga hor dugulako! Nik uste dut gure herriaren ezaugarri nagusia dela muga ondoan dagoela, eta egoera horri etekina ateratzen jakin duela, kontrabandoren bidez, benten bidez…

Anitzetan aipatu da mugak herri horretako kulturan duen eragina; musikari anitz dago Beran, adibidez. Mugak sormena lagundu du?

Nire lagun gehienak musikariak dira, eta horri buruz anitzetan solastatu gara. Nik uste dut mugak baduela eragina, zerbait ematen duela mugan egoteak.

Bunkerren inguruko serieak ere badu mugarekin lotura, ezta?

Bai. Hasieran ez nintzen lotura horretaz ohartzen, baina gero konturatu naiz baietz, hor ere muga dagoela.

Arkitekturari buruz, baserrien inguruko Mendebalde seriea egin duzu.

Azken proiektua da, eta euskal baserri tradizionalen atzeko aldea erakusten du. Ikusten ohi ez dena. Niri interesgarriak iruditzen zaizkit horma itsu horiek, badutelako horrelakoak izateko arrazoi bat: babestea, euriaz, haizeaz babestea, Euskal Herrian mendebaldetik jotzen duelako toki gehienetan. Hainbat mendez funtzio hori izan dute. Orain, gauzak aldatzen ari dira, material berriekin, bertzeak bertze. Ez daude lehengo beharrak.

Ezagutza bat dago pareta horien atzean?

Hori da. Mendeetan probatu eta findu den teknika bat dago horren atzean. Zerbaitegatik egiten dira gauzak egiten diren moduan. Duela 50 urte edo, gauzak aldatzen hasi ziren. Ahaztu zaigu ikasitako hori guztia, eta hasi gara gauza berriak egiten.

Galtzen ari gara ezagutza hori?

Neurri batean, bai. Egungo etxeek euskal baserriaren itxura hartu nahi dute, baina oinarrizko arauak ez dituzte errespetatzen.