Trenbidera atera ez dadin

Trenbidera atera ez dadin

Edurne Elizondo

Ez dadila atera; geltokian gera dadila abiadura handiko trena. Horixe dute helburu AHT Gelditu taldeko kideek, eta, hori lortzeko, proiektu horren aurka egiteko, Martzilla eta Altsasu arteko bizikleta martxa bat jarri dute abian. Atzo hasi, eta igandean amaituko da.

AHTaren inguruko egungo egoeraren ondorioz hartu dute azpiegitura horren aurka direnek protesta egiteko erabakia. “Garai garrantzitsua da oraingoa; duela hiru urtera arte, proiektua geldirik egon da; orain, berriz, lanak berehala hasteko mehatxua dugu aurrean”, azaldu dute Nafarroako AHT Gelditu taldeko kideek.

Ezagutarazi dutenez, azken aldian bi desjabetze prozesu jarri dituzte martxan: bat, Tafallan eta Erriberrin; bertzeak, berriz, Erriberriko lurrez gain, Alesbes, Azkoien, Faltzes eta Martzilla herrietakoak ere ukituko ditu. Bizikleta martxak, hain zuzen, herriok izanen ditu protagonista, gertatzen ari diren desjabetzeak salatzeko, bertzeak bertze.

Bizikleta martxak Sustrai Erakuntza fundazioaren babesa jaso du. Hain zuzen ere, talde horretako kide Pablo Lorentek nabarmendu eta salatu du egungo Nafarroako Gobernuak AHTari bultzada eman diola: “Azken hiru urteotan, UPNk zortzi urtean egin zuena baino anitzez ere gehiago egin du EAJk AHTaren alde”. Batetik, Geroa Baik AHTaren aldeko apustua egin izana jarri du Lorentek mahai gainean; bertzetik, berriz, gobernua babesten duten gainerako hiru taldeek “deus” egin ez izana, Geroa Baik AHTari emandako bultzada hori hutsean uzteko.

Hitzaldi bat eskainiz eginen du bat Sustrai Erakuntzak egunotan egiten ari diren bizikleta martxarekin. Gaur izanen da, 15:00etan, Biurrunen, herriko elkartean. Fundazioko Xabier Zubialdek hartuko du hitza Prestazio handiko trena eta energia izenburuko saioan.

Gaur, Tafallatik Iruñera

Atzoko lehen etapan, AHTaren aurkako bizikleta martxak Martzilla eta Tafalla arteko bidea egin zuen. Gaur, Tafalla eta Iruñe artekoa eginen du. Gaurko ibilbidea 46 kilometrokoa da, eta hiriburuko Maravillas gaztetxea izanen du helmuga.

Bihar, parte hartzaileak Iruñetik Irurtzunera joanen dira, 43 kilometroko bidean. Igandeko etapak, azkenak, kilometro kopuru bera izanen du: txirrindulariek Irurtzun eta Altsasu arteko bidea eginen dute. 09:30ean hasiko da igandeko etapa, eta 18:00etan eginen dute protesta bukatzeko ekinaldia, Altsasun.

“Herritarrei esan nahi diegu karrikara atera behar dugula AHTaren aurka protesta egiteko; orain, inoiz baino gehiago”, berretsi dute AHT Gelditu taldeko kideek. Batetik, agerian utzi dute lanak hasteko arriskua, baina, bertzetik, nabarmendu dute egun “inoiz baino zilegitasun gutxiago” duela abiadura handiko trenaren proiektuak.

Izan ere, Europako kontu auzitegiak berriki erran du, txosten baten bidez, Europako AHT lineak ez direla “eraginkorrak”, eta “kostuei eta onurei buruzko azterketarik gabe” egiten dituztela. Lorentek ere nabarmendu du zer errealitate uzten duen txosten horrek mahai gainean: “AHTarekin aurrera jarraitzeko inolako argudiorik ez dute”, erran du.

AHT Gelditu taldeko kideek ere argi dute kontu auzitegiak agerian utzi dituen datuak aintzat hartzekoak direla. Gainera, AHTaren inguruko “ustelkeria” salatu dute. “Barcenasen paperetan ageri diren hainbat enpresari esleitu dizkiete Nafarroako lanak”, azaldu dute.

Bizikleta martxaren antolatzaileek uste dute AHTaren proiektuak gero eta babes txikiagoa duela gizartean ere. Nabarmendu dute azken urteotan hainbat talde sortu direla Nafarroan bertze tren eredu baten alde, bertzeak bertze Tafallan eta inguruko herrietan, bai eta Sakanan ere. AHT Gelditu plataformako kideek “sarea” osatzen jarraitu nahi dute taldeokin, eta horretarako ere baliatu nahi dute bizikleta martxa.

Sustrai Erakuntza fundaziotik ere tren publiko eta sozialaren alde egin dute lan azken urtean. Lorentek apustu hori berretsi du, eta Nafarroako Gobernuko kideak bat egitera deitu ditu. Bizikleta martxaren helburua ere hori da, AHTa baztertzeko eta bertzelako tren eredu bat bultzatzeko lan egitea. Atzotik, bidean dira bizikletak; igandean iritsiko dira Altsasura. Han eskatuko dute AHTa ez dadila geltokitik atera.