Kurriloek negua ekarri arte

Kurriloek negua ekarri arte

Edurne Elizondo

Miru beltzekin eta sorbeltzekin hasi, eta kurriloekin bukatu. Denborak txori izena du Aurizko Lindus tontorrean, ehunka mila baitira Pirinioak zeharkatzeko toki hori aukeratzen duten hegazti migratzaileak. Haiei so dira, uztailetik, Lindus 2 proiektuko kideak, egitasmo horren hirugarren sasoian.

LPO eta SEO Birdlife elkarteek, Aurizko Udalak eta Nafarroako Gobernuak egin dute bat Lindus 2 proiektuan. Gobernuaren izenean, Ornitolan etxeko kideak ari dira hegaztien bideari behatzen. Miru beltzei eta sorbeltzei egin zieten ongi etorria uztailaren erdialdean, eta kurriloek negua ekartzen dutenean itxiko dute aurtengo kanpaina, azaroaren erdialdean. Ordura arte, 80 espezie inguruko hegaztiak pasako dira Lindus tontor gainetik, hegoaldera bidean.

“Lindus 2 proiektuak hiru hanka ditu: zientzia, ekoturismoa eta formakuntza. Hiru arlo horiek jorratzen ahal ditugu hegazti migratzaileei so”, erran du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.

“Lehenik, hegazti migratzaileei behatuz datuak lor daitezkeelako haien populazioei eta klimaren aldaketak haiengan duen eraginari buruz, bertzeak bertze; bigarrenik, gero eta gehiago direlako ornitologiak erakarritako bisitariak; hirugarrenik, hegaztiei toki ezin aproposagoan behatzeko eta ikasteko aukera eskaintzen duelako Lindusek”, azaldu du.

Ornitolan etxea 2009. urtetik ari da Lindusen lanean. 2010ean, Lindus 1 proiektua sortu zuten, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Bertze urrats bat egin zuten Lindus 2 proiektuarekin: kide gehiago hartu dituzte egitasmoan, eta hegaztiei so egiteaz gain, turismoa bultzatzeko ere bertze hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. Zientziaren arloan, gainera, hegaztiei so egin ez ezik, saguzarrei behatzen ere hasi dira. Zehazki, Juan Tomas Alcalde aditua ari da Lindus 2 proiektuan. Egitasmo horren barruan lortutako hasierako datuek agerian utzi dute, adibidez, Baztango muinoak aukeratzen dituztela saguzar anitzek beren migrazioan. Europako ipar eta erdialdetik eremu epelagoen bila gurutzatzen dituzte Pirinioak animaliok.

650.000 hegazti 2017an

Hegaztiek ere giro epelagoak bilatzen dituzte hegoaldera bidean; bai eta zer jan ere. Iaz, 650.000 hegazti migratzaile zenbatu zituzten Pirinioetako tontorretan diren behatzaileek. Haietako ia 328.000 pasatu ziren Lindusko tontor gainetik. 2016. urtean, berriz, 83 espezietako 400.000 izan ziren.

Europako hegazti migratzaileen %90 pasatzen dira Lindus gainetik, hain zuzen ere. Horrek haiei so egiteko toki ezin hobe bilakatzen du Aurizko tontorra. Eguzkia atera bezain pronto hasten dira ornitologoak lanean, eta eguzkia sartu arte aritzen dira, eguraldiak zeruari so egiteko aukera ematen badie behintzat, zeren, lainoa sartzen denean, teleskopioek eta prismatikoek ez baitute deustarako balio.

Eguraldia lagun, ordea, Lindusko tontorraren orografiak mesede egiten dio zeruari so dagoen ornitologoari. “Teleskopioarekin, puntu bat direnetik buru gainean ditugun arte jarraitzen ahal diogu hegaztien bideari. Gertutik pasatzen dira, eta horrek aukera ematen digu datu anitz jasotzeko”, azaldu du Berasategik. “Hasiberrientzat, ikasteko toki ezin aproposagoa da”, gaineratu du Ornitolan etxeko arduradunak.

Miru beltzak, sorbeltzak, miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak, pagausoak… luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. Iruñetik gertu dago, eta horrek erakargarri bilakatzen du hegaztiei so gozatu nahi duten guztientzat. Nafarroan gora egin du zaletasunak azken urteotan, hain zuzen ere. “Lindusko tontorrak ikuskizun ederra eskaintzen du”, berretsi du Berasategik. Hainbat data buruan ditu: 2016ko urriaren 9an, adibidez, ia 500 miru gorri ikusi zituzten Lindusen; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso.

Aurtengo kanpainaren hasieran ere izan dute hegaztien migrazioaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera Aurizko tontorrean: uztailaren 29an, adibidez, ia 1.000 miru beltz pasatu ziren Lindusko tontor gainetik.

Aurtengo kanpaina hasi bertzerik ez dute egin Lindusko tontorrean lanean ari diren ornitologoek. Hogei pertsona inguru dira, denera. Txandaka antolatzen dira, handik pasatzen diren hegazti guztiei so egin ahal izateko. Azaroaren 15era arte egonen dira Auritzen. Kurriloek negua ekartzen duten arte. Bitartean, prismatikoak eta teleskopioak zerura begira izanen dira Lindusen.

Irudia: Gabi Berasategi