“Toki ezin hobea da Erronkari Pertseidak ikusteko”

“Toki ezin hobea da Erronkari Pertseidak ikusteko”

Edurne Elizondo

Astronavarra Sareak 180 bazkide inguru ditu. Haietako bat da Javier Prat (Tutera, 1959). Aspaldi hasi zen zeruari behatzen. Hainbat elkartetako kide izan da, eta Astronavarra Sareko presidente da orain.

Noiz eta nola jarri zenuten martxan sarea?

Elkartean bat egin dugu beti astronomiaren esparruan aritu garen jende askok. Izan gara bertze hainbat elkartetako kide, baina, azken urteotan, nahiago izan dugu gure kabuz aritu. Ez genuen gure gain hartu nahi elkarte bateko kide izateak ekartzen dituen lanen ardura, eta denbora aprobetxatu nahi genuen maite dugun hori egiteko, zeruari behatzeko, alegia. Kontua da duela lau urte aukera sortu zela Espainiako Astronomia Kongresua hartzeko, eta, hori egin ahal izateko, elkartea sortzeko urratsa egin behar genuen.

Kongresua hartu zenuten, azkenean, duela bi urte.

Bai. Kongresu hori astronomo amateurrena da, baina profesionalek ere parte hartzen dute, gure esparruan amateurren eta profesionalen arteko marra ez baita zurruna. Astronomo amateur batek profesionalentzat baliagarria den lana egin dezake bere teleskopioarekin. Elkarlana bada.

Iruñeko planetarioarekin ere aritzen zarete elkarlanean?

Bai. Aretoren bat behar dugunean, badugu lehentasuna; aldi berean, planetarioak zeruari so egiteko ekitaldiak antolatzen dituenean, gure laguntza izaten dute. Planetarioan ezin da zerua zuzenean begiratu; guk gure baliabideak jartzen ditugu haien esku, zeruari behatzeko ekintzak prestatzen dituztenean. Girgillaoko behatokiarekin ere aritzen gara elkarlanean.

Zaletasun handia dago?

Bai, bada. Iruñean pare bat elkarte gara. Gureak 180 bazkide inguru ditu. Nik uste dut jakin-mina badugula gizakiok. Gainera, eklipse baten gisako fenomenoak gertatzen direnean, jakin-min horrek gora egiten du. Jendea kezkatzen hasten da inguratzen duen horrekin. Guk antolatzen ditugun ekinaldietara jende anitz etortzen da.

Abuztuan Pertseidak ikus daitezke; hilabete ona da zeruari so egiteko?

Abuztuan gertatzen dena da jendea oporretan dagoela, eta eguraldiak ere laguntzen duela. Horrek ekartzen du jendea errazago ateratzea etxetik zeruari so egiteko. Baina neguan, adibidez, lehenago iluntzen du, eta, aukera dago, beraz, lehenago hasteko zeruari behatzen.

Pertseiden fenomenoa da gehien ezagutzen ditugunetako bat?

Bai, zalantzarik gabe. Kontua da Lurrak, bere orbitan, gasez eta hautsez betetako eremu bat zeharkatzen duela, eta partikula horien arrastoak dira izar iheskor gisa ikusten ditugunak. Berez, ez dira ikusgarrienak. Abenduan ditugu Geminidak, eta zoragarriak dira. Atmosfera, gainera, egonkorragoa da abenduan, eta hobeki ikus daitezke. Kontua da negua dela. Abuztuan errazagoa da ateratzea. Hilabete honetan, gainera, bada bertzerik ikusteko.

Zer gehiago dago ikusteko?

Planetak mugituz doaz. Izarrak ez. Ondorioz, abuztuan, Venus ikus dezakegu ilunabarrean; Jupiter ere bai, bai eta haren sateliteak ere. Laster Marte eta Saturno ere ikusiko ditugu. Planetak eskura izanen ditugu hilabete honetan.

Zeruari so egiteko, bada bereziki egokia den tokirik Nafarroan?

Pertseidak ikusteko, adibidez, kontua da ilun dagoen toki batera joatea. Erronkari, adibidez, toki ezin hobea da Pertseidak ikusteko. Iruñean, noski, zailagoa da ikustea, hiriko argien ondorioz. Horregatik erraten dugu beti hiritik kanpora joan behar dugula izarrei so egiteko, argiek eta eraikinek traba ez egiteko.

Zein da egunik onena Pertseidak ikusteko?

Uztailaren bukaeratik jada ikus daitezke, abuztu bukaerara arte. Lurra material gehien dagoen tokitik igarotzen denean errazagoa izanen da ikustea; hau da, abuztuaren 12tik 13ra. Guk 11n antolatuko dugu irteera bat zeruari so egiteko. Oraindik ez dakigu zehazki non eginen dugun. Arbaiunen egin izan dugu, baina jende anitz etortzen da, eta, ondorioz, ez da tokirik egokiena.

Teleskopioa beharrezkoa da?

Pertseidak ikusteko, ez. Guk erabiltzen ditugu, aprobetxatzen dugulako aukera zeruari so egiteko.

Zer behar da urratsak egiten hasteko ?

Gure aholkua beti da hasieran prismatikoak baliatzea, gehienez ere. Batzuek sekulako teleskopioak erosten dituzte, hasi bezain pronto, eta, azkenean, armairu batean gordeta uzten dituzte. Ez da horrelakorik behar. Hasteko, aproposena da egun eskura ditugun sakelako telefonoko aplikazioak erabiltzea, zerua ezagutzen hasteko. Eskuratzen ahal dugu zeruaren mapa bat, konstelazioak ezagutzeko. Prismatikoekin has gaitezke ilargiari behatzen. Eta gurearen gisako elkarte batekin bat eginez gero, noski, gure baliabideak baliatzen ahal dituzte. Zaletasuna galtzen ez badute, teleskopioa eros dezatela.

Nafarroan, hainbat udal ere ari dira urratsak egiten astroturismoa bultzatzeko. Bide bat zabaltzen ari dira?

Bai. Iaz Lerinen egin zituzten jardunaldiak. Guk parte hartu genuen, eta jende anitzek egin zuen bat. Argi kutsaduraren aurkako urratsak egiten ari dira Lerinen eta bertze hainbat herritan. Kontua ez da kale argiak kentzea, adibidez, baizik eta kale argi eraginkorrak erabiltzea. Anitzek gora zabaltzen dute argia, eta horrek sortzen du kutsadura, eta gauez ikusi nahi duenari ez dio laguntzen. Bide interesgarri bat ari dira zabaltzen Lerinen eta Erronkarin, bertzeak bertze.

Hemendik at, Martetik etorri diren azken berriek diote ur likidoa aurkitu dutela. Halako berriek laguntzen dute zaletasuna zabaltzen?

Bai, zalantzarik gabe. Jakin-mina dugu, eta horregatik saiatzen gara Marteri buruz gehiago jakiten. Halere, hagitz zaila izanen da izaki adimendunak aurkitzea; distantzia da arazoetako bat, eta, bertzea, zalantzarik gabe, komunikatzeko zailtasuna.

Zeruari so egiten dionean, halere, izaki adimendunen arrastoak aurkitzeko aukera du gizakiak buruan?

Ideia hori hor dago, jakin-mina badugulako. Baina hain da zaila… Distantziak hain dira handiak… Gure galaxian, bakarrik, 200.000 milio izar dago. Neurriak sekulakoak dira. Nik uste dut bertze izaki batzuk egon badaudela, baina komunikatu ahal izatea hagitz zaila izanen da.

Abuztua zeruari so emanen duzue zuek. Non izanen zarete, zehazki?

Hilaren 9an eta 10ean, adibidez, Uxuen izanen gara. Hitzaldia eskaini eta izarrei behatuko diegu. Hilaren 17an, berriz, Irunberrin izanen gara. Interesa duenak www.astronavarra.org helbidean aurkituko du gure jarduerei buruzko informazioa.