Zaindutako fruitua ardo bihurtzeko

Edurne Elizondo

Prozesua burutzeko prest dira nekazari nafarrak: urte osoan zaindutako fruitua jaso eta ardo bilakatzeko prest, alegia. “Bidea ez da erraza izan”, halere. Horixe nabarmendu zuen Erriberriko alkate Andoni Lakarrak igandean, herri horretan mahats biltzearen hasiera ospatzeko egindako bestan.

Lakarrarekin batera, Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek parte hartu zuen Erriberriko besta horretan, bai eta Nafarroako jatorri izeneko eta Nafarroako Ardoaren Kofradiako buru David Palaciosek ere, bertzeak bertze. Besta giroan eman zioten hasiera mahatsa biltzeko aurtengo kanpainari, kofradiako kide Tomas Yerrok bere pregoia irakurri eta gero.

Negu hezearen mehatxupean egon dira Nafarroako mahastiak. Udaberriko urak eta udako giroak, halere, “hagitz kalitate oneko mahatsa” eman dute azkenean, adituen hitzetan, eta biltzen hasi dira nekazariak. Nafarroako jatorri izenaren arduradunek eta Nafarroako Gobernuko Mahastizaintza eta Enologia zerbitzuko kideek uste dute 75 milioi kilo mahats bilduko dituztela aurten; hau da, iaz baino % 24 gehiago. Herrialdean, 10.500 hektarea hartzen dituzte mahastiek. Mahats zuria eta beltza jasoko dute nekazariek egunotan.

Aurtengo kanpaina ohiko garaian hasi dute; irailaren hasieran, alegia. Iaz, hamabost egun aurreratu behar izan zuten, eguraldiagatik: hain zuzen, abuztuaren 16an hasi ziren mahatsa biltzen 2017an. Nafarroako sor-markako kideek nabarmendu zuten beren ibilbideko “goiztiarrenetakoa” izan zela iazko kanpaina. Urriaren 20an bukatu zuten, eta, denera, 60 milioi kilo mahats hartu zituzten. Iazko udako lehorteak eragin zion herrialdeko produkzioari.

Kopuruak, beraz, gora eginen du aurten. “Iazko kanpainan ohi baino kilo gutxiago jaso genituen. Aurten, berriz ere, ditugun hektareen araberako kopurua lortuko dugu”, erran zuen Nafarroako sor-markako presidente David Palaciosek, Erriberrin.

2012. urtetik da Palacios Nafarroako sor-markako lehendakaria; joan den ekainean berritu zuten karguan. Mahastizaina ere bada. Palaciosek erronka bat ezarri dio zuzentzen duen jatorri izenari: “Nafarroako ardoen balioa handitu behar dugu; lortu behar dugu haien kalitatea onartzea, eta balioa ematea botila baten atzean dagoenari”.

Euria eta beroa

Erronka hori lortzeko bidean erakunde publikoek duten ardura gogoratu zuten sindikatuek igandean. Zehazki, UAGNko Felix Bariainek nabarmendu zuen erakundeon babesa “funtsezkoa” dela ardogileentzat. “Administrazioak ikusi behar du ardoarena puntako sektore bat dela bertze hainbat herrialdetan, eta hemen ere izan daiteke; hori lortzeko baldintza guztiak dauzkagu”.

Erriberriko Piedemonte ardandegian asteartean ekin zioten lanari. 235 hektarea mahats ditu etxe horrek. Ardo zuria, gorria eta beltza egiten dute. “Aurten, 1,5 milioi kilo inguru jasoko ditugu; iaz baino pixka bat gehiago”, azaldu du Piedemonteko enologo Andrea Delgadok. Berretsi du aurtengo mahatsaren kalitatea “hagitz ona” izanen dela. “Euria egin du, baina bai eta beroa ere, eta, ondorioz, fruitua ongi ondu da”, erran du adituak.

Hilabete eta erdi edo bi hilabeterako lana izanen dute Piedemonte etxeko kideek mahatsa biltzen. Ez dira bakarrak izanen zeregin horretan. Erriberrin dago Ochoa ardandegia ere, eta etxe horretan asteazkenean hasi ziren mahatsa biltzen. “145 hektarea ditugu. Gure produkzio osoa ekologiko bilakatzeko bidean gara”, erran du Beatriz Otxoa arduradunak. Milioi bat kilo mahats baino gutxiago jasoko dutela uste du. “Kantitateari baino gehiago, kalitateari egiten diogu so”. Eta ez du zalantzarik aurtengo mahatsa “hagitz ona” izanen dela.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku