Iritzia: “Egin nazazu indartsu”

Lohizune Amatria

Supermerkatuko ilaran ordaintzeko zain nengoela, gauza bitxi bat gertatu zitzaidan, aurrekoan. Denetarik duen denda horietako bat da; haurrentzako jolas parkea ere baduena. Eta bertatik iritsi zen atentzioa eman zidan oihua. Haur baten ahotsa zen: “Gora bizitza!”.

Barregura eragin zidan aldarrikapen euforiko hark. Ironikoa izan zen, noski, nire barregura. Izan ere, nire erreakzioak gehiago izan zuen inbidiatik eta tristeziatik, poztasunetik baino. “Jakingo balu”, pentsatu nuen.

Azken uda honetan, behin baino gehiagotan, haurrekin egotea egokitu zait. Gauza politak gertatu zaizkit beraiekin; baina bizi izandakoetatik bat geratu zait iltzatuta. Aurpegiak margotzeko margoekin jolasten ari ziren, bata besteari tatuajeak egiten. Horietako batek, bost urteko mutil batek, elastikoa erantzirik zuen, eta tripa eta bularra margotzen hasi zitzaion laguna. Gustatuko litzaidake generoa aipatu gabe kontatzea gaurko istorio hau; baina, tamalez, generoa garrantzitsua da kontakizun honetan.

“Egidazu indartsu”, iradoki zion margotzen ari zenari. Rolak errepikatzen ari dira. Neskek pinpilinpauxak eta bihotzak eskatzen dituzte; mutilek spiderman edota marrazo tatuajeak. Mutilek urdina nahi dute; neskek, arrosa. Baina mutilak ez zuen amaitu. Arrazoi bat zuen: “Egin nazazu indartsu; horrela, neska guztiek maiteko naute”.

Alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Bost urteko ume batek esan du hori. Ikasi du hori. Halako batean, beste haur baten ahotsa entzun nuen: “Bada, ez, ez zaitugu maiteko!”. Zer-nolako lasaitua. Esperantza badagoela pentsatu nuen; badira haurren artean androzentrikoa, heteronormatiboa eta matxista ez den bestelako hezkuntza jasotzen dutenak.

“Indartsu” margotzeaz amaitu zutenean, neska bati zuzendu zitzaion mutila: “Indartsu nago? Maiteko nauzu?”. Neskak baiezkoa erantzun zion; eta gelaren erdian jarriz, bere gorputza erakutsi zigun guztiei mutilak. Bat-batean, oihuka hasi ziren neska guztiak (maiteko ez zuela esan zuen hura ere bai): “Guapo! Guapo! Guapo!”. Desodorante marka baten iragarkia nuen begi aurrean; Malumaren azken bideoklipa.

Azkenaldian, gizartean aurrera pausoak eman direla entzun dut. Eta badakit ez dela guztiz gezurra; baina hura ikusita kosta egiten zait sinestea. Segur aski, txikia nintzenean, nik ere egin nituen horrelakoak. Beste askok bezala, orain ditudan jarrera, ohitura edo esaten ditudanak berriz aztertzen ari naiz eta.

Hezkuntza matxista jaso dugu, eta erabat barneratuta ditugu jokabide horiek guztiak, baita haur horiek ere. Beraz, kontzientzia handiagoa dutenean berdin egingo dute haiek ere. Lehenago edo beranduago, prozesu hori bizi izango dute haiek ere -badakit ez duela zertan, baina pentsatu nahi dut baietz, gertatuko dela-. Etxean, telebistan, eskolan, kalean… ikusi dutena berriz aztertu beharko dute. Eta orduan, agian, ez dute hain euforiko oihukatuko “Gora bizitza!”.

Baina hori ez da nahikoa. Ez da ezer aldatuko, errotik ez bada. Ez litzateke zentzuzkoagoa izango betaurreko moredun hezkuntza bat eskaintzea?