“Egile anitzen bideak entzuleengandik urrundu zituen”

“Egile anitzen bideak entzuleengandik urrundu zituen”

Edurne Elizondo

Hasieratik erran du, argi eta garbi, musika “pasio” duela. Eta sumatzen zaio hitz egiten duenean. Garaikideak proiektuko kudeatzaile da Yolanda Campos Bergua (Jaca, Aragoi, Espainia, 1973), bai eta Nafarroako Musika Garaikideko jaialdiaren kudeatzaile ere. Gaur hasiko da, konpositoreen eta entzuleen arteko mugak bazter uzteko asmoz.

Zer motatako musikaz ari da, zehazki, musika garaikideaz ari dena?

Eztabaida luze eta sakon baterako gaia ematen du galdera horrek. Musika garaikideaz ari garenean, erran dezakegu batez ere tradizio akademikoko musika mota batez ari garela, eta aurreko mendeko erdialdean hasi zela. Berez, pixka bat lehenago, 1920ko hamarkadan edo.

Zer gertatu zen orduan?

Haustura bat izan zela musika klasiko tradizionaltzat jotzen dugun horren barruan. Mugimendu bat mamitzen hasi zen, XX. mende hasierako konpositoreek bazutelako ikertzeko beharra. Horrek ekarri zuen musika klasikotzat jotzen dugun horrekin haustura hori gertatzea. Haustura horren ondorioz, entzuleentzat ezagunak ziren parametroak aldatzen hasi ziren; entzulearentzat ezagunak ziren melodia eta erritmoak aldatzen hasi ziren. Erabateko haustura bat gertatu zen, musikagileek ikertzeko beharra baitzuten. Abangoardiak, finean, hori dira, eta haien bidetik egiten dugu aurrera. Haustura horrek, halere, izan zuen ondoriorik.

Zer-nolako ondorioak?

Kontua da konpositore anitzek hautatu zuten bideak entzuleengandik urrundu zituela. Hori gertatu zen batez ere 1950eko hamarkadan. Konpositore horientzat inportanteena obraren kontzeptua zen, eta ez zuen inporta zer soinu zekarren emaitza gisa. Publikoa, beraz, soinu erreferentziarik gabe gelditu zen, eta urrundu egin zen.

Musika zaila zelako?

Kontua ez zen hori; kontua zen publikoak ez zuela ulertzen, eta, gainera, inork ez ziola inolako azalpenik eman. Konpositoreen eta publikoaren arteko distantzia hori ez da desagertu oraindik ere. Egungo musikagileak ari gara, halere, distantzia hori bertan behera uzteko ahaleginak egiten.

Eta nola lor daiteke hori?

Gaur egungo kontzertuetan ohikoa da, adibidez, konpositoreak berak azaltzea publikoak zer entzun behar duen. Programetan ere jaso daiteke obren inguruko azalpena. Badira bideak.

Entzuleek ere egin beharko lukete ahalegin bat?

Entzuleak ere egin behar du bere ekarpena, nire ustez. Musika garaikidea gustuko ez duzula errateak ez du zentzurik, musika garaikidea ez delako genero bat berez. Abangoardiako musikak lan ildo anitz ditu, lengoaia ezberdin anitz. Nik uste dut arazoa dela publikoarentzat zaila dela erosotzat ez duen hori entzuteko ahalegina egitea. Ahalegin txiki bat eginez gero, ziur naiz entzulea ez dela damutuko. Egoera hori aldatzeko, hezkuntza da ardatzetako bat.

Musikak huts egiten du hezkuntzan?

Bai, erabat. Hezkuntzak ez dio kasurik egiten abangoardiari, eta tradizioa bezain garrantzitsua da. Finean, abangoardiak aldaketen motor dira beti. Musika garaikidea sortu zen konpositoreek irrika izan zutelako ikertzeko, ikasteko, pentsatzeko, ezagutzen zituzten parametroez harago joateko.

Musika garaikidea, egungoa, ezezaguna da, ordea, neurri handi batean, ezta?

Hala da. Baina nik uste dut gauzak aldatzen ari direla jada. Hezkuntza da landu beharreko esparru bat, baina ez da bakarra; programatzaileek ere badute ardura handia. Egun, musika garaikidea ia behartuta sartzen dute programetan. Etiketak jarri beharrean, nik uste dut bidea dela, adibidez, programak gaika antolatzea. Requiemen inguruko programa bat egiten baduzu, adibidez, Mozartenak izanen luke tokia, bai eta XX. mendean idatzitako batek ere. Hala eginez gero, iruditzen zait publikoak hobeki hartuko lukeela.

2010ean sortu zenuten Garaikideak. Entzuleen eta egileen arteko distantzia hori murrizteko asmoz?

Egileen eta jotzaileen arteko topaketa batean sortu genuen elkartea. Nafarroako, EAEko, Errioxako eta Aragoiko jendeak egin dugu bat. Hutsune bat bete nahi izan dugu. Bultzatzaile nagusia Ignacio Fernandez Galindo izan da. 2015. urtera arte, gure zeregin nagusia izan da urtean obra bat sortzea eta aurkeztea. Konpositoreak eta interpretatzaileak badira taldean. Gero, krisi garai bat izan genuen, eta proiektua biziberritu genuen. Orain, talde nahiko finkoa dugu. Lau konpositorek eta dozena bat jotzailek osatzen dugu. Gure lan nagusi bilakatu da NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdia prestatzea; horren alde egin genuen apustu.

Hain zuzen ere, laugarren aldiz eginen duzue aurten jaialdia, gaur hasita. Zinemaren eta musika garaikidearen arteko lotura jorratuko duzue. Gaur, Silencio, se rueda aurkeztuko duzue.

Garaikideak-en, Atena Fundazioaren eta Oskar Alegriaren arteko elkarlanaren emaitza da lan hori. Zalantzarik gabe, orain arte egin dugun proiekturik konplexuena da hau. Diziplina anitz ukitzen dituen lana da. Ardatzetako bat da Atena Fundazioaren parte hartzea; horrek proiektu inklusibo bilakatzen du. Fundazioko abesbatza ariko da gurekin; abesbatzako kideek ez dakite musika irakurtzen, eta, ondorioz, keinuen bidezko sistema bat prestatu dugu, abesbatza zuzendu ahal izateko. Bat-batekotasunak izanen du tartea, eta horrek guztiak hagitz berezi bilakatzen du emanaldia. Bertze ardatz bat dira Alegriak sortutako lau film laburrak. Jaialdiak eskatuta egin ditu; film bakoitzak badu bere soinu bada, Garaikideak taldeko konpositoreok eginak, hain zuzen ere. Gure taldeko interpretatzaileek zuzenean joko dute musika hori.

Musikak edo arteak, oro har, duen arlo soziala garrantzitsua da zuentzat?

Bai, bada, zalantzarik gabe. Finean, musikak beti badu testuinguru bat. Obra bat sortzen duzunean, musikatik at dauden ideiak lantzen dituzu, beti. Ez da hutsetik sortzen. Tresna bat da musika, gogoeta egiteko, pentsatzeko.

Zer erranen zenioke publikoari aurtengo jaialdira erakartzeko?

Nik uste dut aurtengo jaialdiak lortuko duela egileon eta entzuleen arteko distantzia, behingoz, hutsean uztea; hori nahi dugu. Uste dut jendeak izanen duela aukera ohartzeko ez gaudela uste duen bezain urrun. Anitz landutako jaialdi bat prestatu dugu, eta merezi du hurbiltzea.

Azken egunean, Etxarri Aranazko abesbatzarekin ariko zarete.

Kontzertu berezia izanen da. Abangoardiako hainbat filmetako soinu bandak ezagutzeko aukera izanen dugu, abesbatzaren eskutik. Oso interesgarria izanen da.