AHTari ezetz esatera doaz

AHTari ezetz esatera doaz

Ane Eslava

Martxan dira abiadura handiko trenaren Nafarroako hegoaldeko zatia egiteko lanak, eta, bihar, martxa bat egingo dute obretara. AHTaren obrak gelditu orain. Trena bai, AHTrik ez! lelopean, Martzilla ondotik abiatuko da manifestazioa, eta lanen parean amaituko da; han, ekitaldia egingo dute. AHTaren aurka dauden 11 taldek antolatu dute egitasmoa; besteak beste, AHT Gelditu taldeak, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Erdialdea Trenaren Alde elkarteak. Hainbat arrazoirengatik erabaki dute obretaraino joatea, Martin Zelaia Sustrai Erakuntza fundazioko kideak azaldu duen moduan: “Batetik, jendea informatu nahi dugu: herritarrek ikus dezatela nolakoak izaten ari diren lanak, zer eragin izango duten eremuan… Eta, bestetik, salaketa egin eta obrak geldi ditzatela eskatu nahi dugu”. Azpimarratu du proiektuari aurre egiteko garai garrantzitsua dela.

Abuztuan hasi zituzten Azkoien eta Erriberri arteko zatia egiteko lanak. Hamar kilometroko luzera du tarte horrek, eta Adif enpresa publikoak Azvi enpresari esleitu dio, 30 milioi euroan. Horrez gain, Alesbes eta Azkoien arteko bost kilometroko tartea OHL enpresari esleitu dio, 55 milioi euroan, eta lehiaketara atera du Erriberri eta Tafalla artekoa.

Aurreikuspenen arabera, 2019ko hauteskundeen aurretik hasita egongo dira Castejon-Ezkirotz zatiaren %42,5 egiteko lanak. Tarte horretako bi zati baino ez daude lizitatu gabe: Tafalla-Campanas eta Campanas-Ezkirotz. AHTaren aurkako elkarteek salatu dute Azvi eta OHL enpresak PPren legez kanpoko finantzaketarekin lotuak daudela.

Ez dira gutxi AHTaren aurka egiteko arrazoiak, martxaren antolatzaileen ustez: alde batetik, trenbide berria eginez gero, herri batzuk zerbitzurik gabe geldituko dira, hala nola Altsasu, Tafalla eta Castejon. Izan ere, herri horietako geltokietatik pasatzen diren tren gehienak bide berritik pasatzen hasiko dira. Pili Berrio Erdialdea Trenaren Alde elkarteko kidea da, eta Tafallako geltokiak eskualdean duen garrantzia gogorarazi du: “Geltoki horretatik Alvia tren asko pasatzen dira, eta zerbitzu bikaina ematen dute. Lagun askok erabiltzen dugu geltokia; bizi-bizirik dago”. Ohartarazi du landa eremuko herrientzat oso baliabide garrantzitsua dela eta trenbide berri batek “kalte ikaragarria” eragingo duela: “Bakartu egingo gaitu”. Hori dela eta, erakundeei eskatu die hausnar dezatela, lanak geldi ditzatela eta egungo ibilbidean inberti dezatela.

Bestalde, AHTaren aurkakoek uste dute trenak ez duela bidaiari nahikorik izango. “Madril eta Bartzelona arteko abiadura handiko trenak eramaten ditu zortzi milioi bidaiari urtean, gutxi gorabehera. Europako Batasunak dio tren azkar batek bederatzi milioi bidaiari eraman behar dituela errentagarria izateko. Madril-Bartzelona trenak ezin badu minimoa bete, are gutxiago hemengo batek”, adierazi du Zelaiak. “Bestalde, tren horiek ezin dute pisu handirik eraman; beraz, AHTak ezingo du salerosgai astunik garraiatu”. Hori dela eta, “zentzugabekeriatzat” jo du proiektua.

Prozesuaren gardentasunik eza ere salatu dute. Berrio: “Beti esan digute egitasmoaren inguruko erabakietan parte hartuko genuela, eta, azkenean, ez da inolako gardentasunik egon. Orain herritarrek ez dakite eraikuntza horrek zer kalte eragingo duen herrietan”.

AHTa egiteko arrazoiak, beraz, ekonomikoak eta politikoak dira, biharko martxaren antolatzaileen ustez; “eraikuntza enpresak aberastea eta alderdi politikoek bozak irabaztea”. Horrekin lotuta, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak AHTaren auzian hartzen ari diren jarrera kritikatu dute. Hain zuzen ere, Madrilgo gobernuaren kasuan, PP agintean zenean, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak esan zuen bultzada emango ziela AHTaren Nafarroa hegoaldeko zatiko lanei. Asmoek bere horretan jarraitzen dute PSOEren gobernuarekin: Jose Luis Abalos egungo Sustapen ministroak adierazi du aurrez hartutako konpromisoak beteko dituela, eta hori egiten ari da. Nafarroako Gobernuari dagokionez, salatu dute lehen UPNk egiten zuena egiten ari dela. “Eta aldaketaren gobernu batek ezin du AHTa bultzatu”.

Garai erabakigarria

“Oraingoa garai erabakigarria da AHTaren aurka egiteko”. Hori uste dute biharko manifestazioaren deitzaileek. Zelaiak azaldu duenez, beste esperientzia batzuek erakutsi dute azpiegitura handien eraikuntza lanek aurrera egiten dutenean herritarrek borrokatzeari uzten diotela —Euskal Y-an, kasurako—. “Horregatik uste dugu orain dela momentua: orain mugitzen ez bagara, gero zailagoa izango da”.