Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko

Edurne Elizondo

Ezin dugu onartu. Ezin dugu egoera hau normaltzat jo”. LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok erran ditu hitzok, lan istripuei buruz. Urtea hasi zenetik, hamabost pertsona hil dira Nafarroan, sindikatuek salatu dutenez; haietako 11, gainera, udako hilabeteotan gertatutako ezbeharretan zendu dira. Egoera hori salatzeko, manifestaziora deitu dute, biharko, Iruñean.

Datu hotzen atzean, hamabost pertsonaren istorioak daude; hamabost langileren bizitzak, etxetik lanera atera, eta sekula itzuli ez direnak. Ataungo (Gipuzkoa) 26 urteko irakasle bat zen, adibidez, hilaren 13an Beran gertatutako lan istripuan hildako emakumea. Autoarekin izan zuen ezbeharra, lanera bidean. Donezteben ari zen irakasle, Mendaur institutuan. Herrian pisua hartzeko aukera aztertzen ari zen, bidaia luzea zuelako, egunero, etxetik lantokira. Berandu jakin zuen lana non egokitu zitzaion. Egun batetik bertzera mugitu behar izan zuen, behin-behineko ordezko kontratua duten irakasle anitzek bezala.

Abuztuaren 27ko istripuan, berriz, 58 urteko gizon bat hil zen, Atondon, etxe baten eraikuntza lanetan. “400 euroko subsidioa jasotzen zuen; egun baterako deitu zuten lanera; onartzeko premia zuen, bere diru sarrera urriak behartuta. Lanera joan, eta ez zen etxera itzuli, ordea”, kontatu du Arroyok.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuak dira biharko manifestaziora deitu dutenak. Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da protesta, 18:30ean. Sindikatuok alarma piztu nahi dute, argi dutelako egungo lan baldintzek lotura zuzena dutela gertatzen ari diren lan istripuekin.

Lan baldintzak gero eta kaskarragoak direla nabarmendu dute, eta agerian uzten dituztela enpleguaren arloko prekaritatea, behin-behinekotasuna, azpikontratak, eta prebentziorik eta kontrolik eza. Lan baldintza kaskar horien atzean “patronalaren ardura” dagoela erantsi dute, bai eta administrazioarena ere. “Lan istripuek eta istripu horietan hildako pertsonen kopuruak jarduera ekonomikoak baino nabarmen gehiago egin dute gora”, salatu dute.

2011tik izan diren lan erreformek erraztu dute prekaritateak gora egitea. Horixe salatu dute Arroyok, bai eta ELAko lan osasunerako ordezkari Andoni Larraldek ere. “Estatistika ofizialek islatzen dute orain lan merkatuan sartzen diren gehienek lan baldintza kaskarretan egiten dutela, aldi baterako kontratuekin”, erran du Larraldek. “Istripuen erdiak baino gehiago kontratuaren lehen bi hilabeteetan gertatzen dira, eta heren bat, berriz, azpikontratetan”, erantsi du Arroyok. Biek nabarmendu dute formakuntzak egiten duela huts, anitzetan, baldintza horietan, eta segurtasunerako eta arriskuen prebentziorako bideratutako baliabideak urriak izaten ohi direla. “Argi dago istripu guztiak ezin direla saihestu, baina prekaritatearen eragina nabarmena da, eta arlo horretan har daitezke neurriak”, erran du Arroyok.

Lan Osasunaren Institutuko datuen arabera, 2017. urtean 11 pertsona hil ziren herrialdean, lan istriputan. 2016n, bederatzi izan ziren, eta 2015ean, 11; 2014. urtean, berriz, hamabi hil ziren. Datu ofizialek, halere, ez dute beti sindikatuek esku artean dituztenekin bat egiten. 2016an, adibidez, hamahiru hildako zenbatu zituen Steilasek. “Estatistika ofizialetan, askotan, datuak falta dira; autonomoei buruzkoak, adibidez; zenbaitetan ez dira ez datu ofizialetan ez prentsan ez inon agertzen”, erran du Steilas sindikatuko lan osasunerako arduradun Lourdes Cuestak.

Lan istripu eta gaixotasunen ingurukoak “ezkutatzen” direla gaineratu du Larraldek. “Lan istripuen ardura enpresena da. Askotan, enpresek mutualitateen laguntza jasotzen dute gertatutako istripuen berri ez emateko, edo izan dezaketen larritasuna arintzeko”.

Enpresen jardueraren inguruko kontrolik ezak du egoera horrekin lotura zuzena, sindikatuek salatu dutenez. Enpresen gaineko ikuskaritzaren ardura Madrilek du; Nafarroak ez du arlo horretan eskumenik. Datuek agerian uzten dute ez dela behar adina baliabiderik. “Europako batez bestekotik urrun gaude Nafarroan; Europan, 7.300 langileko lan ikuskari bat dago; Nafarroan, berriz, 12.000 langileko ikuskari bat dugu. Egungo egoerak agerian uzten du ez dela nahikoa”, azaldu du Larraldek.

Administrazioaren ardura

“Enpresariek araudia betetzen ez badute, administrazioari dagokio betearaztea; baina administrazioak ez du hori egiten; ez, behintzat, behar adina”, gaineratu du Andoni Larraldek. Bat egin du Lourdes Cuestak: “Sindikatuok behin eta berriz erraten dugu lan osasunari duen garrantzia eman behar zaiola, baina gure hitzak airean gelditzen dira inork ez baditu jasotzen. Irakaskuntzaren esparruan, adibidez, segurtasunari eta osasunari buruz egiten diren batzarretan gertatzen dena ikusi bertzerik ez dago, egon behar duten administrazioko kide anitz ez baitira agertzen ere; administrazioak beste alde batera begiratzen du auzi honetan”, erran du Steilaseko ordezkariak.

Larraldek ere salatu du administrazioaren jarrera. Onartu du Lan Osasunaren Institutuak egin duela ahalegin bat, azken urteotan, teknikariak kontratatzeko, eta enpresetara bisitak egiteko plangintza prestatzeko. Agerian utzi du, halere, teknikari horiek isunak jartzeko eskumenik ez dutela, eta, horren ondorioz, beren eragin ahalmena mugatua da. Nafarroako Gobernuak gehiago egin dezakeela uste du, halere, ELAko ordezkariak. Nabarmendu nahi izan du, batetik, politika publikoetara bideratutako aurrekontua “oso murritza” dela: “Nafarroako aurrekontuen %0,03; kopuru horren erdia diru laguntzetarako da, eta diru laguntzen erdia patronalaren esku gelditzen dira”. Bertzetik, Larraldek salatu du lan istripuen auzia ez dela lehentasuna gobernuarentzat. Horren adibide aipatu du Lan Osasunaren Kontseiluaren azken bileran gertatu zena: hilaren 20an egin zuten bilera hori, eta ELAko eta LABeko ordezkariak mahaitik altxatu ziren, Lan Osasunaren Institutuak gai zerrenda aldatzeari uko egin ziolako eta ez zuelako aztertu nahi izan istripuen arazoa.

Nafarroako Hitza saiatu da erakunde horretako arduradunekin hitz egiten. Zehaztu dute, ordea, sindikatuekin lan istripuei buruzko bilera egin arte nahiago dutela adierazpenik ez egin. Urriaren 10ean egitekoa zuten bilera hori, baina 3ra aurreratu dutela ezagutarazi dute Lan Osasunaren Institutukoek.

“Patronalaren aliatua”

Lan Osasunaren Institutuak duen arduraz gain, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiren erantzukizuna ere nabarmendu nahi izan du LABeko Igor Arroyok. “Batetik, Aierdi da Lan Osasunaren Institutuko azken arduraduna, eta uste dut lehendakariordeak ez duela sinisten tresna horrek izan dezakeen erabilgarritasunean; bertzetik, Aierdi izan da patronalaren aliatu nagusia, aldaketa instituzionala gertatu zenetik. Patronala oso eroso dago Aierdirekin, eta, oro har, gobernuarekin”.

Joan den asteko Lan Osasunaren Kontseiluaren bilera aipatu du Arroyok ere, gobernuaren “ardurarik ezaren” adibide. Lan istripuen auziari eusteko gai zerrenda aldatu nahi ez izana salatu du, Larraldek bezala. “Gai bakarra zen estatuko prebentziorako funtsen ziurtapena; tramite huts bat UGT eta CCOO sindikatuek eta patronalak estatuan dituzten proiektuak finantzatzeko. Hori da lehentasuna”, salatu du LABeko kideak.

Sindikatuek gizartea mobilizatu nahi dute lan istripuen aurka, herritarrek ere erakunde publikoei exijitzeko lehentasuna eman diezaiotela lan istripuen auziari. Datuek errealitate latz baten berri ematen dute. 2017an, adibidez, langileak gaixo-agiria hartzera behartu zituzten 8.904 lan istripu gertatu ziren herrialdean. 2016ko datuekin alderatuta, iaz %5,3 igo zen. Gaixo agiria hartzea ekarri ez zuten bertze 13.806 istripu gertatu ziren, gainera.

Lan gaixotasunen esparruan ere benetako datuak jakiteko eta egungo errealitatearen berri eman ahal izateko lan anitz egiteko badela erran du ELAko Andoni Larraldek. “Hainbat iturriren arabera, Europan lan istripuan hiltzen den langile bakoitzeko 35 hiltzen dira lan gaixotasun baten ondorioz”, nabarmendu du. Erantsi du Nafarroan, azken bost urteotan, minbiziak jota hil diren zazpi langileren heriotza jasotzen dutela estatistika ofizialek. “Nabarmena da, hor ere, mutualitateek zer rol betet duten arazoari duen garrantzia kentzeko”, gaineratu du Larraldek.

Lan gaixotasunak onartzeko eta estatistiketan jasotzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu Steilas sindikatuko Lourdes Cuestak ere, eta zailtasun horiek bereziki handiak direla gaixotasunak fisikoak ez direnean. “Urrats asko dago egiteko, oraindik ere”, berretsi du.

Hori guztia jarri nahi dute sindikatuek mahai gainean biharko manifestazioaren bidez, eta gaur lantokietan eginen dituzten protesten bitartez. Argi dute urrats garrantzitsua litzatekeela Nafarroak eskumenak bere esku izatea. Lan baldintza duinak eskatu dituzte, kalitatezko enplegua sustatzeko. Prekaritatearen eta kontrolik ezaren aurka lan egiteko beharra berretsi dute, langileen bizitza dagoelako jokoan. “Merezi du baliabideak jartzea, gaia serio hartzea, eta neurriak hartzea”. Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko.