Ezagutu, ulertu eta laguntzeko zertzeladak

Ezagutu, ulertu eta laguntzeko zertzeladak

Edurne Elizondo

Tailerrean bezala, hamaika sentimenduk egin dute bat erakusketaren inaugurazioan ere. Ez dira agertu parte hartu duten emakume guztiak, eta ekitaldira joan direnetako zenbaitek nahiago izan dute jendaurrean ez hitz egin; beren izena ez eman. Prozesu guztiak ez direlako amaitu; zauri guztiak ez direlako itxi, oraindik ere. Denak daude hasi zirenean baino aurrerago bidean, halere. Eta hori da kontua, nabarmendu nahi izan dutenez. Indarkeria matxista sufritu dute, baina lortu dute aurrera egitea. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek antolatutako pintura tailerrean aritu dira, Lola Rodriguez psikologo eta arte terapeutarekin. Egindako lanekin erakusketa osatu berri dute, Iruñeko Plazara aretoan.

Irriek eta malkoek egin dute bat paretetan zintzilikatutako lanei so. Beren koadroak erakutsi dituztenetako bat da Sandra Iraizoz. 2015ean, En un segundo tu vida cambia izenburuko liburua idatzi zuen Iraizozek, senar ohiak sufriarazi zizkion tratu txar psikologikoen inguruan. “Tailerrean konturatu naiz banuela zer sendatu, oraindik ere”, onartu du. Mihiseak eman dio zauria garbitzeko eta erabat ixteko aukera, erantsi duenez. “Uste dut, orain bai, burutu dudala nire prozesua”, erran du.

Gako nagusia esperientziak partekatzea izan dela argi du Iraizozek. “Liburua idatzi eta gero, ibili naiz hamaika tokitan hitzaldiak ematen. Nonbaitera joan, eta nire istorioa kontatzen nuen. Tailerrean, ordea, baten eta bertzeen istorioak nahastu egin dira; negar eta irri egin dugu elkarrekin. Elkar ulertu eta babestu dugu, bertzearen istorioetan gurea ezagutu dugulako. Zu egon zaren toki berean egon den bertze batek baino ezin du ulertu barruan gertatzen zaizuna”.

Ongi daki A.B.S.-k Iraizoz zertaz ari den. Elkar ulertzeko eta babesteko sentsazio hori ezaguna du berak ere. Ezaguna, Rodriguezekin egindako tailerrean ezagutu duelako. Parte hartzaile gehienek bezala, margotzen ez zekiela erantzun zion A.B.S.-k psikologoari pintura tailerrean parte hartzeko aukera lehenengoz aipatu zioenean. Baina azkenean izena ematea erabaki zuen, eta ez da damutu. Alderantziz. Etxean margotzeko gela bat atondu du. “Antsietateak edo beldurrak hartzen nautenean, pintzelari eutsi, eta margotzen hasten naiz. Horrek lasaitzen nau”.

Hamar urtez egon zen ezkonduta, eta bereizteko prozesu “gogor” baten ondoren, depresioak hartu zuen A.B.S. “Urte eta erdi egin dut etxean sartuta. Ateratzeko indarrik gabe”. Tailerra karrikara ateratzeko giltza izan da A.B.S.-rentzat. “Gauza handia da bakarrik ez nagoela jakitea; nik behar dut bultzatuko nauen norbait. Tailerreko taldeak eman dit behar dudan babes hori”, nabarmendu du.

Argi du tailerra hasi zutenean baino indartsuago dagoela orain. Baina oraindik badu lana egiteko. “Oraindik ez naiz gai neure buruari duen balioa emateko; kosta egiten zait. Taldearen babesa behar dut, oraindik ere”, onartu du.

“Talde batu eta sendoa”

Tailerrean zortzi emakume aritu dira. “Indarkeria matxista atzean uztea lortu dute denek; hortik aurrera, nork bere prozesuak egin ditu, eta nork bere esperientziak izan ditu. Halere, lortu dute talde batu eta sendoa osatzea”. Horixe nabarmendu du Lola Rodriguez arduradunak.

Prozesu guztiak burutu ez direlako, hain zuzen ere, segida izanen du pintura tailerrak. Osatutako taldeak elkarrekin jarraituko du lanean. Gainera, talde berriak osatuko dituzte. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek Nafarroako Berdintasunaren Institutuaren laguntza jaso dute tailerrak egin ahal izateko.

A.B.S.-rekin eta Iraizozekin batera aritu da N.M. Rodriguezen tailerrean ere. Kontent da orain arteko lanak izanen duelako segida. Eskulanak taldera ailegatu baino lehen deskubritu zituen berak, halere, terapia gisa. “Terapia hoberik ez da. Orain, pintura deskubritu dut, eta gustura ari naiz”. Margotzeak ekarri dion lasaitasuna nabarmendu du, baina, batez ere, taldekideekin dagoenean sentitzen duen babesa eta enpatia. “Elkarri laguntzen diogu, eta hori zoragarria da”.

Rodriguezek argi du elkarri emandako babes hori “funtsezkoa” izan dela pinturaren bidez egin dituzten prozesuetan. “Pintura, finean, tresna bat izan da nork bere mina ezagutzeko, azaleratzeko”, azaldu du psikologoak. Iraizozek onartu du aurretik pertsona gutxiren aurrean errandakoa adierazteko gai izan dela tailerrean, eta, hori eginez lortu duela egoera zehatz horrek eragiten zion minari aurre egitea. “Egoerak normalizatzeko gai izan naiz”.

Pinturaren bidez, eta, batez ere, talde lanaren bidez, emakumeak ahalduntzea izan da tailerraren helburua, eta Lola Rodriguezek uste du bete egin dutela, neurri handi batean.

Ados daude Iraizoz eta parte hartu duten gainerako emakumeak ere. “Emakume borrokalariak gara, eta girorik ilunenean ere, gai izan gara bizitzak eskaintzen dizkigun koloreak ikusteko”, erran du A.B. S.-k.

Egun grisak edo beltzak ez dira erabat desagertu. Horixe onartu dute emakumeek. “Inguratzen gaituen gizartea arrotza da oraindik ere; emakumeon aurkako indarkeria esparru guztietan gertatzen da”, erran du Sandra Iraizozek. Eta aipatu du indarkeria matxista sufritu duen emakume baten auziko epaile madrildar batek erran eta hedabidetan zabaldutakoa: “Sugegorritzat” eta “putakumetzat” jo du epaileak andre hori, bertze hainbat kiderekin auzitegian zegoenean, hain zuzen ere. “Epaile horren hitzak entzun nituenean, senar ohiarengandik bereizteko nire epaiketa etorri zitzaidan burura; gogoratu nuen nik orduan sentitzen nuen beldurra; gai nintzen sufritzen ari nintzena zalantzan jartzeko ere. Epaile horrek min handia egin die indarkeria sufritu duten emakumeei, eta bere auziko erasotzailearen jarrera indartu du, gainera. Beldurgarria da”.

Zaila da beldurrak erabat uxatzea. Onartu du hori Iraizozek. Baina bertze emakumeen babesarekin, errazagoa zaio beldur horiei aurre egiteko lana. Elkarri heldu diote tailerrean, eta elkarri heldu diote erakusketaren egunean ere. Pinturak eta pintzelak gertu ez dituztenean ere, elkarri heltzen eta eusten jarraitzen dute. Pintzelik gabe ere, elkar ezagutzeko, ulertzeko eta laguntzeko zertzeladak ematen dituzte.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku