Mendia ez baita merkantzia

Mendia ez baita merkantzia

Ane Eslava

Larhun mendi bat da, ez produktu bat”. Hori aldarrikatzeko Aman Komunak sareak eta beste hainbat eragilek kanpaldi bat antolatu dute Larhungo tontorrean. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak turismogune bat eraiki nahi du han, eta herritarrak aurka agertu dira: dagoeneko bisitari gehiegi hartzen duen toki bat are gehiago masifikatuko duela salatu dute. Bihar eta etzi egingo dute kanpaldia, uda hasieran abiatutako mobilizazio uholdea burutzeko.

Larhun Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen mendi bat da, eta haren historia kontrabandoarekin hertsiki lotuta dago. Azken urteetan, ospe handia hartu du, eta, urtero, 350.000 bisitari inguru jasotzen ditu. Horiek Saratik (Lapurdi) abiatzen den kremailerako tren batekin igotzen dira mendiaren gailurreraino. Orain, beste hainbat azpiegitura eraiki nahi dituzte han, Larhun 2020 izeneko proiektuaren bitartez.

Hasteko, aparkalekua handitzea aurreikusten dute, bai eta oinezkoentzako sarbidea hobetzea ere. Bestalde, bi tren hibrido jartzeko asmoa dute, egungoa elektrikoa delako eta zaharkiturik dagoelako. Mendi gailurrean bertan, berriz, hotel moduan funtzionatuko duten bi bagoi jarri nahi dituzte, eta, horiekin batera, txirrista bat eta rokodromo bat. Azkenik, mendia inguratuko duen pasarela bat eraiki nahi dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen sarbidea errazteko helburuz. Hori da eztabaida handiena eragin duen instalazioa, tontorraren itxura aldatuko duelako.

Orotara, 36 milioi euroko aurrekontua aurreikusten dute eraikuntza lanetarako, eta EPSA enpresa publikoa arduratuko da horietaz. Obrak amaitzeko epea 2020. urtean ezarri zuten, baina egunak atzeratuz joan dira.

2017ko ekainean aurkeztu zuten proiektua. Larhunen inguruko herrietako udalek, ordea, ez zuten informaziorik jaso, eta prentsaren bitartez izan zuten egitasmoaren berri. Bera (Nafarroa) eta Azkaine, Urruña eta Sara (Lapurdi) dira herri horiek. Handik gutxira, batzar batera deitu zituzten, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentearekin eta Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariarekin, eta proiektuaren ezaugarriak azaldu zizkieten. Ordutik, ez dute informazio gehiagorik jaso, baina datorren astean beste bilkura batera deituak daude, Baionan. Egitasmoaren aurkako taldeek salatu dute prozesuan ez dela egon inolako gardentasunik.

Etekina ateratzea helburu

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak dioenez, azpiegitura horiek eraikitzeko helburua da segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Izan ere, Larhungo instalazioak zaharkiturik daude, eta premiazkoa da horiek egokitzea: adibidez, trena 1924an eraiki zuten. Larrun Ez Hunki proiektuaren aurkako kolektiboak, ordea, beste asmo batzuk ikusten ditu atzean, Asier Calderon taldekideak adierazi duenez: “Helburua da Larhun mendia ahalik eta gehiena esplotatzea; merkantzia gisa erabiltzea”. Haren ustez, proiektuak turismo masiboa bultzatuko du, eta horrek kalte handia eragin diezaioke Larhun mendiari. “Kaskoan horrenbeste jende ibiltzeak eta horiek sortuko duten zaborrak ez diote onik egingo lurrazalari”.

Larrun Ez Hunki-ko kideek hasieratik salatu dute mendian jada eraikita dagoena gehiegizkoa iruditzen zaiela —gailurrean bi benta eta antena bat daude—. Hori dela eta, azpiegitura gehiago eraikitzea “jasanezina” dela salatu dute. “Ez gaude benten kontra, eta jendea etortzen dela onartzen dugu; ezin dugu hori aldatu. Baina mendian dagoena gehiegizkoa bada, hortik kanpo ez da edozer egiten ahal”, adierazi du Calderonek. Haren ustez, argudio nagusia segurtasuna bada, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte. “Onartezintzat” jo du, ordea, argudio hori erabiltzea turismoa areagotuko duten neurriak hartzeko.

Inguruko herrietako udalen artean Berakoa baino ez da agertu proiektuaren aurka. Larrun Ez Hunki taldeak mozio bat aurkeztu zuen lau herrietako udaletan, eta Berakoak bat egin zuen horretan planteatu zituzten puntuekin; gainontzekoek, berriz, ez. “Onartzen dugu nahi eta nahi ezko moldaketak egitea, baina hortik goiti, ahal den gutxienak eta kalte gehiago eragin gabe”, adierazi du Josu Iratzoki Berako alkateak.

Herri horietako biztanleen artean, berriz, haserrea orokorra da, Calderonen iritziz. “Larhun hagitz erreferentziazko tokia da haientzat: oso barrenean sentitzen dute, historia handia duelako”.

Proiektuari ezetz esateko eta auziari oihartzuna emateko kanpaldia egingo dute bihar eta etzi Larhungo tontorrean, Larrun gure altxorra da lelopean. Aman Komunak sareak antolatu du, baina herritar orok parte hartzen ahal du. Bihar eguerdiko ordu bietan emango diote hasiera kanpaldiari. Hitzaldiak eta kultur jarduerak egingo dituzte, eta Larrun Ez Hunki taldeak tartea izango du bere jarrera azaltzeko eta auziaren inguruko eztabaida bultzatzeko.

Kanpaldia mobilizazio olatu baten ondorio da. Uda hasieratik hainbat protesta egin dituzte: kasurako, ekainean mendira igotzen den trena gelditu zuten, eta gertatzen ari denaren inguruko informazioa eman zieten bidaiariei. Mobilizazio horiek eragin handia izan zuten: proiektua kudeatzen duten instituzioek negoziazio esparru bat sortzea proposatu zieten hainbat eragileri. Horietako bat da Larrun Ez Hunki. “Parte hartzea onartu genuen, baina argi utzi genuen zein den gure posizioa: proiektu hori ez dela egiten ahal”, zehaztu du Calderonek. Bilera horietan jakinarazi zieten proiektuaren zenbait atal atzera botatzea erabaki dutela.

Larrun Ez Hunki-ko kideak azpimarratu du protestak “ezinbestekoak” izan direla prozesua mantsotzeko, eta ziurtatu du aurrerantzean bide beretik jarraituko dutela. “Mobilizazioek balio dute; hagitz garbi geratu da”.