“Nekatuta sentitu naiz, baina ez egoerak gainezka eginda”

Edurne Elizondo

Pamplonesarekin abestu zuen Amaia Romerok (Iruñea, 1999), duela bi urte, Gaiarren. Joan den astean itzuli zen bere “etxetzat” duen oholtzara: bi kontzertu eman zituen, The Free Fall Band taldearekin batera. Iaz Espainiako Telebistako Operación Triunfo irabazi zuen, eta, egun batetik bertzera, ezagun bilakatu zen. Orain “lasai” dagoela erran du, egin nahi duen bidea zehazten.

Etxera itzuli zara. Kontent?

Bai. Niretzat, Gaiarre antzokian aritzea hagitz berezia da, ongi ezagutzen dudan toki bat delako. Duela bi urte, Gaiarren aritu nintzen, Pamplonesarekin. Txikitan anitz etortzen nintzen, operak eta antzezlanak ikustera, nire izebarekin. Maite dut antzoki hau. Etxean naiz Gaiarren, familia giroa dut hemen.

Diskoa prestatzen ari zara. Nolakoa izaten ari da prozesua?

Hagitz lan pertsonala izanen da. Ni gustura ari naiz, prozesuaz gozatzen. Ni ari naiz abestiak idazten. Pixka bat kostatzen ari zait, aurretik inoiz ez naizelako horrelakoetan serio aritu. Kanta bat idaztea edo disko bat osatzea ez dira gauza bera. Baina argi nuen dena nirea izatea nahi nuela. Kontent nago. Badakit jendeak itxaropen handia duela, baina ezin mundu guztiaren gustukoa izan. Badakit, halere, nik gustukoa izanen dudala, eta hori da garrantzitsuena.

Nahi duzuna egiten ari zara?

Bai. Askatasun handia eman didate, eta hagitz kontent nago. Oro har, Universal konpainiako kideek, Raul Refree produktoreak eta nik bat egiten dugu iritzietan eta gustuko ditugun edo ez ditugun gauzetan.

Noizko izanen duzu prest?

Oraindik ez dugu egunik. Ongi ari gara lanean, baina oraindik ezin dut egunik erran.

Jendeak anitz espero duela diozu. Egun batetik bertzera ezagun bilakatu zara. Egoerak gainezka egin dizula sentitu duzu?

Egia da garai batean toki batetik bertzera ibili nintzela, gelditu gabe. Erritmoa beldurgarria zen, eta nekatuta nengoen. Nire diskoa landu nahi nuen, baina ezin nuen. Batez ere, Eurovision jaialdiaren ingurukoengatik. Eromena izan zen. Nekatuta sentitu naiz, baina ez dut sentitu, halere, egoerak gainezka egin didanik. Pixka bat beldurtu nintzen, pentsatuz beti erritmo horretan ariko ginela. Ez genuen gelditzeko momentu bat ere, eta gehiegizkoa izan zen. Nekatuta nengoen. Baina ez nintzen, halere, gaizki sentitu. Orain lasaiago nago, eta nahi dudana egiteko denbora badut.

Saioan zinenean, feminismoaz eta bertzez aritu zineten; uste duzu artista batek izan behar duela konpromisoa gizarte gaiekin?

Bai, uste dut baietz. Halere, onartu behar dut zenbait gairi buruz hitz egiteak beldur pixka bat ematen didala, ez dudala uste behar bezalako formakuntza dudanik, oraindik ere. Feminismoari buruz, adibidez, ni feminista naiz, baina feminismoaz hitz egitean, argi dut oraindik ere informazio anitz jaso behar dudala, formakuntza behar dudala. Ez dut uste modu arin batean hitz egin behar dugunik gai horri buruz. Ni telebista saioan nintzenean, finean, lagun artean nintzen, eta lagun artean hitz egiten nuen. Ez nintzen konturatzen erraten nuenak izan zezakeen eraginaz. Errandakoez oroitzen naizenean, argi dut hanka sartu nuela behin baino gehiagotan. Orain, badakit jende askok entzuten duela nik erraten dudana, eta nire hitzek izan ditzaketen ondorioez beldur naiz. Argi izan nahi dut erraten dudana ongi errana dagoela, ez dudala huts egiten.

Telebista saioan hasi zinenetik, hedabideen arreta erakarri duzu; anitzetan, zure lanarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz aritzen dira. Zaila da halako egoerak kudeatzea?

Telebista saio horretan 24 orduz egon gara kameren aurrean. Atera ginenean, neurri batean, normala iruditu zitzaidan hedabideen arreta erakartzea. Uste nuen, halere, egoera hori berehala normalizatu eginen zela; uste nuen hedabideen presioa arinduko zela, 24 orduz kameren aurrean egoteari uzten genioenean. Egia da hedabideen arretak ez duela behera egin, baina ez nau gehiegi arduratzen ere. Ez dut deus ezkutatzeko, bertze edozein pertsonaren gisakoa naiz. Kritikak jaso ditut, bai eta babesa ere. Beraz, ez dut arazo handirik izan.

24 orduz kameren aurrean egoteko urrats hori egin izanaz ez zara damutu, beraz?

Ez naiz damutzen, ez. Esperientzia bat izan da niretzat. Orain lasaiago nago, noski. Diskoa egiteko nire lana da orain nire lehentasuna. Baina zurrunbilorik handienaren garaian ere ez naiz inoiz gaizki sentitu. Orain Bartzelonan nago, eta pentsatzeko eta lan egiteko denbora gehiago dut, eta eskertzen dut.

Gauza anitz gertatu zaizu urte batean.

Azken urtean pentsatu, eta bost urte pasatu direla iruditzen zait! Gauza anitz izan dira, eta iruditzen zait oraindik ez dudala dena asimilatu, erabat. Nik, halere, abestu nahi nuen. Eta hori egiten ari naiz. Inoiz ez nuen pentsatu inguruan dauden gauzei buruz. Hasieran, hitz egitea ere kostatzen zitzaidan. Orain elkarrizketetan hobeki ari naizela uste dut. Jendea, gainera, hagitz atsegina da nirekin.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku