“Festa inklusiboa egiteko apustua berretsi dugu”

“Festa inklusiboa egiteko apustua berretsi dugu”

Edurne Elizondo

Urduri eta, aldi berean, lasai. Halaxe dago Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako lehendakari Eneida Carreño (Iruñea, 1973). Nafarroa Oinez besta igandean da, eta eguna hain gertu egoteak “urduritu” du; baina “lasai” dago, urte osoko lana ongi egin dutela badakielako. Euskaltzaleen zain dira jada Altsasun.

Jendea hartzeko prest?

Bai. Lehengoan galdetu zidaten urduri ote nintzen, eta esan behar dut orain bai, orain urduritzen hasi naizela. Zerbait ari da pizten. Urduri gaude, baina onerako. Gogoz garelako. Lasai gaude egin beharrekoak egin ditugulako, eta jende asko ari delako lana oso ongi egiten.

Nolakoa izan da igandeko besta prestatzeko urte hau?

Lan handiko urtea izan da. Oinez festak eta ikastolak, halere, nork bere bidea egin dute. Ikastolan badugu batzorde murriztua deritzona, baina Nafarroa Oinez-ek bere funtzionamendu propioa du, eta ez dio ikastolaren egunerokotasunari eragiten, ez du baldintzatzen. Dena oso ongi antolatuta dago, eta eskertzekoa da hori. Ikastolako zuzendaria eta ni, noski, bi batzordeetan gaude, baina ongi moldatu gara.

Sumatuko zen, halere, ikastolaren egunerokoan Oinez bestaren itzala, ezta?

Bai, festa antolatzeko ilusio hori sumatzen da. Batez ere, azken hamabost egunotan. Ona da gogo hori sumatzea!

Altsasun baduzue eskarmentua Nafarroa Oinez antolatzen. Laugarren aldiz eginen duzue.

Lehen aldia 1981ekoa izan zen, eta urte hartan Etxarri Aranazko ikastolarekin batera antolatu genuen. Sakanako beste hainbat herritako gurasoek ere parte hartu zuten. Bakarrik, beraz, hirugarrenez eginen dugu festa aurten. Egia da eskarmentua badugula, jendeak badakiela zer egin behar duen, eta lan egiteko moduan sumatzen da hori. Nik oso modu ezberdinean bizi izan ditut Oinez guztiak: ikasle gisa, ama gisa… Aurtengoa esperientzia berri bat izanen da, lehendakari gisa ariko bainaiz.

1981. urtean ikasle zinen?

Bai. Bederatzi urte nituen, eta ez dut egunari buruzko oroitzapen argirik. Gogoratzen dut ikastola kutxaz beterik zegoela! Poltsak, eranskailuak, elastikoak bazirela toki guztietan! Mugimendu handia bazela ere bai. Baina Nafarroa Oinez egunari buruz ez dut oroitzapenik.

1993ko bestari buruz bai?

Urte hartan, zorixarrez, mutil-laguna atxilotu zuten, eta egun hartan, Nafarroa Oinez bestaren egunean, bisita genuen Carabanchelen.

2005ekoan parte hartu zenuen?

Erditu berria nintzen. Haurrak hilabete gutxi zituen. Komunikazio taldean aritu nintzen urte hartan lanean. Gogoan dut gune batean hiruzpalau aurkezpen egin nituela oholtza gainean, baina ezin izan nuela gehiago parte hartu.

Aurtengo besta, beraz, goizetik gauera aprobetxatuko duzu?

Hori espero dut! Argi dut gozatuko dudala.

Noiztik zara lehendakari?

Duela bi urte hartu nuen ardura hori. Batzordean, halere, denbora gehiago egin dut. Bosgarren urtea dut jada. Hiruzpalau urteren bueltan berritzen ohi dugu batzordea, baina Nafarroa Oinez heldu zela kontuan hartuta, ni batzordean gelditzea erabaki genuen, egoera hobeki kudeatze aldera, orain arteko esperientzia aprobatxatzeko.

1981. urteko Nafarroa Oinez hura izan zen lehendabizikoa herrialde osoan, ez bakarrik Altsasuko gurasoentzat. Harreman berezi bat ekartzen du horrek bestarekin?

Bai, hala da. Egunotan, gainera, aurkitu dugu garai hartako akta bat, eta agiri horretan ikastolako batzordeak aipatzen zuen Kilometroak 81 festa eginen zutela. Izen horrekin jaso zuten. Nafarroa Oinez gisa ez zen agertzen, oraindik ere. Entzuna zuten Gipuzkoan Kilometroak festa egiten zutela, eta hemen ere egitea erabaki zuten, ondorioz. Akta aurkitu dugu, eta oso bitxia iruditu zaigu.

Etxarri Aranazko gurasoekin egin zenuten lehen besta hura. Orain ere, Altsasuko ikastolak hainbat herritako haurrak hartzen ditu, ezta?

Altsasuko, Ziordiako, Urdiaingo eta Olatzagutiko haurrak hartzen ditu ikastolak. Nafarroa Oinez hau, beraz, denona da, ez bakarrik Altsasuko haur eta gurasoena. Lanean familiak ari gara, eta herri guztietako familiak murgildu dira azken hilabeteotako lan prozesu horretan. Herriotako udalak ere inplikatu dira. 1993an Altsasun prestatu genuen ibilbidea, eta 2005ean Olatzagutian eta Ziorduan. Aurten, berriz ere, Altsasun eginen dugu. Urdiain gelditu da bazter, urteotan. Pena izan da, eta zor bat genuen; baina ezinezkoa izan da. Kontua da ibilbide bat antolatu ahal izateko erraztasunik ez dugula han.

Besta aurkeztu zenutenetik nabarmendu duzue aurtengo Oinez inklusiboa izanen dela. Nola eginen duzue?

Iñigo Aritzan gai horri buruz lan handia egin dugu. Gizarte inklusiboari buruzko gogoeta sustatu eta landu da beti. Urteak egin ditugu horren aldeko apustua egiten, baina beste jauzi bat eman nahi genuen, eta Nafarroa Oinez-ek ematen zigun aukera aprobetxatu dugu. Apustu hori berretsi dugu, festa inklusiboa egiteko. Sentsibilizaziotik hasi, eta ekinaren ekinez gizarteratu nahi dugu auzi hori. Ikastaroak egin ditugu, hitzaldiak, ikasleek ezagutu dute zer den bestearen lekuan jartzea, hainbat elkartetako kideak izan ditugu ondoan…

Igandeko bestan nola mamituko dira asmo edo gogoeta horiek guztiak?

Lehen gunean izanen dugu inklusioaren inguruko tailer bat. Bi elkarte ariko dira gurekin gune horretan. Ibilbidean ere jaso nahi izan dugu inklusioaren auzi hori, eta landu dugu, inor kanpoan gera ez dadin. Bermatu nahi izan dugu denok izanen dugula aukera ibilbidea egiteko. Urte osoko lanean ere, izaera trasnbertsal bat eman nahi izan diogu gaiari, eta batzorde guztiek egin dute lan inklusioa bermatzeko batzorde berezi horrekin. Asmoa da igandeko festan ere toki guztietan inklusioa berma dadila.

Igandeko bestan lortuko duzuen diruarekin azpiegiturak zaharberritu nahi dituzue. Zer asmo duzue, zehazki?

Ikastolaren egoitza oso zaharra da, 40 urte baino gehiago ditu. Berrikuntzak behar ditu. Itoginak badira, hezetasuna ere bai, hainbat gelatan. Hori konpondu nahi dugu, batetik. Bestetik, behar pedagogiko berrietara egokitu nahi dugu ikastola. Beste gela ereduak behar ditugu, eta horretarako ere aprobetxatu nahiko genuke lortutakoa.

Jendea baino ez da falta.

Bai, zain gara! Ez dut uste deialdi berezirik behar denik. Jendeak ezagutzen du Altsasu. Zoritxarrez, azken bi urteotan hodei gris bat dugu gainean. Espero dugu igandean gure festarekin eguzki izpi bat zabaltzea zeruan. Bizi da gure leloa, eta bizirik gaude.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku