Iritzia: Marrazki bizidunak eta euskara

Jon Barberena

Alimaleko garrantzia izan zuten Nafarroa Garaian 2015eko maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. Nafarroako Parlamentuan, EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren hautetsien batuketak UPN foru gobernutik kanpo uztea ekarri zuen eta urteetan hauen aliatuak izan ziren eta diren PSN eta PP bigarren maila batean utzi zituen. Ospatu genuen eta ospatzen dihardugu. Gero eta hurbilago ditugun hauteskudeen ondotik ere, UPN agintetik kanpo egotea nahiko nuke eta bere bi aliatu fidelek indarra galtzea.

Beraz, zorionekoak gu, erregionalisten gainbehera eta haien doktrinen apokalipsia bizi izan genuenok! Bai, hala da… Zorionekoak gara, berrogi urtez UPNk eraikitako basamortua ortozik zeharkatu eta gero, bidean amesten genuen oasi berdea aurkitu dugulakoz. Oasia aurkitu dugu, baina erabateko udaberria oraindik ez. Aitortu beharra dugu zenbait aldaketa ez direla uste bezain agudo etorri gurera. Uste nuen ETB3ko afera fite konponduko zutela egungo agintariek, baina ez da hola izan. Zorionez, Iruñerriko haurrek ETB3ko marrazki bizidunak telebistan ikusteko aukera dute pasa den hilabetetik. Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Zangozan ere, ETB3 2016tik ikusteko aukera dute, baina Baztanen, egun, ez dugu modurik marrazki bizidunek hornitzen duten euskarazko katea ikusteko.

Haur ttipiak ditugun guraso euskaldun anitzek Landetarat egiten dugu erromesaldia eguzkia kukuka hasten den sasoian. Ohatzerat sartzeko errituaren lehendabiziko pausoa izanik, bungalow-eko telebista piztu eta to! ETB3 ikusteko aukera izan genuen Léon-en.

Landetan bai, baina Erratzun, erraterako, ez. Erratzuko haurren egunerokoa euskaraz ematen da batik bat. Euren egunerokoan euskara erabiltzen dute, baina mundu sinbolikoan murgiltzen direlarik, gazteleraz solastatzen dira. Irudimenaren zurrunbiloan guztiz sarturik daudelarik; Leidy Bag, Spider-Man edo Bob Esponja izan daitezke. Irudimenez gorpuzten dituzte fikziozko pertsonaia hauek, baina gazteleraz aritzen dira. Euskarazko ereduak falta dituzte euren irudimena asetzeko. Norbaitek pentsatuko du haur euskaldunek ere gaztelera jakin beharra dutela, eta onuragarria dela hauendako telebista Cervantesen hizkuntzan ikustea. Trankil, ez dute aparteko esfortzurik egin beharko gaztelera ikasteko. Nik ere Euskal Herriko haurrek Euskal Herrian solastatzen diren hiru hizkuntzak jakin beharko lituzketela pentsatzen dut. Baina haiendako gozagarri diren marrazki bizidunak euskaraz nahi ditut. Ez naiz kalitateari buruz mintzatuko, bai baitakit Doraemon katu kosmikoak ia programazio osoa hartzen duela, baina 3txulo eta 3zpa4 ere Doraemonekin batera Baztango telebistetan sar daitezela eskatzen dut!

18. Korrikan, Amets Arzallusek aipatu zuen ama hizkuntza ez dela lehenbizikoa ikasten dena, ez eta amaren altzotik hartzen duguna. Ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen hizkuntza dela aldarrikatu zuen eta akaberako mezua argia izan zen: “Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izanen”. Iruditzen zait irudimenak baduela pentsamendutik eta pentsamenduak baduela irudimenetik. Haurren altxor handienetakoa imajinazioa da; beraz, plazer iturri duten mundu sinbolikoan eman diezaiegun euskaraz aritzeko aukera. Pentsamenduak badu irudimenetik eta, hortaz, nik %100ean euskaraz aritzeko modua duen Nafarroa Garaia irudikatu eta amestu nahi dut.