Patriarkatuan itsatsitako erroak

Patriarkatuan itsatsitako erroak

Edurne Elizondo

Patriarkatua jarri du Iruñeko Udalak mahai gainean. Hari egin dio so, eragiten duen zapalkuntzaren ondorioak aztertzeko. Indarkeria Sexistei Buruzko Nazioarteko Biltzarra antolatu du udalak, zehazki, indarkeria horiek dagozkien testuinguruan jartzeko, jorratzeko, eta horiei aurka egiteko estrategiak prestatzeko eta aurrea hartzeko moduak lantzeko. Komunikazioaren, ikerketaren eta zuzenbidearen ikuspuntutik heldu diote auziari parte hartzaileek, hiru egunez garatutako programan.

Komunikazioari buruzko eztabaidagunean aritu da Nerea Barjola politologoa; Ana Burgos antropologoa, berriz, ikerketari buruzkoan. Soka berari eutsi diote biek, halere, beren hitzaldietan, eta nabarmendu dute sistema patriarkalak emakumeengan jartzen dutela haien kontrako indarkeriaren ardura.

1992ko azaroaren 13ko gauean Alcasserren (Valentzia, Herrialde Katalanak) desagertutako Miriam Garcia, Toñi Gomez eta Desiree Hernandez gazteen hilketa jorratu du Barjolak. 1993ko urtarrilaren 27an aurkitu zituzten haien gorpuak, erdi lurperatuta. Hedabideek modu berezian eman zuten ordukoen berri, eta, xehetasunik txikiena ere argitaratzeko lehian, muga deontologiko guztiak gainditu zituzten.

Denborak ematen dion perspektibarekin eta oraingo analisirako aukerarekin, hedabideon jarrera aztertu du Barjolak, eta ondorio nagusi bat jarri du mahai gainean: “Izu sexualari buruzko kontakizuna egin zuten”. Hedabideetan eta gizartean artikulatu zen kontakizun hori, Barjolaren hitzetan, eta ekarri zuen hildako hiru emakume gazteak bilakatzea jasotako indarkeriaren erantzule eta errudun. “Aldi berean, emakume guztien erantzukizuna jarri zuen kontakizun horrek agerian; argi utzi zuen zer gertatzen ahal zitzaien besta egitera ateratzen ziren neska gazteei”.

Barjolak uste du sistema patriarkalak Alcasserko hilketen auzia baliatu zuela erantzuteko 1980ko hamarkadan mugimendu feministak lortutakoei eta egindako urratsei, eta aurrerapauso horiek hutsean uzteko. Orduko hedabideek eta gaur egungoek egindako kontakizunetan bertzeak bertze, 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruan ez dago alde handia, Barjolak nabarmendu duenez. “Oraingoan ere, erantzun misoginoa jaso du mugimendu feministaren gorakada indartsuak”.

Ideia horrekin lotu du Ana Burgosek bere hitzaldia, eta erran du, Alcasserko hilketak gertatu zirenean bezala, orain ere patriarkatuak emakumeak bilakatu dituela haien aurkako indarkeriaren erantzule eta errudun.

Noctambul@s behatokiko kide da Burgos. Sexu indarkerien ingurukoak jorratu ditu erakunde horrek, esparru zehatz batean: besta eta droga kontsumoa gertatzen den esparru batean, alegia. Bestaguneetan alkohola izaten da kontsumitzen den droga nagusia. Gizarteak ez duela gizonen eta emakumeen kontsumoa berdin epaitzen nabarmendu du Burgosek: “Gizonen kasuan, kontsumo hori egin ditzaketen erasoen aringarri bilakatzen da; emakumeen kasuan, berriz, sufritzen ahal duten indarkeriaren larrigarri. Kontsumo horrek gertatzen zaionaren erantzule bilakatzen du emakumea”.

Hedabideetan zabaltzen diren mezuek indarkeria sufritu duen emakumearengan jartzen dute ardura. “Mezu horiek erraten dute araua hausten duela espazio publikoa besta egiteko hartzen duen emakumeak”. Burgosek erantsi du erakunde publikoen kanpainek ere gisa horretako mezuak zabaltzen dituztela. “Emakumea bilakatzen dute errudun; alkohola edateak emakumea zaurgarri bihurtzen duela erraten dute”.

Sexu indarkeriak dagozkien testuinguruan kokatzeko beharra nabarmendu du antropologoak, eta argi utzi du indarkeria horiek islatzen dutela gorputz batzuek bertze batzuengan ezartzen duten nagusitasuna.

Zuzenbidearen arlotik

Sistema patriarkalaren kontakizunek badute isla justiziaren esparruan ere. Duela bi urteko Iruñeko taldeko bortxaketaren auzia ere bada errealitate horren adibide. Indarkeria ukatu, eta abusutzat jo zuen sententziak erasoa. “Historikoki, Zigor Kodea patriarkatuaren adar armatua izan da”, erran du, argi eta garbi, Maria Acale Sanchez Zigor Zuzenbideko katedradun eta Cadizko Unibertsitateko irakasleak (Espainia), udalak antolatutako indarkeria sexisten inguruko biltzarrean.

Zuzenbidearen mahaian aritu da Acale Sanchez, biltzarrean. Zuzenbidean doktore eta Dones Juristes eta Antigona taldeetako kide Encarna Bodelonek ere espazio horretan hartu du hitza. Halere, esparru soziala jorratu du bere hitzaldian. “Indarkeria sufritu duten emakumeen %70ek laguntza psikologikoa jasotzea jotzen dute lehentasuntzat”, azaldu du. Eman du bertze daturik: “2006tik 2014ra indarkeria matxistak hildako emakumeen %73k ez zuten salaketa jarri”.

Antigona taldeak indarkeria matxistaren aurkako Kataluniako legea aztertu du. Zehazki, emakumeen eskura dauden gizarte zerbitzuen funtzionamendua jorratu dute, legea ezarri eta hamar urtera. Emaitzak ez dira hagitz onak. Zerbitzu espezializatuak eskaintzen dituen sareko profesionalak elkarrizketatuz osatu dute diagnostikoa, eta txostenak agerian utzi du gabeziak badirela. “Enplegua, etxebizitza, adingabeek jasotzen duten arreta eta koordinazioa dira ahulgune nagusiak”, azaldu du Bodelonek. Profesionalen formakuntzarik eza ere agerian utzi du egindako diagnostikoak. “Sistema osoan bada genero ikuspegia eta feminismoa txertatzeko beharra”, erantsi du.

Adingabeak, babesgabe

Adingabeek jasotzen duten arretari buruz, “hutsaren hurrengoa” dela erran du Bodelonek. “Sareak ez ditu haurrak artatzen, eta, artatzen dituenean, amari ematen zaion arretaren osagarri izaten da adingabeek jasotzen dutena”.

Bodelonen hitzak entzun dituzte hainbat abokatu nafarrek. Sara Vicente eta Maria Ortega dira horietako bi. Kataluniari buruz agerian utzitako arazoak eta gabeziak Nafarroan ere badirela nabarmendu dute biek. Ortegak bereziki aipatu nahi izan du zer gertatzen den topaguneetan. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana ikuskatzeko espazioak dira, bertzeak bertze, indarkeria dagoen kasuetan. “Arazo nagusia da zerbitzu hori azpikontraten bidez eskaintzen dela herrialdean; ez dago inolako formakuntzarik, eta zerbitzua emakumeen aurka egiteko erabiltzen ari dira, seme-alabek aita ikusi nahi ez dutenean. Emakumeak bilakatzen dituzte errudun”, salatu du Ortegak.

Sara Vicentek bat egin du salaketa horrekin, eta nabarmendu du gisa horretako zerbitzuek publikoak izan behar dutela. “Ongi funtzionatzen ote duten berrikusi beharko lukete, gainera, tarteka; bermeak behar dira”.

Abokatuak agerian utzi du, halaber, indarkeria matxista sufritu duen emakumeak ukitzen dituen zerbitzu eta esparru guztien arteko koordinaziorik eza. “Madrilen, Fuenlabradako Udala da egin behar denaren adibide, nire ustez; erakundeen arteko benetako koordinazioa dago, kasu bakoitzak jaso duen erantzuna egokiena izan dadila bermatzeko”. Formakuntza eskatu du. Feminismoa.

Irudiak: Iñigo Uriz eta Iruñeko Udala