Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Ane Eslava

Hezetasunez betetako 15 metro koadroko logela hotz batean; egongelan egoteko aukerarik gabe; sukaldea eta komuna jende gehiagorekin partekatzen. Hala bizi izan dira Philomena Ebere eta haren semea, Iruñera iritsi zirenetik. Baina, urriaren 30ean, Eberek bigarren semea izan zuen, eta erabaki zuen ez zela ospitaletik aterako etxebizitza duin bat lortu arte. Azkenean, lortu du: Iruñeko Udalak pisu bat utziko dio, eta laster joango da hara, bere bi semeekin. “Oso pozik” dagoela esan du Eberek, baina ez du bidea erraz izan. Bere bizitzako garairik gogorrena izan dela ziurtatu du.

Orain dela hemeretzi urte heldu zen Ebere Nigeriatik Espainiara, Cadizera, baina hango eguraldia kaltegarria zen bere semearentzat, azal eta arnasa arazoak dituelako. Horregatik, orain dela bi urte, Iruñera etortzea erabaki zuen. Hemen, ordea, beste arazo batekin egin zuen topo: etxebizitza lortzeko ezintasuna. Inork ez zion etxebizitzarik alokatzen, eta pisu bateko logela batean sartu zen. Ordutik, han bizi izan da, oso egoera latzean.

“Logela bat ez da etxe bat”, errepikatu du behin eta berriz Eberek, azken bi urteetan zer baldintzatan bizi izan den deskribatzerakoan. “Ohe bakarra genuen semeak eta biok, eta askotan aulki batean lo egiten nuen, umeak jada 9 urte dituelako, eta bakarrik lo egin nahi izaten zuelako”, azaldu du. Jan, jolastu, ikasi… Guztia ohe horretan egiten zuten, ez baitzuten beste tokirik.

Bestalde, etxea zaharra zenez, oso hotza zen, eta hezetasun handia zuen. “Etxe barruan berokiarekin egon behar genuen, kalean bezala; eta, hezetasunarengatik, batzuetan toallarekin garbitu behar nituen paretak”, kontatu du. Horrek kalte egiten zion bere semeari, eta askotan joan behar izaten zuten medikuarengana. Horrez gain, etxeko gainontzeko logeletan beste familia batzuk zeuden, eta garbitasunarekin arazoak izaten zituztela esan du: “Haiek txatarra ekartzen zuten etxera; nik inoiz ez nien esan ez zezatela hori egin, baina ume bat neukan etxean, eta garbi izan nahi nuen”.

Kontatu duenez, umeak ez zuen gaizki eramaten egoera horretan bizitzea, baina askotan galdetzen zion ea noiz izango zuten “benetako” etxe bat. “Eta nik jada ez nekien zer esan; erantzunak amaitu zitzaizkidan”. Haurra egoera horretan izateagatik asko sufritu duela adierazi du: “Ama txarra sentitzen nintzen, ez nintzelako gai nire semea ongi zaintzeko”.

Denbora horretan guztian, etxebizitza duin bat alokatzen saiatu da, eskura izan dituen bitarteko guztietatik: Nasuvinsan, Eisovin, enplegu bulegoan eta antzeko sustatzaileetan eman du izena, baina inork ez dio pisu bat errentan utzi. Kontatu duenez, oso fidantza garestiak eta soldata handiak exijitzen zizkioten. Azken urteetan lorezaintzan eta ostalaritzan lan egin du, eta zazpi urte ditu kotizatuak; baina hori ez da nahikoa izan.

Bitartean, laguntza bilatu du: PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak Iruñeko Alde Zaharrean egiten dituen bileretan parte hartu du astero; emakumeak ahalduntzeko tailerretan egon da; udalaren osoko bilkuretara joan da bere egoera azaltzera… baina ez du irtenbiderik aurkitu. Adierazi duenez, sentitzen zuen udalak eta gobernuak ez ziotela jaramonik egiten: “Esaten zidaten nik baino arazo gehiago zituzten pertsonak bazeudela, eta nik banekien hori egia zela, baina ezin nuen gela horretan jarraitu”.

Azkenean, haurdun geratu zenean, etsirik, erabaki bat hartu zuen: erditu ondoren, ez zen ospitaletik aterako etxebizitza bat lortu arte. Erabakia jakinarazi zuen, eta PAH plataformak hasieratik eman zion babesa. Urriaren 29an sartu zen ospitalean, eta hurrengo egunean izan zuen haurra.

Orduan, PAHko kideek Ebereren arazoa jendaurrean salatu zuten, eta egoera kudeatzeko pausoak eman zituzten. Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta proposamen bat egin zieten: Eberek udalaren etxebizitza bat partekatzea antzeko egoeran dagoen beste pertsona batekin. Udalak proposamena onartu zuen, eta kontaktuan jarri zen Ebererekin eta etxegabetze agindua zuen beste emakume batekin. Biek aurretik ezagutzen zuten elkar, PAHko bileretan topo egiten baitzuten, eta haiek ere egokitzat hartu zuten aukera hori.

Eberek esan duenez, pozten dira elkarrekin bizitzeaz, biak antzeko egoeran daudelako: “Ama gara biak, eta gure seme-alabentzako onena bilatzen ari gara”. Udalak utzi dien pisuak ez zuen altzaririk, baina PAHk kanpaina bat egin du, eta dagoeneko altzariz hornitu dute pisua. Bi emakumeek iragan ostiralean sinatu zuten kontratua, eta laster joango dira beren etxe berrira.

Zoriontsu sentitzen dela adierazi du Eberek: “Azkenean lasai egin dezaket lo, amesgaiztorik gabe”. Eskerrak eman dizkio PAHko bere “familiari”, beragatik egin duten ahaleginarengatik, eta baita Iruñeko Udalari ere. Gizarteari eskatu dio ez dezala alde batera begiratu: “Ni bezalako emakume asko daude”.

Philomena asko daude

Mikel Otazuk, Iruñeko Alde Zaharreko PAHko kideak, “lorpen handitzat” jo du Ebereren garaipena, eta “balorazio positiboa” egin du udalaren jarreraz, egoerari irtenbidea bilatzeko negoziazio bideak ireki dituelako. Baina hark ere nabarmendu du Iruñean pertsona asko daudela Philomena Ebereren egoera bertsuan, eta gehienak seme-alabak dituzten emakume senargabeak direla: zehazki, 48 dira halako kasuak.

Azaldu duenez, horiek etxebizitza bat eskuratzeko baliabideak dituzte, gehienek alokairurako diru laguntzak jasotzen dituztelako, baina ez dute lortzen: “Inork ez die errentan uzten bere etxebizitza, etorkinak edo pobreak direlako: arrazismoaren eta aporofobiaren faktoreak daude hor”.

Arazoari aurre egiteko, PAHk beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak errehabilitatu ditzala hutsik dauden udal etxebizitzak, eta alokairu sozialeko etxebizitza parke zabalagoa osa dezala. Hala ere, Otazuk azpimarratu du nabaria dela Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua arazoa konpontzeko egiten ari diren lana, emaitzek erakusten duten moduan: “Urte hasieran hirurogei familia inguru zeuden Philomenaren egoera berean, eta hamabik etxebizitza bat lortu dute jada”. Hori dela eta, adierazi du arazo handiena gizartean dagoela, eta premiazkoa dela biztanleriarekin lan egitea: “Kontzientzia sozial handiagoa behar da”.

Irudia: Hipotekek Kalte Eginikoen Plataforma