Iritzia: Kanpai hotsak

Lohizune Amatria

Goiz esnatu da. Kanpai hots gutxi entzun du. Azken asteotan asko hitz egin da gaurko egunari buruz, eta behar bezala erantzuteko nahiak ez dio nahiko lukeen bezala lo egiten utzi. Egunak ez du argitu oraindik. Etxekoak esnatu gabe, komunera joan da. Aurpegitik ura zeriola, bere burua ispiluan ikusi du. Nekearen orbainak nabaritzen zaizkio; baina astindu batekin, arnasa hartu, eta indarra hartu du.

Sukaldera sartu orduko piztu du irratia: “Milaka pertsona batu ziren atzo arratsaldean Altsasun…”. Ez da kaferik geratzen; berokia jarri, eta eskaileretan behera kalerako bidea hartu du. Lasai dago, baretasunak ekaitzik ekarriko ote duen galdegin dio bere buruari. Eta nahiko ez lukeena burutik kendu ezinik, bere izena entzun du. Bizilaguna da, kafetegitik ateratzen. Keinu bat egin dio, eta gosaltzera sartu da.

Bost ogi barra zeramazkiela kalean aurrera egin du bizilagunak. Konpromiso garrantzitsu bat du, eta ez du berandu iritsi nahi. Pausoa azkartu du, eta atarira iritsi da. Atea zabaldu aurretik, nabaritu du esna zeudela gainerakoak. Beste egunetan baino urduriago sumatu ditu; inork ez du berandu iritsi nahi.

Sukaldean tokia egin, eta ogi barrak zatitan moztu ditu. Atzo prestatutako tortilla zatiak ogi tartean sartu ditu. Zortzi eta erdiak dira. Ogitarteko guztiak motxila txiki batean sartu, eta etxetik atera dira. Hirurak.

Kaleak ez daude hain lasai orain, blindatu egin dute herria. Motxila zabaldu, ogitarteko bat atera, eta bati eman dio. Atzo elkarrekin eman zuten eguna; gaur, ordea, hortxe banandu da haien bidea. Udaletxerako bidea hartu dute bik; hirugarrenak, hilerrirakoa. Gaurko eguna iristeko irrikan zegoen; agian gainerako biak baino gehiago. Hausnarketa sakona egin dute lagunartean, eta sinetsita dago erabaki zuzena hartu dutela azkenean. Hala ere, zalantza nabari zaio begiradan.

Lagun guztiak aurkitu ditu hilerri inguruan; beraiengana gerturatu da, eta zer egin zezakeen galdetu die. Beste batzuekin batera pankartak jartzen lagundu du. Gero eta jende gehiago hurbiltzen ari da. Hamarretako kanpaiak entzun ditu. Kontrako norabidean bere bizilaguna topatu du begiradarekin. Ahoarekin keinu txiki bat eginez agurtu du.

Kafetegian gosaldu ondoren, eguneroko paseoa egitera atera da. Herrian ohikoan baino jende gehiago dago, baina betiko bidea egitea erabaki du. Ezin izan da, baina, Foruen plazatik igaro. Iortia plazara iritsi da. Jendez gainezka dago plaza, eta bazter batetik zeharkatu du. Hantxe dira bere beste bi bizilagunak, ogitartekoak banatzen. Etxera joan da. Kanpai hotsak etenik gabe hasi dira entzuten. Hasi da performancea.

Azaroaren 4an, Altsasun gertatu zenaren kontakizun asmatua da honako hau. Ariketa bat proposatu nahi dizuet: ezarri iezaiezue nahi dituzuen etiketak pertsonaiei. Kontatzen duena izan zitekeen egiazkoa, ezta? Interes politikoetarako erabili nahi izan dute Altsasu. Ez denaren irudia zabaldu. Altsasu askotarikoa da, eta bizikidetasunez bizitzeko aukera dagoela erakutsi digu. Probokazioen aurrean herriak erakutsi du zer den: elkartasunaren sinbolo.