“Aitorpena emango digute AEB-etako kalte-ordainek”

Ane Eslava

Amiantoa zuntz mikroskopikoetan desegiten den mineral bat da: oso toxikoa da, eta, arnastuz gero, minbizia eta halako eritasunak sor ditzake. XX. mendean, amiantoa AEBetatik ekarri, eta lantegietan inolako babesik gabe erabiltzen zuten. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Maria Asun Fernandez (Iruñea, 1960), Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea. Orain, kalte-ordain bat jasoko du amiantoa saltzen zuten AEBetako enpresek sortutako funtsetako batetik. Halako bigarren kasua da Nafarroan: iaz, Ananar elkarteko beste kide batek jaso zuen.

Zer kalte eragiten du osasunean amiantoa arnasteak?

Amiantoa ileak baino askoz ere txikiagoak diren zuntzetan deskonposatzen da. Zuntz horietako bakar bat arnastuz gero, biriketan itsatsita geratzen zaizu, eta 30 bat urteren ostean, gaixotasun bat agertzen zaizu; gehienetan, minbizia. Egun ez da amiantoarekin lan egiten, baina toki guztietan dago: eskoletan, lantegietan, etxeetan… Eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake. Guk eskatzen dugu amianto guztia ken dezatela; baina, oraingoz, ez dute ezer egin.

Zuri, zein kalte eragin dizu?

Senarrak Nafarroako enpresa batean lan egin zuen, Superserren, eta 2016an pleurako mesotelioma diagnostikatu zioten: amiantoarekin lotutako minbizia. Hamalau urtez aritu zen enpresaren kalitate kontrolean, eta ez zuen amiantoa ukitzen. Baina kate batean zegoen, eta hor amiantoa zatitzen, kardatzen eta orrazten zuten; giroan zegoen. Iazko azaroan hil zen, AEBetako kalte-ordaina jasotzeko izapideak egiten ari ginela.

Bere garaian, babesik gabe maneiatzen zuten amiantoa?

Bai, inolako babesik gabe. Dirudienez, lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Eta jendeak jan, erre, eta denetarik egiten zuen amiantozko plaken gainean.

Mediku kontrolik egiten zuten?

Gure kasuaz hitz egingo dizut: enpresen eta langileen zerrenda batzuk daude, eta horietan daudenei mediku kontrolak egin behar dizkiete. Bada, Superser zerrenda horretan dago, baina senarra ez zegoen zerrendan. Ez zuen inolako kontrolik izan, minbizia diagnostikatu zioten arte. Areago, azaroaren 19an hil zen, eta urtarrilean jaso zuen mediku azterketa egiteko lehenbiziko gutuna. Oso gogorra da.

AEBetako kalte-ordaina jaso duzu. Garrantzitsua da zuretzat?

Kalte-ordainak oso garrantzitsuak dira: ez digute galdutako pertsona itzuliko, baina aitorpena emango digute. Ez da diruarengatik; nik dirua elkarteari emango diot; aintzatespenarengatik da.

Nolakoa izan da kalte-ordaina lortzeko prozesua?

Houstongo [AEB] abokatu bulego baten bidez eskatzen da. Betekizunak dira amiantoarekin 1983 baino lehen lan egin izana, pleurako mesotelioma izatea, eta zure enpresak AEBetan amiantoa erosi izana. Gure kasuan, iazko uztailean, Houstongo abokatuak gurekin harremanetan jarri ziren, eta esan ziguten eska genezakeela kalte-ordaina, eta ez genuela dirurik aurreratu behar: irabaziz gero, haiek kalte-ordainaren %25-40 kobratuko zuten. Xehetasun guztiak aztertu genituen, eta aukera ona iruditu zitzaigun; ez genuen ezer galtzekorik. Baina prozesua luzatu da: bi urte kostatu zaigu.

Zergatik sortu zituzten konpentsazio funts horiek amiantoarekin lotutako enpresek?

AEBek amiantoa aurkitu zuten, eta mundu osoan saltzen hasi ziren. 1989an debekatu zuten, baina askoz lehenago bazekiten arriskutsua zela: Osasunaren Mundu Erakundeak 1940an ohartarazi zuen amiantoak arnas aparatuko arazoak sortzen zituela, eta heriotza eragiten zuela. Beraz, amiantoarekin lotutako enpresa estatubatuarrek bazekiten arriskutsua zela, eta funts horiekin beren burua babesten zuten.

Nafarroatik kanpo, kalte-ordain gehiago eman dituzte?

Espainia mailan ez diote inor gehiagori eman, eta gainontzeko herrialdeetan, ez dakit. Uste dugu gure elkarteak aurrekaria ezarri duela, eta eskaera egitera animatu nahi ditugu baldintzak betetzen dituztenak.

Kutsatutako jendearen zerrendarik ba al dago?

Hutsune izugarria dago: portzentaje batzuk baino ez daude. Gu hasi gara hildako pertsonen errolda zehatz bat egiten, pertsonen eta enpresen datuekin, baina lan handia dugu.

Tratamendurik dago amiantoak sortutako gaixotasunentzat?

Ez dago ezer: minbizi horiek sendaezinak dira. Gaixoei kimioterapia ematen diete, minbizia motelago hazteko, baina horrek ez ditu sendatzen.

Eta ikertzen ari dira?

Gizarte Segurantzak ez du ezer ere ikertzen. Zerbait egiten ari den bakarra Nafarroako Unibertsitatea klinika da: bizi kalitatea hobetzeko zerbait lortu du, eta entsegu bat egin behar du amiantoaren minbiziarentzako tratamendu zehatz bat lortzeko. Gure elkartetik ere ikerketa bultzatzen dugu, CIMArekin [Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroa]. Bestalde, Frantzian, ikerketa garrantzitsu bat abian da: txerto bat aurkitu dute, ez duena minbizia sendatzen, baina gelditu egiten duena, eta orain probatuko dute ea funtzionatzen duen. Urrats txiki bat da, baina, aldi berean, oso handia.

Amiantoak eragindako minbizia gaixotasun profesional gisa hartzen dute?

Minbizi mota asko daude, baina Gizarte Segurantzak lau hartzen ditu gaixotasun profesionaltzat: laringekoa, biriketakoa, urdailekoa eta pleurakoa. Ez dituzte guztiak onartzen, ez dutelako onartu nahi haiek izandako errua. Izan ere, Espainiako Gobernuarena izan zen errua, materiala sartzen utzi zuelako; enpresena, sartu zutelako; eta Gizarte Segurantzarena, ez zuelako ezer egin gobernuak segurtasun neurriak jartzeko agindu zuenean.

Horiek ez dute onartu izandako errua?

Epaiketak daude, baina oso zaila da. Izan ere, epaiketan zerbait eskaintzen dizute, eta ez baduzu onartzen, urte askotan ibili behar duzu epaiketa batetik bestera. Horregatik, jendea, normalki, eskaintzen diotenarekin konformatzen da. Izan ere, urte bateko bizi itxaropena baduzu, ez duzu atsekaberik nahi… Eta horrekin jolasten dira.

Zuri zertan lagundu dizu Ananar elkarteak?

Elkarteko kide guztiok familia bat gara, arazo bera pairatu dugulako. Gaixoarentzat oso lagungarria da egoera berean daudenekin hitz egitea. Eta atzean gaudenoi asko laguntzen digu elkarri begiratzeak, besarkatzeak, elkarrekin negar egiteak… Azalpenik eman behar ez izateak. Nik liburu txiki bat idatzi dut, uste dudalako oso garrantzitsua dela sufrimendua elkarri azaltzea: norberarena, bikotearena, familiarena… Nik kontatzea erabaki dut. Kostatu zait, baina niretzat lasaitu bat izan da.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku