Eguzki izpiak liburutegian

Edurne Elizondo

Erakusketa bat, Nafarroaren eta Japoniaren arteko harremana ospatzeko. Maiela Zurutuzak Komorebi izenburupean egindako lanak hartu ditu Iruñeko Yamagutxi plazako liburutegiak. Hilabetea amaitu arte ikusi ahal izanen dira. Zurutuzak Josu Jimenez Maiaren haikuak oinarri hartuta osatu ditu bere obrak. Bisitari bereziak izan ditu azken egunotan, gainera, Japoniako Yamagutxi hiritik etorritako ordezkaritzako kideak izan baitira Iruñean.

Nafarroako hiriburua eta Yamagutxi duela hamabost urte senidetu ziren, eta Japoniako hiriko ordezkaritzako kideak adiskidetze akordioa berritzera etorri dira orain.

“Polita eta berezia da Japoniatik etorritako bisitariek erakusketa ikusi izana”, erran du Maiela Zurutuza artistak. Gasteiztarra da, eta hiri horretan erakutsi zituen bere lanak lehendabizikoz, joan den otsailean, artista gazteentzako lehiaketa batera proiektua aurkeztu eta irabazi ondoren.

Komorebi hitza izan zuen Zurutuzaren proiektuak abiapuntu. “Interneten aurkitu nuen, eta bitxia iruditu zitzaidan”, gogoratu du. Japonierazko hitz horrek zuhaitzen hostoen artean pasatzen den eguzki izpia izendatzeko balio du, hain zuzen ere.

Eta Zurutuzak horixe egin du bere erakusketaren bitartez: led argiak eta arroz papera baliatuz, Yamagutxiko liburutegi barrura eraman ditu artelan bilakatutako bere eguzki izpiak. Lau osatu ditu, denera, bat urtaro bakoitzeko. Piezak prestatzeko, Josu Jimenez Maiak idatzitako haikuak erabili ditu artista gazteak.

Euskarazko haikuak erabili nahi zituela erabaki eta gero, Josu Jimenez Maiaren Gerezi garaiko haikuak izenburuko liburuarekin egin zuen topo Zurutuzak. “Interesgarria iruditu zitzaidan, liburuko haikuak urtaroen arabera banatuta zeudelako”, azaldu du artistak. Egindako pieza bakoitzean Jimenezen bost haiku jaso ditu.

Haiku tailerreko arduradun

Josu Jimenez Maiak “kontent” hartu zuen, hasieratik, Maiela Zurutuzak bere haikuak erabiltzeko proiektua. Nafar Ateneoko euskara eleduna da, eta erakunde horrek egiten duen haiku tailerreko arduraduna, hain zuzen ere. “Tailer irekia da; bost pertsona inguruk egiten dugu bat, eta gustura aritzen gara”.

Iaz, Zurutuzak egin zuen bisita haiku tailerrera. Han ezagutu zuten elkar artistak eta idazleak. Jimenez Maiak bi liburutan jaso ditu bere haikuak. Lehendabizikoa duela zazpi urte plazaratu zuen, Maiatz argitaletxearen bidez. Lan horretakoak dira Zurutzak erabilitakoak. “Egindako egiturak erakutsi zizkidanean, txundituta gelditu nintzen!”, erran du Jimenez Maiak.

Komorebi hitzaren eta Zurututzaren lanaren artean sortu den lotura nabarmendu du Jimenez Maiak. Idatziz jasotako haikuak artelan bateko parte bilakatu izana ere “pozgarritzat” jo du. Liburuaren bidea luzatzeko modu bat izan dela uste du idazleak. “Liburu asko argitaratzen dira, eta laster gelditzen dira bazter”. Erakusketaren bidez, ordea, bidea egiten jarraitzen du lanak. “Literatura beste esparru batean jartzeko sormen lan bat da”, erran du idazleak, Maiela Zurutuzaren obrei buruz.

Yamagutxitik etorritako ordezkariek gertutik ikusi ahal izan dituzte obra horiek. Zortzi pertsonak osatutako taldea etorri da, zehazki, Japoniatik. Tartean izan da Tsugumasa Muraoka, Yamagutxiko prefekturako gobernadorea. Yamagutxi parkea eta liburutegia bisitatu ez ezik, Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosekin ere bilera egin dute Japoniako ordezkariek. Nafarroako Parlamentuan ere izan dira, eta energia berriztagarrien inguruko hainbat proiektu ezagutu dituzte, gainera.

Maiela Zurutuzaren erakusketa hilabete bukaerara arte egonen da ikusgai Yamagutxiko liburutegian. Astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 15:00etatik 21:00etara. Eguna hodei artean ernatzen bada ere, eguzki izpiak eraikin barruan izanen dira Konorebi erakusketako obren bidez. Ez edozein eguzki izpi, ordea: zuhaitzen hostoen artean pasatzen diren eguzki izpiak, zehazki. Komorebi.