Sistemari eusteko indarkeria

Edurne Elizondo

Desberdinkerian oinarritutako sistema orok behar du indarkeria dosi bat eutsi ahal izateko; zenbat eta aurrerago egin emakumeen eskubideek, orduan eta indarkeria handiagoa dago, bere burua defendatzen duelako sistemak”. Horixe nabarmendu du Sare erakundeko buru Julia Munarrizek, elkarte horrek Creacion Positivarekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera egindako Indarkeria Matxistei eta GIBari Buruzko Jardunaldian. Laugarrenez antolatu dute, eta indarkeria instituzionalaren gaia jarri dute mahai gainean.

Blanca Fernandez Viguera soziologo eta ekintzaile feministak aurretik errandakoak dira Munarrizek bere solasaldiaren hasieran erabilitako hitz horiek; haien bidez, dagokion testuinguruan jarri nahi izan du indarkeria instituzionalaren gaia. Gehiago erran du: “Sistema patriarkalak indarrean jarraitzen du; jada ez du bertze garai bateko forma autoritarioa, baina paperean jasotako eskubideak ez dira gauzatzen. Patriarkatuak eta kapitalismoak, gainera, elkarri egiten diote mesede. Feminismoa behar dugu, denontzat gizarte bizigarriago bat lortzeko”.

Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidente Esther Erizek parte hartu du NUPen egindako jardunaldian. Iaz, sexu indarkerien auziari buruz antolatutakoan aritzera deitu zuten, baina ezezkoa eman zuen. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruko epaiketa egin zuten, hain justu, garai hartan.

Egiturazko arazo bat

Iaz eta aurtengo jardunaldian aritu diren bertze adituetako bat da Montse Pineda. Iazkoan, hain zuzen ere, Iruñeko talde bortxaketaren epaiketari egin zion so, argi baitzuen Pinedak epaileen lana zein den: “Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira”, erran zuen.

Ideia hori da Munarrizek nabarmendutakoa, eta Pinedak ere eutsi egin dio aurtengo bere solasaldian: “Indarkeria instituzionalaz ari garenean, sistemaren egituran bertan dagoen indarkeriaz ari gara. Sistemak berezkoa du indarkeria hori. Sistema heteropatriarkalaz ari garenean, erakundeez ari gara, baina gero kosta egiten zaigu instituzio horiek ikustea eta identifikatzea”, erran du Pinedak.

Instituzio horietako batetik aritu da Esther Erize NUPeko jardunaldian, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea baita. Bere solasaldian legeak jasotako eskubideez eta laguntzez mintzatu da. Zehazki, gorroto delituari buruzko artikuluak aztertu ditu Erizek, eta agerian utzi du figura hori gaur egun ez direla erabiltzen ari sortu zuten kasuetarako. “Hainbat kolektibo kaltebera babesteko sortu zen, baina egiten den interpretazioa hagitz zabala da, eta, ondorioz, egun, sare sozialetan txisteak egiten dituztenen edo rap abeslarien aurka baliatzen dute”, nabarmendu du auzitegiko kideak.

Erizek argi du gorroto delitutzat jo daitekeela indarkeria matxista, eta uste du figura hori indarkeria matxistari aurre egiteko dauden lege zehatzekin batera erabili beharko litzatekeela, jardunaldian agerian utzi duenez.

Pinedaren aburuz, ordea, “motz” gelditu da Esther Erizek NUPeko ekinaldian egindako analisia. Ikuspuntu kritikoagoa erakutsi du Creacion Positiva taldeko kideak erakundeen lanarekiko. Jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu dute Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek, hain zuzen. Haien babesa eskertu du Pinedak; ez, ordea, ekinaldia hasteko hitzaldian parte hartu eta gero alde egin izana.

Legeak bete

Osasun Departamentuko kide Lazaro Elizaldek hartu du hitza jardunaldian gobernuaren izenean, eta nabarmendu du, batetik, 2017ko bukaeran erakunde arteko akordioa sinatu zutela, indarkeria matxistari aurre egiteko asmoz; eta, bertzetik, gobernuak ikerketa egin duela azken hilabeteotan eta laster mahai gainean jarriko dituztela emaitzak. Asmoa da osasun zerbitzuetatik indarkeria mota sotilak antzeman ahal izateko tresnak garatzea. Elizaldek erantsi du koordinazioa sustatzeko asmoz ekintza protokoloa prestatzen ari direla.

“Erakundeek protokoloak eta planak egiten dituzte legeak ez betetzeko. Duten helburua benetan beteko duten politika publikoak egiten badituzu, ez duzu planen edo protokoloen beharrik”, erantzun du Pinedak. “Egiten dituzten politikak koherentziaz betearaztea da gakoa; horrela sortuko dira koordinazio sare eraginkorrak”, erantsi du. Iruñean, hain zuzen ere, udalak antolatuta, indarkeria sexistei buruzko biltzarra egin zuten urrian, eta arlo juridikoan nabarmendutako arazoetako bat izan da koordinaziorik ezarena, indarkeria matxistaren auzian.

Legeak betetzeko eskatu du Pinedak. Eta, horrekin batera, legeak bete ahal izateko baliabideak. Errealitateak erakusten du ahalegin anitz paperean baino ez direla gelditzen, Pinedak salatu duenez. GIBa duten pertsonak artatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana jarri du adibide gisa; jasotzen dituzten diru laguntzen kopuruari egin dio so, zehazki: “Estatu osoan dauden gobernuz kanpoko erakundeek, denera, 1,4 milioi euro baino ez dute jasotzen; zenbatekoa da kopurua Nafarroan?”, galdetu du. Sareko Julia Munarrizek erantzun dio: “300.000 eurora ez da ailegatzen”.