Iritzia: Euskara ez da bozkatzen

Saioa Alkaiza

Nahi al duzu zure auzokoaren seme-alabek euskaraz ikasteko eskubidea izatea? Nahi al duzu beheko ostatukoak administrazioarengana euskaraz jotzeko eskubidea izatea?”. Bada, 361 pertsonak bozkatu dute ezetz, ez zaiela ongi iruditzen ez haiek ez beste inork euskara erabili ahal izatea gisa horretako tramiteetarako.

Herritar batzuek erabaki dute beste herritar batzuek eskubideak izan beharko lituzketen edo ez, eta ezezkoa atera da. Herritar batzuek erabaki dute beste batzuk hunkitu ezin izatea Mikel Laboa kantuan entzunda, erabaki dute lilura muinetan ez sentitzea Maialen Lujanbio kantuan entzunda, erabaki dute malkoak ez erortzea Uxue Alberdiren edota Joseba Sarrionandiaren obrak irakurriz, erabaki dute mundu bat ukatzea ondokoei, eta D eredura joan nahi izatekotan, herritik kanpo joatera behartzea bizilagunaren haurrak. Are, eta emaitzekin zehatzagoa izanda, 30 botoko aldea dago Aiegi eremu mistoan sartzea nahi dutenen eta nahi ez dutenen artean. Hilaren 18an egin zuten galdeketa herrian, Ayegi Unido alderdiak deituta: 766 lagunek botoa eman zuten, hau da, herritarren %42k, 1.849k baitzuten parte hartzeko aukera: baietz bozkatu zuten 361ek; ezetz, berriz, 391k.

Juan Mari Iantzi alkateak parte hartzea laudatu eta emaitza loteslea izanen dela azaldu du, BERRIAk jaso duenez: “Aiegik erabaki egin du, eta, udal batzarrean esan nuen bezala, emaitza loteslea da, emaitza edozein izanda ere”.

Iratxe hautagaitza independenteak, bestalde, herria eremu mistoan sartzearen aldeko idazkia sinatu zuen, baina erreferendumean ateratakoa errespetatu behar dela deritzo. “Erreferendum bat da, demokrazia batean gaude, eta herriaren erabakia errespetatu beharra dago, gustatu ala ez. Ez da ezer gertatzen, Aiegik aurrera jarraituko duelako”, ziurtatu du Esperanza Gastea zinegotziak. EH Bilduko Juan Luis Camarero zinegotziak uste du eskubideak “kendu” egiten dizkietela euskaldunei eta “demokrazia batek” ezin dituela eskubideak ebatsi.

Demagogia lirudike erreferendum baten kontra azaltzea. Baina hizkuntza eskubideak ez dira bozkatzen. Bada esaten duenik ere zuritze ariketa izan dela galdeketa, era horretan Ayegi Unido taldeak ez duelako eremu mistoan sartzearen kontra dagoela zuzenean esan behar izan; bada esaten duenik erabilpen partidista izan duela erreferendumak; kuriosoa da beste deusen inguruko galdeketak egiten ez diren honetan zeri eta euskarari buruz galdetzea.

Kontuak kontu, azkenean, kilometro eskasetara dagoen lizarratar batek, gauzak horrela, ondo-ondoan dagoen aiegiar batek baino eskubide gehiago dauzka. Pentsa zer litzatekeen kontu bera oposizioetara aurkezteko eskubide gehiago baleuzka edo osasun zerbitzu ezberdinak edota foru legeen erabilpen bestelakoa.

Galdera bat egin beharko genioke laukoari, eta ez erreferendum formatuan: “Nafar guztien eskubideak berdindu eta zonifikazioa amaituko duen Euskararen Legea sortzekoarekin bat egiten duzue?”.

Bada garaia arazoaren muinari heltzeko.