Musika bidaia liburutegian

Ainhoa Larretxea

Goizeko bederatzi eta erdiak dira. Zizur Nagusiko institutuko liburutegian 30 aulki daude, U forma osatuz. Parean, aulki bat eta gitarra bat. Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleak zalaparta batean sartu dira gelara. Liburutegian egonagatik, ordea, gaur ez dute libururik ekarri. Belarriak prest ekarri dituzte euskal musikaren munduan murgiltzeko. Segituan entzun da atearen zarata, eta Jon Basaguren sartu da; Izaki Gardenak taldeko abeslaria eta Euskadi Irratiko Arratsean saioaren gidaria.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako Musikariak Ikastetxeetan programaren barruan izan zen Basaguren Zizur Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Institutuan aitzineko ostiralean. Musikaren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu zikloak. Horretarako, urrian hasi eta abenduaren 23ra bitartean, 23 musikarik emanaldiak egingo dituzte Nafarroako 37 ikastetxetan. Programa urriaren 26an hasi bazen ere, Zizur Nagusikoa Basagurenek egindako lehen saioa izan zen. Iruñeko Jaso ikastolan bertze bi eginen ditu, datorren abenduaren 4an. Basagurenez gain, bertzeak bertze, Gorka Urbizu, Zuriñe Hidalgo eta Petti abeslariek ere hartuko dute parte aipatu programan.

Gelara sartu orduko ezagutu du Basaguren lehen ilaran eserita dagoen ikasleetako batek. Bertze anitzek ezagutzen ez zutenez, ordea, bere buruaren aurkezpen labur bat egin du saioa hasi aitzinetik. Adi-adi, begira ditu ikasle guztiak, eta hasierako une horiek aprobetxatu ditu saioaren nondik norakoak azaltzeko: “Ni orain musika egiten ari naiz, Euskal Herrian eta euskaraz. Beti ez da horrela izan, ordea. Saioa hasteko, euskarazko musika nondik datorren eta noiz hasi zen kontatuko dizuet”.

Saioak, kontzertu izateaz harago, euskal kulturaren inguruan jakintza zabaltzeko gune ere izango dira, eta, horregatik, euskal musikaren historiaren inguruko azalpen labur batzuk egingo dituzte sortzaileek, programaren eskutik.

Ordenagailua piztu, eta, ipuin bat balitz bezala, euskal musikaren historia kontatzen hasi da Basaguren. Ez Dok Amairu taldean hasi du ibilia. Taldea zer zen eta zer egin zuen kontatu ondotik, Mikel Laboaren Txoriak Txori kantaren zati bat abesten hasi da. Ikasle batzuk berarekin abestera ere animatu dira, eta denak batean kantatu dituzte Joxean Artzek sortutako hitzak. Euskal kantagintza klasikotik berbena taldeetara eta frankismo garaiko diktadurara egin du jauzi kontakizunak: “Hego Euskal Herriko probintziak diktadura baten menpe zeuden. eta horrek euskal musika zein kanpokoa baztertzen zituen. Jendea Ipar Euskal Herrira joaten zen diskoen bila, eta autoan ekartzen zituzten, gordeta”.

“Frankismoa hil zenean, musika ere aldatu zen, eta egun Euskal Rock Erradikala izena ematen zaien taldeak sortu ziren. Horiek musika gogorra eta hitz zuzenak egiten zituzten, baina, tamalez, ia denek gazteleraz egiten zituzten”, kontatu die abeslariak. Kortatu, Barricada eta La Polla Records taldeak aipatu ditu; gazteek buruarekin baiezkoa egin dute, ezagutzen dituzten seinale.

“Euskal Rock Erradikala 1990ean bukatu zen, eta bertze estilo bat etorri zen: heavy metala”, kontatu du Basagurenek. “Su Ta Gar” aipatu du lehen ilaran eserita dagoen mutil batek. “Bai, hori da. Su Ta Gar izan zen heavya euskaraz egin zuen lehen taldea” erantzun du Basagurenek. “1990eko urteetan bertze musika estilo batzuk egiten hasi ziren; tartean, Berri Txarrak. Ezagutzen duzue?”. “Bai”, erantzun dute ia denek, aho batez. Hamarkada horretan, hala ere, bertze musika estilo bat nabarmendu zela erran die Basagurenek: “Triki pop-a, trikitia bateria, gitarra, baxu eta panderoarekin nahastuta”

Euskal historiaren ipuina iritsi da amaierara, gaur egunera. “Era guztietako musika dago euskaraz: rapa, trapa, ska… Denetarik dago. Zuek zer entzuten duzue?”, galdetu die abeslariak. “Zartako, Su Ta Gar, Huntza, Gatibu”. Talde andana aipatu dituzte ikasleek. Gaur egungo musikara helduta, amaitutzat eman du saioaren lehen zatia. Ibilbide pertsonalaz solastatu aitzinetik, ordea, azken gauza erakutsi die musikariak: Badok.eus webgunea.

Izaki Gardenak

Euskarazko musika ibilbidearen maparen ondotik etorri da Izaki Gardenak taldearen ibilbideaz solastatzeko ordua. Gitarra hartu, eta idatzitako lehen kanta jo du, Sagarroia. Jo aitzinetik, kantaren azalpen txiki bat eman du, gitarra eskuetan duela: “Joseba Sarrionandiaren poema bat da oinarria. Kontatzen du nola batzuetan arantzak kanpora izan beharrean barrura izaten ditugun. Nola batzuetan gu garen geure buruaren etsairik handiena”. Denak isildu dira, eta Basagurenen gitarra eta ahotsa bakarrik aditu dira liburutegian. Ikasleak adi-adi dira.

Txalo zaparradarekin erantzun diote ikasleek, eta hasierako lotsak alde batera utzita etorri dira gazteen lehenengo galderak: “Nola sortu zenuen taldea?”, “Zergatik izen hori?”. Bat bertzearen gibeletik egin dituzte galderak, eta Basagurenek goxo erantzun die guzti-guztiei. Gazteak bereziki interesatu dira abestien sorkuntza prozesuaz. Hitzak idazteko orduan ideiak edozein lekutatik etortzen zaizkiola kontatu du: filmetatik, poema batetik, jendearekin solastatu ondotik. Horregatik beti “adi” ibiltzen dela kontatu die.

Lehen galdera sortaren ondotik, berriro ere gitarra hartu, eta Aurri gara diskoko Hibernazioa abestia jo die. Gogoz jo diote txalo gazteek. Abestia gitarraz jo ondotik, bideoklipa ere jarri du, abesti bera talde osoak jota nola entzuten den alderatzeko. Taldeak ia bi urtez egindako etenaz mintzatu zaie gero, eta baita Dena oskol izeneko azken diskoaren grabaketaz ere. Diskoari izena ematen dion abestia ere jo du, primizian.

Gitarrarekin kantatzeaz gain, bertze sorpresa bat ere eman die sortzaileak: Izaki Gardenak taldeak atera duen azken diskoaren itsasgarriak ekarri ditu. Gazte bakoitzari itsasgarri bat eman, eta ondoko lagunarenarekin elkartzeko eskatu die. Gazteak berehala konturatu dira itsasgarriak elkartuta alde guztietan bat egiten duela irudiak: “Ze polita”, esan du txundituta erdian eseritako ikasleetako batek. “Nola egin duzue hau?”, galdetu dio bertze batek. Saioa bukatu artean, itsasgarriekin jolasean aritu dira anitz, itsasgarri bat baino gehiago elkartuta denek nola bat egiten duten deskubritu nahian.

Galdera eta erantzun artean, uste baino azkarrago pasatu da denbora. Ikasleekin batera gelan den irakasleak bortz minutu gelditzen zaizkiola adierazi dio Basagureni, eta saioa bukatu aitzinetik azken aldiz hartu du gitarra. Oraingoan, ordea, aitzinekoetan ez bezala, gazteak ere gonbidatu ditu berarekin batera kantatzera: “Nik esaten dudana errepikatu buruarekin keinua egiten dudanean. Ados?”. Baiezkoa erantzun diote ikasle denek batera, eta kanta hasi orduko errepikapen guztietan lagundu dute Basagurenen ahotsa.

Hasieran lotsati eta isilak ziren ikasleek gitarraren doinuak kantatuz amaitu dute saioa. Azken kantarekin bat, txalo zaparrada luzea eskaini diote Basagureni. Argazki bat atera dute denek batera, eta oihu eta txantxa artean alde egin dute gazte ia denek. Bakar batzuk gelan gelditu dira banatutako itsasgarriak noiz sinatuko zain.

Saioa bukatuta, pozik da Basaguren: “Ongi funtzionatu du; uste dut interesgarria izan dela. Abestera ere animatu dira, eta, beraz, oso pozik nago”. Saioan egondako gazteak ere pozik dira entzundakoarekin: “Oso ongi pasatu dugu, Jonek oso ongi abesten du, eta interesgarria izan da”.

Hiru aste falta dira Musikariak Ikastetxean zikloa bukatzeko, baina egitasmoa jada ari da bere fruituak ematen. Zizur Nagusiko institutuko ikasleek euskal musikaren inguruan ezagutza sakonagoa dute hitzaldiaren ondotik. Batek baino gehiagok seguru luzaroan oroituko duela institutuan zela Jon Basagurenek bisita musikatua egin zuenean.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku