Iritzia: Zu ‘belarriprest’?

Lohizune Amatria

Amaitu da Euskaraldia. 11 egunez txapa jarri, eta euskaraz jardun gara. Euskaraz; eta, askotan, euskarari buruz. Edo hala gertatu zait niri behintzat.

Sorpresak hartuko genituela aipatzen zuten Euskaraldiko sustatzaileek. Arrazoia zuten. Ohiko okindegira ogia erostera joan nintzenean hartu nuen lehenengoa. Arrazoirik gabe, beti gaztelaniaz eskatu dut ogia. Nahiko automatikoa izan ohi da erosketa, ia hitzik gabekoa: eskatu, ogia jaso, ordaindu eta joan.

Ahobizi rola aukeratu dut. Lehenengo hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dut; betetzea, ordea, ez da erraza izan.

Euskaraz egin nuen aurrenekoz okindegian. “Ogi barra bat, mesedez”. Esan bitartean hatzarekin bat nahi nuela nabarmendu nion. Baiezkoa erantzun zidan burua astinduz. Organ zuen barretako bat hartu; eta, inoiz ez bezala, txigortuagoa nahi nuen galdetu zidan. Ni, euskaraz: “Berdin zait, hori bera”. Beste bat hartu zuen. “Lehenengoa ongi zegoen”. “Ez, bestea”. “Hori, hori”. “Ez”. Azkenean, hatzak lagunduta ulertu zuen zein nahi nuen. “Eskerrik asko”. Eta atera nintzen. Inoiz baino zailagoa egin zitzaidan ogia erostea.

ETB1en eman zuten aurreneko Euskaraldiaren inguruko saioan, Amets Arzallusek aipatzen zuen euskaldunok beti justifikatu behar dugula geure burua. Arrazoia du. Okinak bazekien Euskaraldiaren inguruan, ez nintzen lehenengoa izan. Justifikatuta zegoen nire jarduna.

Etengabe zuritu behar dugu geure burua, baina zenbaitek zama bikoitza izan dute Euskaraldian. Nire inguruko belarriprest guztiek etengabe azaldu behar izan dute euren erabakia. “Zu belarriprest? Baina zuk euskaraz ongi egiten duzu”. Ahobizia ez da belarripresta baino euskaldunagoa. Ez da gaitasun kontua soilik, konpromisoa da gakoa; eta bakoitzaren erabakia ulertzeko gai izan beharko genuke, epaitu gabe.

Baina etengabe ari gara epaitzen. Baita geure burua ere. Badirudi euskaraz egiterakoan, beti zuzen hitz egin behar dugula. Baina ez da berdin gertatzen bestelako hizkuntzekin. Gaztelaniaz hitz egiten dudanean euskarazko hitzak erabiltzen ditut. Eta ez euskarazkoak bakarrik; baita ingelesezkoak ere, gero eta gehiago. Hala egitean, ez dut neure burua justifikatzeko beharrik sentitzen.

Norbere buruari (eta komunitateari) ezarritako mugak azaleratzeko adibide ergel bat baino ez da izan irakurri berri duzuna. Baina sinetsita nago jendea euskaraz egitera ez ausartzearen arrazoietako bat hori dela. Eta horren erantzule gu ere bagara.

Amaitu da Euskaraldia. Zer egin duzu txaparekin? Soinean daramazu? Barkatu, ez da zintzoa galdera; ez naiz hasiko leporatzen nik egiten ez dudana. Txapa etxean utzi dut. Baina hartutako konpromisoarekin, zer egingo dugu?

Ez da erraza izan euskarari eustea, baina oso aberasgarria izan da. Ogia euskaraz eros dezakedala jakin dut, haserrealdiak ere barregarriak izan daitezkeela euskaraz, gazteleraz bezain ongi ulertzen dugula elkar euskaraz… Ez dadila amaitu, faborez. Txaparik gabe bada ere, jarraitu izaten belarriprest edota ahobizi.