Turismoa mugatzeko garaia

Turismoa mugatzeko garaia

Ane Eslava

Kezka areagotzen ari da Iruñeko Alde Zaharreko biztanleen artean. Azken urteetan aldaketa handiak gertatzen ari dira auzoan: ostatuak, saltoki handiak eta tabernak ugaritzen ari dira, eta bizilagun askok alde egin behar izan dute, etxebizitza bat eskuratzea geroz eta zailago bilakatzen ari delako. Egoera ez da Donostiakoa, Bartzelonakoa eta beste hainbat hiritakoa bezain larria, baina auzotarrek ohartarazten dute joera “arduratzeko modukoa” dela. Horri aurre egiteko, Alde Zaharreko kolektiboak auzo bizigarri bat lortzeko lanean ari dira, eta, besteak beste, Iruñeko Udalarekin elkarrizketak izaten ari dira. Urrats batzuk lortu dituzte; azkenekoa iragan astean heldu zen: udalak jakinarazi zuen hainbat neurri hartuko dituela legez kanpoko pisu turistikoen eskaintza geldiarazteko.

Neurri horien artean daude, besteak beste, hiriko ostatuen eskaintzaren eboluzioa jarraitzea, Turismo Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren arteko lantalde bat sortzea, Nafarroako Gobernuaren aurrean salaketak jartzea —hark baitu salaketak gauzatzeko eskumena, eta Internet bidez legezko etxebizitza turistikoen eskaintzaren berri ematea. Horrekin batera, laguntza eskatu diete bizilagunei, legez kanpoko etxebizitza turistikoak aurkitzen laguntzeko.

2017-2019rako Iruñeko Turismo Plan Estrategikoaren barruan daude neurri horiek guztiak, eta helburu dute “Alde Zaharreko etxebizitzak eta elkarbizitza babestea”, Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziaren hitzetan.

Dagoeneko aztertu egin dituzte Airbnb, HomeAway, Tripadvisor eta Booking plataformetan eskaintzen dituzten etxebizitzak, eta legez kanpo alokatzen dituzten 52 pisu aurkitu dituzte. Horrekin batera, udalaren webgunean ikusgai jarri dute legezko eskaintza biltzen duen zerrenda bat, Iruñean ostatu hartu nahi dutenei erraztasunak emateko.

Auzoko biztanleak pozik agertu dira udalaren urratsarekin: “Iruñeko gainontzeko auzoekin alderatuta, oso egoera desorekatuan gaude; horregatik, etxebizitza turistikoei ezartzen dieten edozein muga ongi iruditzen zaigu”, adierazi du Javier Hualde Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak. Haren ustez, udalak tresna ugari ditu legez kanpoko pisuak aurkitzeko; horregatik, erantzukizuna hartu eta pausoak eman behar ditu. “Plataformen informazioa aztertuz, ez da zaila pisu horiek aurkitzea; baina, horiek geldiarazteko, baliabideak behar dira, eta udalak baditu”. Bestalde, ez dago ados proposatu duten neurrietako batekin: herritarren parte hartzea. “Ez dut uste ideia ona denik bizilagunok polizia gisa ibili behar izatea; erantzukizuna gugan jartzen ari dira”.

Arazoaren erroetara joatea

Udalak egindako urratsa positibotzat jo badu ere, Hualdek gogorarazi du legez kanpoko pisu turistikoen auzia arazo handi baten zati bat baino ez dela. Arazoaren jatorria ulertzeko, beharrezkoa da urte batzuk atzera egitea: 2006ra, zehazki. Urte hartan, UPNk PEPRI Alde Zaharreko Babeserako eta Barne Erreformarako Plan Berezia aldatu zuen, eta, hala, araudia malgutu egin zuen, auzoaren lehiakortasun ekonomikoa bultzatzeko xedez. Aldaketa horren ondorioz, tabernak irekitzeko debekualdia kendu zuten, eta etxebizitza turistikoak eraikinetako edozein solairutan jartzea ahalbidetu zuten soilik Alde Zaharrean gertatzen da hori. Urteekin, aldaketa horiek auzoaren turistifikazioa eragiten ari dira.

Udalak dio Iruñean arazoa oraindik txikia dela tamaina bereko beste hiri batzuetan dutenarekin alderatuta. Baina, Alde Zaharreko bizilagunek salatzen duten moduan, auzo horrek du hiriko ostatu metaketarik handiena. “Udalaren datuen arabera, Iruñe osoan eskaintzen dituzten ostatu plaza guztien %40 inguru Alde Zaharrean daude; eta han, 1.000 biztanle bakoitzeko 200 toki daude; gainontzeko auzoetan, berriz, 17”, zehaztu du Hualdek. Turismoaren gorakadak ondorio nabarmenak izan ditu auzoan, batik bat populazioaren bilakaeran: 2006ko urtarriletik, biztanleen %10,2k alde egin dute, eta Iruñe osoan, berriz, populazioak %4,3 egin du gora. “Ez dugu alarmistak izan behar, baina kezkatzeko moduko sintomak ikusten ditugu”, adierazi du Hualdek.

Egoera konpontzeko, otsailean, udalak ostatuen inguruko araudia aldatzeko prozesua abian jarri zuen. Bi neurri proposatu zituen: etxebizitza turistikoak eraikinetako lehen solairuetara mugatzea, eta turismora bideratutako eraikin osoak distantzien arabera mugatzea. Aldaketa horiek onartu ondoren, parte hartzeko prozesu bat egin zuten, eta alegazioetarako tarte bat utzi zuten.

Behin betiko onarpena abenduko osoko bilkuran egitea aurreikusten zuten, baina atzeratu egin da. Izan ere, Geroa Baik zuzenketa bidezko aldaketa bat aurkeztu berri du, helburu duena turismorako eraikinen arteko tarteen puntua aldatzea: Alde Zaharreko etxadi bakoitzaren %25 ostatuentzat izatea proposatu du. “Mugatzen ez duen muga bat da hori”, salatu du Hualdek. Haren ustez, Geroa Bairen jarrera aldaketa horren helburua da Unzu ostatuari bidea irekitzea, udalak proposatzen dituen arau aldaketekin ezingo luketelako eraiki. Burgoen plazan jarri nahi duten ostatu hori hiriko hirugarren handiena izango litzateke: 277 toki izango lituzke. “Beldur gara, Alde Zaharrak oso araudi kaltegarria jasan dezakeelako Unzu ostatuaren eraginez”.

Ondorioz, bizilagunek onartzen dute udalak proposatu dituen neurriak bide onetik doazela, baina, auzoan jazotzen ari den bilakaera ikusita, legezko eta legez kanpoko ostatuen arteko bereizketaz harago joatea eskatzen dute, turismoari benetako mugak jartzeko. Hualdek azpimarratu du oraingoa oso abagune garrantzitsua dela, araudia aldatuta, luzerako iraungo duelako. Horregatik, ezinbestekotzat jo du herritarrek kontzientzia hartzea eta kalera ateratzea. Datorren astean, gaiari lotutako bi saio dituzte auzoan: astelehenean, Unzu proiektuari lotutako hitzaldia egingo dute, 19:30ean, udalak Caldereria kalean duen aretoan. Asteartean, ordu berean, proiektu horren aurkako elkarretaratzea egingo dute, Udaletxe plazan. Arazoa berandu baino lehen konpontzeko.