Elkarretaratzea, pediatra eskatzeko

Edurne Elizondo

Pediatra gabe. Halaxe daude Goizuetako eta Aranoko bizilagunak, joan den otsailetik. “Ordura arte, astean behin etortzen zen herrira; orain, zerbitzurik ez dugu”, salatu du Goizuetako Eli Salaberriak. Ez da kexu agertu den bakarra. Goizuetako eta Aranoko gurasoek bat egin dute pediatra eskatzeko. Goizuetan, hain zuzen ere, elkarretaratzea eginen dute gaur, plazan, 16:45ean. “Ostiral oro aterako gara”.

Nafarroako Gobernuari “presio egiteko” asmoz erabaki dute herritarrek karrikara ateratzea, Salaberriak azaldu duenez. Haserre daude, eta osasun zerbitzu egoki bat jasotzeko eskubidea dutela defendatu dute. Ez dute ulertzen zergatik galdu behar izan duten lehen bazuten zerbitzu bat. Zehazki, Leitzako pediatra zen Goizuetara mugitzen zena, astean behin. Herri horretako osasun etxean hartzen zituen pediatrak, ondorioz, Goizuetako bertako eta Aranoko haurrak.

Otsailera arte. Otsailean, Leitzako pediatra Irurtzunera mugitu zuten. Maiatzera arte, “bere borondatez” aritu zen, astean behin, Goizuetara mugitzen. “Goizez Irurtzunen aritzen zen pediatra, eta, astean behin, arratsaldez, gure herrira etortzen zen”, azaldu du Salaberriak.

Aukera hori ere ez dute jada Goizuetako eta Aranoko herritarrek, eta Osasunbideak eman dizkien azalpenak ez dituzte, inondik inora, “nahikotzat” jo. “Ez dugu ulertzen zer gertatzen den”.

Izan ere, jaso duten azalpen bakarra izan da egun Leitzan dagoen pediatrak ez duela Goizuetara mugitu nahi, astean behin, hango eta Aranoko haurrak artatzeko. “Hori esan digute; pediatrak ez duela etorri nahi, eta erabaki hori ontzat ematen duela Nafarroako Gobernuak; besterik ez”, erran du Salaberriak.

Egun, Goizuetako gurasoek bi aukera dituzte haurrak gaixotzen direnean: bat da familia medikuarengana joatea, herriko osasun etxera, alegia; eta, bigarrena, berriz, larrialdietarako, Leitzara mugitzea. Bigarren aukera hori ez du egokitzat jo Salaberriak. “Joan eta etorrian ordubete galtzen dugu; ez da nolanahiko bidaia, haurra gaixo dagoenean; ez da batere egokia”.

Goizuetan ere pediatra izateko eskubidea dutela nabarmendu du Salaberriak, are gehiago lehen zerbitzu hori bazutela kontuan hartuta. “Familia medikuarengana joatea ez da konponbide onena ere; gure seme-alabentzat ahalik eta zerbitzurik onena nahi dugu guk ere, haurrak pediatrak arta ditzala, alegia. Lehen, aukera hori bagenuen, eta, orain, kendu egin digute. Ez dago eskubide hori galtzeko arrazoirik”.

Pediatrak Leitza, Goizueta eta Aranoko haurrak artatu beharko lituzkeela gaineratu du Eli Salaberriak. “Zerbitzu hori izateko eskubidea dugu”.

Goizuetako Udaleko arduradunek bilerak egin dituzte Osasunbideko eskualdeko ordezkariekin, baina, orain arte, ez dute deus lortu, Salaberriak erantsi duenez. “Ez digute inolako konponbiderik ematen. Zain gaude”, berretsi du goizuetarrak.

Larrialdietan

Osasun arloan, halere, pediatraren ingurukoa ez da Goizuetako herritarren kexa bakarra. Bertze arazo bat jarri du Eli Salaberriak mahai gainean: larrialdi zerbitzuena, alegia.

Goizuetako osasun etxean mediku bat eta erizain bat aritzen dira lanean, goizez; arratsaldez, larrialdietarako medikua eta erizaina daude. “Kontua da aldiro aldatzen dituztela. Badakigu lan baldintzak ez direla egokienak gure herrian lan egiteko; kontua da etengabe ari direla herrira etortzen diren medikua eta erizaina aldatzen”, azaldu du Salaberriak.

Herritarrek ez dute ontzat jo hainbertze aldaketa, eta uste dute gaixoak behar bezala artatzeko lana zaildu egiten duela egoera horrek. Herritarrek jasotzen duten zerbitzuari eragiten diola, alegia. “Jendea ezagutzeko aukera ere ez dute medikuak eta erizainak”. Ondorioz, larrialdietarako zerbitzuan lantalde finkoa jartzeko eskatu dute goizuetarrek.

Ostiralero elkarretaratzea egitea ez da osasun zerbitzuetan beren eskaeren alde martxan jarri duten ekinaldi bakarra. Sinadurak biltzen ere hasi dira Goizuetako herritarrak, Osasunbideko arduradunei aurkezteko. Argi dute eskubidea dutela zerbitzurik egokiena izateko.