Desagerrarazi ezinezko arazoa

Ane Eslava

Urte berriarekin, balantzea egiteko garaia heldu da, eta hori egin du Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak ere. 2018an Nafarroako errepideetan izandako ezbeharren berri eman du: iaz, orotara, 34 pertsona hil ziren auto istripuetan herrialdean; 2017an baino sei lagun gehiago. Istripu horietako gehienak hiriarteko errepideetan izan ziren. Aurreko urtean baino heriotza gehiago izan arren, datua urrun dago mende hasierako zifretatik: 2000. urtean, 118 lagun hil ziren Nafarroako errepideetan.

Iaz istripuetan egondako heriotza gehienak hiriarteko bideetan izan ziren: zehazki, 27 (%79,4). Hiri barruko bideetan sei pertsona hil dira, eta landa bideetan, berriz, bakarra. Bestalde, hildako bat baino gehiago eragin duten zazpi ezbehar izan dira Euskal Herrian, eta horietako bat Nafarroan gertatu da, Cintruenigon: apirilean, bi autok izan zuten istripua, eta hiru lagun hil ziren. Era berean, azpimarratzekoa da istripuetan hildakoen artean gehienak gizonezkoak zirela: %85. Gainera, 25 urtetik gorakoak ziren biktimen %80.

2000. urtetik istripuek beheranzko joera izan dute Nafarroan. Datuak laurtekotan aztertuta, argi ikusten da beherakada: azken lau urteetan 113 hildako zenbatu dituzte Nafarroan; 2011. eta 2014. urteen artean, 148, eta 2000. eta 2003. artean, berriz, 294. Hala ere, azken urteetan jaitsiera mantsotzen hasi da, eta, 2018an gertatu den bezala, zenbaitetan gorakada puntualak jazo dira. Horrek kezka sortu du gizartean.

Mario Garcia RACVN Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko bozeramaileak, ordea, ez du uste gorakada hori “alarma pizteko modukoa” denik. Halako igoera puntualak hainbat faktoreren ondorio direla azaldu du: “Krisialdi ekonomikotik ateratzen ari gara, eta, ondorioz, gehiago mugitzen gara errepidean. Baina ibilgailu zaharrak erabiltzen ditugu, eta azken urteetan gaizki zaindu dituzten errepideetatik mugitzen gara”. Horrek guztiak eragina du istripuetan, haren hitzetan.

Bestalde, 2018ko datuei erreparatuta, zenbait aldaketa ikus daitezke arrisku taldeetan. Oinezkoei dagokienez, azpimarratzekoa da Iruñeko egoera: bost lagun hil dira ibilgailuek harrapatuta. Urte hasieran alarma piztu zen, urteko lehen 24 egunetan hiru lagun hil baitzituzten beste hainbat ibilgailuk Nafarroan. Azkenean, ordea, zendutako oinezkoen kopurua aurreko urtekoa baino baxuagoa izan da: zortzitik seira jaitsi da.

Arrisku handia jasaten duen beste talde bat txirrindulariena da. 2018an ez da txirrindularirik zendu errepide istripuetan, nahiz eta bizikletan ibiltzen direnen kopuruak gora egin duen. Hala ere, azken urteetako datuak kezkagarriak dira: 2010etik, hamalau txirrindulari hil dira Nafarroako errepideetan gertatutako ezbeharretan. 2017. urtean, lau txirrindulari hil ziren herrialdean: haietako bi auto banak harrapatuta zendu ziren, eta beste biak berez hil ziren errepidean. Ezbehar horiek kezka handia eragin zuten; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak bilerak egin ditu txirrindularien taldeekin, eta hainbat neurri hartu ditu horiek babesteko; besteak beste, seinaleak jarri ditu hainbat errepidetan.

Istripuen kontrako neurriak

“Talde kalteberekin gertatzen diren ezbeharrak murrizteko bidea trebakuntza da”. Hori uste du Mario Garciak. RACVNko kidearen hitzetan, talde horietako lagunak mugikortasunaren eta trafikoaren partaide dira, eta, gidariek bezala, oinarrizko ezagutzak behar dituzte. “Eskubideak dituzte, baina baita betebeharrak ere”. Hori dela eta, egokitzat jo du derrigorrezko hezkuntzan mugikortasunaren inguruko heziketa eranstea. Bestalde, Garciak zenbait hutsune ikusten ditu bizikleten, patineteen eta halako ibilgailuen inguruko araudian, eta premiazkotzat jo du horiek betetzea.

Heriotza kopuruen jaitsiera mantsotu dela ikusita, Nafarroako Gobernua hasia da neurriak hartzen. Batetik, Bide Segurtasunaren Nafarroako Estrategiak errepide istripuen kontrako hamasei kanpaina antolatu zituen iaz. Bestalde, ekainean abian jarri zuten distrakzioen kontrako kanpaina instituzional bat, eta laster jarriko dute martxan berriz ere: 400.000 orri-markatzaile banatuko dituzte, Mugikorrak beti itxaron dezake, zure bizitzak ez leloarekin.

Kanpainaren helburua da kontzientzia zabaltzea gidatzerakoan sakelako telefonoa erabiltzeak dakarren arriskuaren inguruan. Izan ere, azken urteetan gora egin duen arazo bat da hori. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, distrakzioek eragiten dute hildakoak dauden hiru istriputik bat, bai eta biktimarik gabekoen erdiak ere.

Kanpaina horrekin batera, Nafarroako Gobernuak bide segurtasunaren inguruko hiru lantalde sortzea aurreikusten du. Lehenak aztergai izango du zer eragin duten arau-hausteek istripuetan, ondoriorik larrienak dituzten arau-hausteak antzemateko eta horien kontrako kanpainak antolatzeko. Era berean, biktimek ezbeharretan nolako arreta eta laguntza jasotzen duten aztertuko dute, beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko.

Beste lantalde batek Bide Heziketa landuko du, Nafarroan arlo horretan egiten diren jarduera guztiak biltzeko xedez. Azkenik, hirugarrenak alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzearen kontrako kanpaina bat egingo du, gidarien eta oinezkoen droga kontsumoa baita istripuen bigarren kausa. Zehazki, 2017. urtean errepide istripuetan zendutakoen %44 drogen eraginpean zihoazen.

RACVNko bozeramaileak egokitzat jo ditu neurri horiek guztiak, baina uste du falta dela kanpoko faktoreei ere heltzea. “Egia da gidaria dela istripuen zentroa, baina badira haren menpe ez dauden alderdi batzuk, eta horiek ez dira konpontzen”, adierazi du. Haren taldean zenbait neurri eskatu dituzte; besteak beste, PIVE planak eta zerga onurak ibilgailuak berritu ahal izateko, eta errepideen eta seinaleen hobekuntza.

Izan ere, auto istripuak saihesteko hartzen diren neurri gehienak zigorrarekin lotuta daude. “Eta hori azken urratsa izan behar litzateke”, Garciaren ustez. “Aurretik egon behar lirateke trebakuntza eta informazioa, jendartea kontzientziatzeko”. Garciak horien alde lan egiten jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du. “Hildako bakar bat dagoen bitartean ezingo baikara erlaxatu”.

Irudia: Nafarroako Gobernua