“Tratamenduek merezi izan dutela errateko idatzi dut”

“Tratamenduek merezi izan dutela errateko idatzi dut”

Edurne Elizondo

Gripearen aurkako txertoa jarri zioten, baina, halere, gaitzak harrapatu egin du Blanca Angulo Muñoz (Iruñea, 1985). Elkarrizketa bertan behera uztekotan egon da, gripe bat larria izan daitekeelako beretzat. 20 urterekin minbizia izan zuen, eta gaixotasunak eta tratamenduek biriketan utzitako ondorioei egin behar die aurre. %39ko desgaitasuna du. Pagoda negra izeneko liburuan jaso du, orain, egindako bidea.

Zergatik erabaki duzu idaztea?

Azken bi urteotan arnasa hartzeko arazo handiak izan ditut. 2014tik, bost aldiz ospitaleratu behar izan naute. Pentsatu izan dut zerbait gertatuz gero nahi nuela zerbait utzi, jendearentzat baliagarria izaten ahal zen zerbait. Aldi berean, Josep Carreras fundazioarekin harremana izan dut. Nire kasuaren berri emateko eskatu zidaten. Idazten hasi, eta ohartu nintzen paragrafo bat baino gehiago idatzi nahi nuela. Minbizia izan nuenean ere, eguneroko bat idatzi nuen.

Eguneroko hori hartu duzu abiapuntu?

Ez naiz egunerokoa berriz irakurtzeko gai izan. Beldur nintzen, gaizki pasatutako uneetan idatzitakoa berriz irakurtzeko beldur. Horren ordez, garai horretako argazkiak erabili ditut memoria freskatzeko. Argazkiei lotutako sentsazioak baliatu ditut. Nire asmoa da nire esperientziaren bidez bertzeak laguntzea.

“Zerbait gertatuz gero”, erran duzu.

Minbizia gainditu nuen, baina gaixotasunak arrasto sakona utzi dit. Birikak gaizki ditut. 2010-2011. urtean jada medikuek ohartarazi zidaten transplantea beharko nuela. Baina ezin didate egin.

Zergatik ez?

Erradioterapiak utzitako arrastoagatik. Birikak erre dizkit, eta, ondorioz, zainek eta arteriek bat egin dute birikekin, eta masa homogeneo baten gisako zerbait sortu dute. Hori dela eta, hagitz zaila izanen litzateke birika zain eta arteria horietatik bereiztea ebakuntza batean. Biriken egoerak okerrera eginen duela badakit.

Zer moduz zaude orain?

Iaz oxigenoa behar izanen nuela pentsatu nuen, ibiltzen nintzenean oxigenoaren asetasun mailak nabarmen egiten zidalako behera. Udan botikak aldatu dizkidate, eta hobera egin dut. Baina badakit joera hori izanen dela. Halere, nik argi utzi nahi dut gauza bat: minbizia gogorra izan zela, baina, hala eta guztiz ere, gerora ere osasun arazoak izan baditut ere, lortu dudala disfrutatzea eta bizitzaz gozatzea. Hori nabarmendu nahi dut. Horregatik idatzi dut liburua. Tratamenduek merezi izan dutela argi errateko. 2006an hasi nintzen, eta 2019an gara jada. Merezi izan du. Gauza anitz egin ditut, agian minbizia izan ez banu egin izanen ez nituzkeenak.

Liburuan idatzi duzu medikuek eufemismoak erabiltzen dituztela minbizi hitza ez errateko; zuk, berriz, zoriontasunarekin lotu duzu.

Medikuek tumore edo masa deitzen zioten minbiziari, nire kasuan. Eta gaixotasunak niri mundu berri bat ekarri dit. Gauza txikiei duten balioa ematen hasi nintzen, lagunekin eta senideekin pasatutako une guztiak gozatzen, pentsatuz azkena izan zitekeela.

Erasmus programan parte hartzeko ahalegina izan zen egindako handiena?

Hori zen nire ametsa, eta amore ez ematea erabaki nuen. Hamar hilabete egon nintzen Bruselan. Gaizki nengoen, eta uste nuen hilabete eskasa eman ahal izanen nuela kanpoan, baina azkenean hamar izan ziren. Hemengo hematologoarekin emailez aritzen nintzen. Lizentzia jasotzera etorri nintzenean, probak egiteko baliatu nuen egonaldia. Han ere, Bruselan, hilabetean behin joaten nintzen ospitalera, behar nuen botika hartzera.

Gaizki egoteko aukera ere eman diozu zeure buruari?

Bai, hori ere behar da. Hasiera izan zen zailena, niretzat. Onartzeko prozesua ez da erraza. Minbizia nuela erran zidatenean, ezin nuen sinetsi. Gaztea nintzen, kirola egiten nuen, ez nuen erretzen, ez nuen edaten.

Errudun sentitu zinela ere erran duzu. Zergatik?

Gaixotasuna onartu eta gero, errudun sentitzen hasi nintzen, pentsatzen nuelako gaixo nintzela behar bezala ez nuelako zaindu neure burua. Onartu behar dut, era berean, tratamendua amaitu eta gero proba bat egin eta gauzak argi atera ez zirenean, berriz ere minbizia izateko arriskua mahai gainean jarri zidatenean, erabakia hartu nuela uko eginen niola tratamendua berriz ere hartzeari. Bidaia bat nuen prestatua familiarekin, baina egun horietan probak eginen zizkidatela erran zidaten. Ezetz erantzun nien. Nahiago nuela familiarekin egon. Azkenean, minbizia ez zen itzuli.

Zure esperientzia kontatzeko, Itxaso izeneko pertsonaia eta haren taekwondoko maistra sortu dituzu. Zergatik?

11 urte nituenean hasi nintzen taekwondoa egiten. Kirol horri lotutako kultura maite izan dut beti. Horregatik baliatu nahi izan ditut liburuan taekwondoa egiten nueneko hainbat elementu. Gaixotasunari aurre egiten ere lagundu dit taekwondoan ikasitako guztiak, arnasa hartzeko, kontzentratzeko. Azkenean, taekwondoarena nire mundua da, eta liburuan sartu nahi izan dut. Taekwondoan kolore ezberdinetako gerrikoak erabiltzen dira zure garapena islatzeko; liburuan, kolore ezberdinetako pagodak erabili ditut gaixotasunaren inguruko prozesu guztia islatzeko, prozesu horretan izan dudan garapena islatzeko.

Taekwondoa egiteari utzi behar izan diozu. Gogorra izan da?

Bai, anitz maite dudalako. Halere, orain nagoen bezala nago kirolaren esparruan urratsak egiten ahalegindu naizelako. 2011n eta 2012an Donejakue bidea egin nuen oinez, eta, anitz sufritu banuen ere, lagundu zidan biriken gaitasuna handitzen. Taekwondoarekin ere saiatu nintzen, baina utzi egin behar izan nuen. Garai batean gihar anitz galdu nuen, eta edozein ariketa fisikok sekulako axubetak eragiten zizkidan. Baina kirolak lagundu zidan eusten. Ahal dudanean, maite dut paseoak ematea.

Urtean zure minbizi motako diagnostiko bakarra omen dago Nafarroan, eta zu baino pertsona zaharragoetan. Zuk izan zenuen urtean, ordea, bi izan zineten, biak emakume gazteak. Zergatik ezagutu nahi izan zenuen bertze emakume hori?

Ospitalean bat egin genuen. Bitan egon ginen elkarrekin. Haurdun zegoen, eta hasieran uko egin zion tratamenduari. Ukitu egin ninduen horrek. Ez dut haren bertze berririk izan.

Eta orain?

Orain bizitzaz gozatzen jarraitu nahi dut. Bai eta idazten ere.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku