“Irabazteko gai zen gorputza, baina nire burua ez zen prest”

“Irabazteko gai zen gorputza, baina nire burua ez zen prest”

Edurne Elizondo

Bide propioa egin du Ioseba Fernandez (Iturmendi, 1989) abiadura patinatzaileak kirol horren esparruan. Entrenatzailerik gabe aritu da urte luzez, eta bere buruaren aurkako lehia lehenetsiz egin du aurrera. Udan Munduko Txapelketa irabazi zuen, laugarrenez. Europakoan bederatzi aldiz nagusitu da.

Laugarrenez irabazi duzu Munduko Txapelketa 2018an, eta munduko marka onduz, gainera. Zer asmo duzu 2019rako?

Aurtengoa sasoi berezia izanen da niretzat. 2017an, kirola uzteko aukera aztertzen hasi nintzen. Urte horretan Munduko Txapelketa irabazi nuen. Lau probatan lortu nuen domina. Pentsatu nuen une egokia izan zitekeela uzteko.

Baina ez zenuen utzi. Zergatik?

Federazioak erran zidan 2019an Bartzelonan eginen zutela Munduko Txapelketa. Aukera hori ezin nuela galdu pentsatu nuen. Ondorioz, bi urterako plana egin nuen, datorren uztailean eginen den txapelketa hori prestatzeko.

Emaitzei so eginez gero, argi dago bide onean zarela. 2018an, laugarrenez, munduko txapeldun. Espero zenuen?

Ezustekoa izan da 2018koa. Ez nuen espero. Argi dago Munduko Txapelketa batean aritzen zarenean beti ahalegintzen zarela zure onena ematen; baina 2018koa irabaztea ez zen nire helburua, nik 2019koan nuelako burua. 2019rako prestatzeko parte hartu nuen, eta ezusteko ederra izan zen irabaztea eta marka ontzea.

2017an kirola uzteko asmoa bazter utzi zenuen. 2019ko txapelketa egin eta gero, zer?

2017an kirola uzteko aukera hagitz hurbil izan nuen. Azkenean, federazioak txapelketaren aitzakiarekin iritzia aldarazi zidan; ez zen zaila izan, iritzia aldatzeko prest izan nintzen ni ere. Orain, nire muga 2019. urtea da. Uste nuen Munduko Txapelketakoak izanen zirela nire azken lasterketak; orain Nafarroako federazioak erran dit Europako txapelketa antolatuko dutela, aurten ere, Iruñean. Abuztuan izanen da. Uste dut nire ibilbidea luzatu nahi dutela! Baina ez dut deus erabaki oraindik. Oraingoz, Bartzelona dut buruan. Gero gerokoak.

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Poliki-poliki egin dut beti aurrera. Oraingo emaitzak lortzeko bidea ez da erraza izan, eta lan handia egin behar izan dut. Ez naiz izan hasieratik nabarmendu diren haur horietako bat. Alderantziz, hainbat kirol saiatu, eta patinajea hautatu nuen niretzat zaila zelako, kosta egiten zitzaidalako.

Zure buruaren aurka egin behar duzu lehia ere?

Niretzat erronka bat izan zen. Patinatzea erabaki nuen nire burua probatzeko aukera ematen zidalako. Zaila zen, eta erronka handi bat niretzat. Eta horrek erakarri ninduen, batez ere. Entrenamenduetan anitz gozatzen nuen, baina egoera bertzelakoa zen txapelketetan. Gaizki pasatzen nuen bertzeekin lehiatzen.

Ez zenuen gustuko?

Txapelketetara joan behar izaten nuenean, ez nuen gozatzen. Bertze lehiakideak ikusten nituenean, beldurtzen nintzen. Gogoko nuen neure buruarekin lehian aritzea, baina ez bertzeekin.

Nola gainditu zenuen beldur hori?

Urtebetez egon nintzen txapelketetan aritu gabe. Baina patinatzea maite nuen, eta gurasoei erran nien, azkenean, berriz ere saiatu nahi nuela. Lehia entrenamendu gisa ikusten hasi nintzen, eta horrek lagundu zidan; on egin zidan pentsatzeak txapelketak izaten ahal zirela nire buruaren aurkako lehiak ere. Bertzeak ahaztu, eta egunetik egunera hobera egiten saiatu nintzen.

Kirolean buruak duen garrantzia erakusten du zure kasuak?

Hagitz garrantzitsua da. Nire burua erdigunean jarri nuenean hasi nintzen lehiaz gozatzen, txapelketetan lortzen nuen postuari erreparatu gabe.

20 urterekin irabazi zenuen Europako Txapelketa lehen aldiz, eta Munduko Txapelketan laugarren gelditu zinen, munduko marka ondu eta gero. Orduko zure oroitzapenak ez dira hagitz onak, halere. Zergatik?

Konturatu nintzelako ez nintzela gai egoera hori guztia onartzeko; nire burua ez zegoen irabazteko prestatua, eta egoera horri aurre egitea zaila egin zitzaidan. Nire urte hartako helburua Europako Txapelketa zen, eta Munduko Txapelketara inolako asmorik gabe joan nintzen. Nire gorputza irabazteko gai zen, baina nire burua ez zegoen prest. Orduan hasi nintzen kirol psikologoekin lan egiten, eta on egin didate.

Kirolaz gozatzea da zure helburu nagusia?

Bai, zalantzarik gabe. 29 urte ditut, eta ilusioari eta mailari eutsi diot gozatzen jarraitzen dudalako patinak jantzi orduko. Nire buruarekin lehiatzen naiz, eta gainerako guztiak bazter uzten ditut. Irabazten hasi nintzenean, urte batean lehenengo eta hurrengoan bigarren edo hirugarren edo laugarren gelditzen nintzen. Ohartu nintzen lehiakideei egiten niela so lehen postura ailegatu baino lehen, baina irabaztea lortu nuenean, ez nuen nori so egin. Orduan ikasi nuen nire buruarekin egin behar nuela lehia, eta bertzeak ahaztu. Bost urtez anitz sufritu nuen. Gakoa nire bidea egitea zela ohartu nintzen arte.

Zure bidea egin duzula zalantzarik ez da, entrenatzailerik gabe lortu baituzu lortutakoa. Zergatik egin duzu hautu hori?

Hasieran talde batean aritzen nintzen, banuen entrenatzaile bat. Baina entrenatzaile horrek une batean pentsatu zuen nik ezin nuela hobera egin, eta une horretan nire bidea egitea erabaki nuen. Nik argi nuelako hobera egiten jarraitzen ahal nuela. Hainbat urtez nire kabuz egin nuen lan. Orain, Nafarroako Kirol Arloko Ikasketen, Ikerketen eta Medikuntzaren Zentroko profesionalen laguntza eta babesa badut. Talde bat gara.

Bartzelona da helburu bakarra?

Hori da helburu nagusia. Eta gero gerokoak. Ez dut bertze deus pentsatu nahi, oraingoz.