Iritzia: Hamar egun

Lohizune Amatria

Zein egunera arte esan dezakegu “urte berri on”? Azken egunotan irratian behin baino gehiagotan entzun eta galdetu dugu hori. Non dago muga? Egun zehatzik al da?

Urtearen lehen hamabostaldia igaro da, baina urteko lehenengo zutabea da honakoa. Zilegi al da “urte berri on” esanez abiatzea? Hobeki esanda, zintzoa al da?

Urtarrilak 2, asteazkena. Urteko lehenenengo laneguna. Eguerdian iritsi zen albistea. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak Espainiako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek egindako indarkeriazko ekintzak ikertzeko eman asmo zuen diru laguntza. Polizia indarkeriaren Nafarroako legea indargabetzea gutxi izan ez balitz, bizikidetzan beste atzerapauso bat.

Urtarrilak 3, osteguna. Iritsi da urteko bigarren atzerapausoa. Aske utzi dituzte sanferminetako erasotzaileak epaia irmoa izan arte. Epaileek baztertu egin dute ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua. Altsasuko gazteen kasuan, ordea, alderantzizkoa. 794 egun daramate kartzelan. Badirudi aurten halako prebentzio politika izanen dugula.

Urtarrilak 4, ostirala. Elkartasun eguna, Azkoienen. Hamargarren eguna dute greban Huertas de Peraltako langileek. Enpresak ez du hitz egin. Poliziak, bai. Baina borrekin. Onetik badu, baina, egun honek. Tinko eutsi diotelako langileek borrokari.

Urtarrilak 5, larunbata. Errege egunaren bezpera, lasaitasuna iritsi da. Errege magoak hartzeko parentesia egin du hiriak. “Gau magikoa da gaurkoa”. Andoainen gertatutakoaren berri izan dut, sutan dira sare sozialak. Atzo ez bezala. Halako gaiek arduratuko gaituzte aurten.

Urtarrilak 6, igandea. Errege eguna. Oso magikoa ez omen da izan gaua. Orain Baik iritziz aldatu, eta ostiralean Ahal Dugu-rekin lortutako akordioa apurtu du eta. Mahai eta eledunen batzar interesgarria zetorkigula argi zegoen. Aldaketaren parlamentuko oinetako bat erortzear.

Urtarrilak 7, astelehena. Zubia gurean. Azken egunotakoak salatzeko eguna izan da. Huertas de Peraltako langileek hirira ekarri dute aldarrikapena. Sanferminetako erasotzaileen askatasunaren aurka ere irten dira kalera. Bala batek leiho baten kristala puskatu du, Amurrion.

Urtarrilak 8, asteartea. Goiz esnatu da gaur eguna. 04:30ean, zehazki; Foruzaingoa Maravillas gaztetxera heldu denean. Ikuskaritza teknikoak aurten ordu horretan hasiko omen dira. Poliziaren oldarraldiak ere itzuliko dira. Setiatu dute Alde Zaharra.

Urtarrilak 9, asteazkena. Egun batekin aski ez, eta bigarrenez ere oldartu zaizkie gazteei poliziak.

Urtarrilak 10, osteguna. Iritsi da hormigoia gaztetxe atarira. Eta, hirugarrenez, oldarraldia Nabarreria plazan. Ez da eguneko bakarra izan, baina. Aldaketaren aurka oldartu da Aranzadi Iruñeko Udalean. Aurten aurrekonturik ez. Unzuko hostela eginen da, eta atzera bota beharko dituzte aurreikusita zeuden inbertsioetako asko. Aldaketa indargabetzen ari da Iruñeko Udalean ere.

Urtarrilaren 11, ostir… Ez al da nahikoa? Nik hemen ezarriko dut muga. Urte berri on?