Iritzia: Zapore berbera dugu

Jon Barberena Ibarra

Ondokoaren usteek eta parekoaren iritziek egiten gaituzte nor. Moda-modako arropen gainetik armadura ikusezina janzten dugu egunero kalera atera aitzinetik. Barne-barnean bakerik sentitzen ez dugulako prestatzen gara existitzen ez den gerrarako. Hartara, ikusezina bezain astuna den armadurak babestuko gaitu mesfidantzaz jositako begiradetatik eta barne erraiak auskultatu nahi dizkiguten kuxkuxeroengandik.

Arriskurik gabeko gertakarien beldur gara. Urteetan kontu handiz azaleratutako irudiak, milimetrikoki neurtutako solasek eta agerian utzitako bertuteek gure estatusa definitzen dute. “Gezurrezko bizitzak ditugu, eta, ondorioz, erraten dugun guztia makillatzen dugu”, adierazi berri du Joseba Irazokik, Berako musikari handiak, bere azken lana aurkezterakoan.

Guztiz ados nago Josebak errandako hitz horiekin. Asegaitzak gara, eta, hola, bertzeen miresmena segundoero jaso nahi izaten dugu eta noiznahi laudorioak aditu. Hartara, mimo handiz eraikitako gezurrak sinetsiko ditugu istant batez, eta zoriontasunaren jabe garela pentsatuko dugu.

Zoriontsuak izatera behartu gaitu XXI. mendeko gizarteak, eta iduritzen zait zama handiegia dela artez makillatzen ditugun begizulo ilunegiendako. Definitzeko zaila den eskizofrenia batean bizi gara. Errealitate gordinegia desagerrarazi nahi dugu; lurpean ezkutatu. Baina sator bihurrien gisara, errealitateak noiznahi ateratzen du muturra kanpoalderantz, eta ageri-agerian geldituko zaizkigu lur mukuruak, horiek tapatzen saiatu arren. Ez gara geure buruaren jabe. Aspaldi da geure buruaz bertze egin genuela, eta itxurakeriaren hatz bihurriek harietatik zintzilik garabiltzate. Nortasunik gabeko txotxongilo itxurosoak gara. Hezur-haragizko sagar transgenikoak. Akatsik gabekoak, baina zozo xamarrak behin ahoratu eta gero.

Beraz, gizarteak perfektuak izatera kondenatu gaitu zoriontasunean bizi nahi badugu behinik behin. Hau da, ahultasunak lekurik ez duen gorputz sendoak beharko ditugu, zalantzarik gabeko pertsonak izan eta diruaren uholdean igeri gabiltzala sinetsarazi beharko diegu lagunei, nahiz eta miserian aspaldi itoak egon. Mosaiko eder bezain perfektuaren forma hartu beharko du gure bizitzak, eta, horretarako, egunero-egunero hitzez eta ekintzez osatutako pieza ttipi eta delikatuak eraiki beharko ditugu.

Erakusleiho esferiko bilakatu zaigu mundua. Kanpoko begien miresmenak eta bekaizkeriak elikatuko dute nortasun gabeko manikion egoa. Bidesari garestiegiz josia dago zoriontasunerantz garamatzan bidea. Estreinatu berri dugun urte honetan ere, lehengo lepotik daukagula burua iduritzen zait. Urte zaharreko esaldi potoloek eta urte berriko aurreikuspen eskuraezinek indarra galdu ahala, gure aurtengo gabeziak iazkoak bezain handiak direla sentituko dugu, eta ongi definitutako irribarre batekin estaltzen saiatuko gara.

Agian, noizbait, mazeletako eta ezpainetako giharrek ezinen diote eutsi buruz ikasitako keinu perfektuari.