“Finean, musika da denok lotzeko balio duen hizkuntza”

“Finean, musika da denok lotzeko balio duen hizkuntza”

Edurne Elizondo

Atseden hartzeko denborarik ez du Txema Lakunzak (Iruñea, 1965). Nafarroako Ganbera Operako kudeatzailea da, baina ez hori bakarrik: agertokia prestatzen aritu eta gero erantzun ditu ondoko galderak. Oholtza gainera igo da, egun berean, El flautista de Hamelin lanarekin.

Hamabosgarren urteurrena ospatu zenuten iaz. Zer asmo duzue 2019. urterako?

Proiektuz betetako urtea izanen da 2019a. Gure bidearen hasieran, urtean ikuskizun bakarra egiten genuen; orain, berriz, hainbat gauzatzen ditugu epe berean. Egin dugun jauzia ikaragarria izan da.

Hasieratik zaude zu taldean?

Bai. 2003tik. Kudeatzaile lanetan, halere, geroago hasi nintzen, 2009 inguruan.

Ez duzu, halere, kudeatzaile lan soila egiten, ezta?

Arlo guztietan murgiltzen naiz, egia erran. Kamioia kargatu, agertokia prestatu, kantatu, bildu… denetarik egiten dut. Eta denok gaude egoera berean.

Benetako auzolana da zuena, nolabait?

Halakoa dela erran daiteke, bai, eta hori dela, hain zuzen ere, hamabost urteko bidea egin izateko sekretua. Taldean, finean, familia bat gara. Denon artean banatzen ditugu lanak eta ardurak, eta gure arteko batasuna handia da. Horrek, noski, errazten du lana. Talde egonkor bat lortu dugu, eta gure arteko orekak mesede handia egiten digu.

Nola sortu zen proiektua?

2003an sortu zen Nafarroako Ganbera Opera, baina taldearen hazia lehenagokoa da; lehenago erein genuen. El flautista de Hamelin lana prestatu genuen hainbat lagunen artean, 2000. urtean. Orduan taldea ez zen existitzen, baina esperientziak zenbaitengan eragin handia izan zuen, eta ekarri zuen martxan jartzea, eta taldea osatzea. Eman nahi izan genion segida egindako lan horri, eta proiektu berritan sartu. Eta urratsez urrats ailegatu gara gaur egungo egoerara.

Hezkuntzaren arloak pisu nabarmena du zuen jardueran, eta opera eskola jarri duzue martxan. Zergatik egin duzue apustu hori?

Guretzat, ezinbertzeko garrantzia du hezkuntzaren arloak. Gurearen gisako proiektu bat jartzen duzunean martxan, argi duzu asmoa dela luze irautea; epe luzerako proiektu bat jarri nahi duzu martxan. Eta hori lortzeko ezinbertzekoa da gure lekukoa hartuko duen jendea egotea gure atzetik; hau da, haurrak eta gazteak hezi behar ditugu gurearen gisako proiektu batekin bat egin dezaten. Berritzeko, formakuntza ezinbertzekoa da. Formakuntza artistikoa eta teknikoa sustatu nahi ditugu.

Nahi zenuten emaitza ari zarete lortzen?

Bai, haur eta gazteekin egiten ari garen lanarekin hagitz kontent gaude, talentu handiko jendea badelako taldean. Aukerak baliatu dituzte, eta etekin handia atera diete. Ikasteko prest dira.

Hezkuntza sisteman falta da musika sakonago jorratzea?

Gabezia handiak daude. Anitzez ere gehiago jorratu eta bultzatu beharko genuke. Egun, musikari buruzko hezkuntza hutsaren hurrengoa da sisteman, eta hori aldatzeko ordua da. Nik argi dut hezkuntzan derrigorrezko eta funtsezko ikasgaia izan beharko lukeela musikak. Konpainiako kideok hori hagitz argi dugu. Finean, musika da denok lotzeko balio duen hizkuntza; denok elkar uler dezakegu musikaren bidez. Alde bateko eta bertzeko pertsonak elkartzen badituzu hamar kortxearen inguruan, elkar ulertuko dute, zalantzarik gabe. Mintzaira unibertsala da.

Ganbera opera taldea da zuena. Are zailagoa da gisa horretako musikak bere tokia aurkitzea?

Nafarroako Ganbera Opera dugu izena, eta hiru ezaugarri horiek mugatzen dute gure jarduera. Baina kontua da, egun, hirurak gainditu ditugula. Opera ez diren ikuskizunak prestatzen ditugu; ganberakoak baino ikuskizun handiagoak ere egiten ditugu; eta ez dugu bakarrik Nafarroan lan egiten. Hamaika hiritan izan gara.

Ez duzue izena aldatzeko aukera aztertu?

Ezagun egin gaituen marka da. Hamabost urteko bidea egin dugu jada, eta, hasiera hartan, berez, horixe ginen. Egungo egoerak erakutsi du bide luzea egin dugula eta pauso anitz eman ditugula. Bidean adin guztietako entzuleen oniritzia jaso dugu.

Hori ere bada zuen ezaugarri, denentzako ikuskizunak prestatzea, alegia.

Guk beti hartu dugu helburu haurrek eta haur ez direnek disfrutatzeko ikuskizunak prestatzea. Anitzetan, seme-alabak laguntzera joaten dira gurasoak antzokira; lortu behar dugu haurrentzako prestatutako lanarekin gozatzea haiek ere. Eta lortzen ari garela uste dut. Haurrentzako lanak egiten hasi ginen, baina orain denentzako ikuskizunak prestatzen ditugu. Hori da gure indarguneetako bat. Bertze bat da, zalantzarik gabe, hamaika elkarterekin egin dugula lan, eta horrek ere lagundu duela gure publikoa zabaltzen. Musika estilo ezberdinak ere uztartu ditugu, opera eta rocka, adibidez. Alfredo Piedrafitarekin eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritu gara, adibidez, ikuskizun berean.

Ez duzue mugarik?

Libre sentitu nahi dugu nahi duguna egiteko.

Ez dituzue etiketak maite?

Etiketa nagusi bat dugu: gure lanak eragiten digun pasioaren etiketa. Hori da garrantzitsuena. Profesionalak ere bagara, eta hori nabarmendu behar dugu.

2020rako Caritasekin ari zarete lan bat prestatzen. Arlo sozialak ere badu garrantzia zuentzat?

Bai. Gure gizartean ikusezin diren pertsonak ikusgarri bilakatu nahi ditugu, kulturaren bidez. Proiektu interesgarria da. Oraindik bide luzea dugu egiteko. 2020ko maiatzean estreinatuko dugu, segur aski, Iruñeko katedralean. Kulturak inklusiboa izan behar duela argi dugu.

Irudia: Eduardo Buxens